Immanuel Kant: Zer da Ilustrazioa? Definizioa eta Gakoak
Ilustrazioaren definizioa: Adingabetasunetik irtetea
Ilustrazioa gizakia bere erruzko adingabetasunetik ateratzea da. Arrazoia erabiltzen ez duenak tutore bat behar du bere ordez pentsatzeko. Erregea, apaiza edota tradizioa dira gure ordez pentsatzen dutenak.
Ilustrazioa gauzatzeko oztopo nagusiak
Alferkeria eta koldarkeria dira gizakiaren zati handi bat adingabe izatearen arrazoi nagusiak; bi faktore hauek dira Ilustrazioa hedatzeko oztopo nagusiak. Gizaki alper eta koldar horien ordez, tutoreek ematen dute iritzia. Adingabetasunean bizitzea erraza da, zeure buruaz jardun beharrik ez duzulako.
Ilustrazioa gertatzen ari den momentuan, tutoreek mehatxatu egiten zaituzte arriskua erakutsiz, pauso hori ematera ausart ez zaitezen. Kantek, ordea, ausartzeko esaten du (Sapere aude).
Zer behar da Ilustrazioa emateko?
Gakoa askatasuna da. Askatasuna emanda, jendea bere kabuz pentsatzen hasiko da. Esan beharra dago aldaketa ez dela bat-batekoa izango; prozesu mantsoa da, barne-aldaketa bat eskatzen duelako: pentsamenduaren berrikuntza eta aurreiritziak baztertzea.
Ilustrazioa eta Iraultzaren arteko ezberdintasuna
Iraultzarekin botere zapaltzaile bat bota daiteke, baina tutore berriak sortu daitezke pentsaera berdinarekin jarraituz gero; hau da, iraultzak ez du mentalitatea aldatzen. Ilustrazioa, aldiz, poliki-poliki doa; ez du aldaketa bortitzik eragiten, ez da iraultza bat, baina jendearen mentalitatea aldatuz doa. Ez du boterea aldatzeko helburua soilik, pentsamendua aldatzeko helburua ere badu.
Arrazoiaren bi erabilerak: Publikoa eta Pribatua
Kantek askatasunari buruz ulertzen duena hurrengo hau da: arrazoiak bi erabilera ditu, publikoa eta pribatua.
- Erabilera publikoa: Askatasun osoa du, mugagabea da eta Ilustrazioa bultzatuko du. Guk gure kabuz pentsatu ahal izateko, hau lortu behar dugu. Adituak gara, eta denok dugu edozer kritikatzeko gaitasuna eta askatasuna; horregatik, nork bere ideiak, pentsaerak edo iritziak partekatzen ditu.
- Erabilera pribatua: Zenbaitetan askatasun hori mugatu egin behar da. Ez da idealena, baina, hala ere, ez du Ilustrazioa oztopatzen. Kasu honetan, gizakia funtzionario gisa aurkitzen da; hau da, obeditu egin behar du mugak daudelako, nahiz eta beste pentsaera bat izan.
Kantek dio legea beti bete behar dela, nahiz eta gero kritikatzeko eskubidea izan. Legea ezin da hautsi eta ez du salbuespenik; bestela, gizartea kaos batean bilakatuko litzateke.