Iraizketa eta Digestioa Heste Meharrean: Prozesu Nagusiak

Biologia2,55 KB

Iraizketan parte hartzen duten prozesuak

Odolak iraitz-sistemarekin kontaktuan jartzean, sistemak substantzia erabilgarriak bereizi eta hondakinak hartuko ditu kanpora botatzeko. Iraizketan hiru prozesu nagusi daude:

  • Iragazketa: Glomerulutik Bowmanen kapsulara, zelula-geruza bakarreko gainazalean zehar, odoleko substantzia gehienak iragazten dira; mintza zeharkatu gabe pisu molekular handiko proteinak eta zelulak geratuko dira soilik. Iragazi ondoko likidoari lehen gernua esaten zaio, eta plasmaren antzeko konposizioa du.
  • Birxurgapena: Lehen gernuan dauden substantzietatik, organismoak baliagarri zaizkionak aukeratzen ditu; prozesu hau hodian zehar gertatzen da. Uraren birxurgapena, adibidez, Henleren lakioan ematen da.
  • Jariaketa: Hodi iraizleetako zelulak arduratzen dira jariaketa egiteaz. Barne-likidoetatik hondakin-molekulak gernura pasatzean datza; hau da, birxurgapenaren kontrako prozesua da.

Hiru prozesu horien ondorioz gernua sortzen da, gorputzak kanporatu beharreko substantzia guztiak dituen likidoa.

Digestioa heste meharrean

Digestioa heste meharrean bukatzen da. Orduko sortu diren molekula elikagarri guztiak xurgatu eta zirkulazio-aparatura pasatuko dira, handik gorputzeko zelula guztietara zabaltzeko.

Duodenoa eta xurgapena

Digestio-prozesua hestearen lehenengo zatian gertatzen da: duodenoan. Gainerakoak, elikagaiak xurgatzeko balio du. Heste-paretaren egiturak digestio- eta xurgapen-funtzioetarako oso moldaera bereziak azaltzen ditu:

  • Janariarekiko ukipen-azalera handitzen duten tolesdura ugari.
  • Tolesdura horietan biloxka pila.
  • Biloxken paretan luzamendu meheak (mikrobiloxkak).

Hestearen paretan dauden guruinek heste-urina jariatzen dute duodenora; urdailetik datorren azidotasuna neutralizatzen duen urin alkalino eta entzimaduna da. Gibelak ez du entzimarik jariatzen, baina behazuna bai; behazunak gantzak emultzionatzeko balio du.

Nutrienteen deskonposizioa

Iritsi diren gluzidoak erabat digerituko dira hestean, monosakaridoak emateko. Gantzak ere hemen deskonposatuko dira behazunaren eraginez, eta gantz-tanta txikiak sortzen dira; honen ondorioz, entzimek hobeto egiten dute lan, glizerina eta gantz-azido batzuk emanez. Peptidoak ere guztiz digerituko dira monomeroetara (aminoazidoetara) iritsi arte.

Deskargatu

PDF Word HTML