Ilustrazioa: Arrazoia, Zientzia eta Gizarte Aldaketak (XVIII. mendea)

Filosofia eta etika2,54 KB

Ilustrazioa: Ezaugarri Orokorrak eta Ondorioak

Ilustrazioa XVIII. mendean zehar hedatu zen garai historiko eta kultura-mugimendua da, batez ere Frantzian eta Ingalaterran. Mugimendu honen helburua arrazoiaren argiak direla medio gizadiaren ilunpeak argitzea da. Hori dela eta, XVIII. mendeari Argien Mendea esaten zaio.

Pentsalari ilustratuek giza arrazoia ezjakintasunaren, superstizioaren eta tiraniaren kontra borrokatzeko tresnarik egokiena zela aldarrikatzen zuten. Ilustrazioak eragin handia izan zuen ekonomia, politika eta gizarte arloetan.

Ezaugarri Orokorrak

  • Konfiantza osoa arrazoiarengan

    Ilustratuen ustez, arrazoia da gizakiok dugun gaitasunik handiena, aurrera egiteko ezinbestekoa. Arrazoiari esker, bai gizabanakoak, bai gizarteak, egingo dute aurrera. Arrazoian dute oinarri askatasuna eta justizia bezalako baloreek.

  • Zientziaren aurrerapena

    XVIII. mendeko balorerik nagusienetako bat da. Isaac Newton zientziarako erreferentzia handi bihurtzen da. Berak argitaratutako Principia Mathematica (1687) zientzia-eredu bihurtzen da beste diziplina guztietarako. XVIII. mendetik aurrera, zientzia ezagutzarik fidagarriena izango da, eta bere hedapena gero eta handiagoa izango da, gaur egun zibilizazioaren identitate-ezaugarririk nagusienetako bat izan arte.

  • Aldaketa politiko eta sozialak

    Arlo hauetan aldaketa sakonak sortzen dira. Ilustrazioaren garaian, askatasun giroa zegoenez, demokrazia modernoak bultzada ederra hartzen du, erregimen absolutistak demokraziarako bidean jarriz.

  • Oinarri filosofikoak: Askatasuna

    Locke eta Kant filosofoak Ilustrazioa askatasun garaia dela diotenetako bi dira. Argien mendean zehar demokraziarako oinarri teorikoak jartzen dira, nahiz eta mende batzuk beranduagora arte guztiz garatzen ez den.

  • Ezagutza eta kulturaren defentsa

    Kultura eta hezkuntza Ilustrazio garaiko balorerik oinarrizkoenetakoak dira. Izan ere, askatasun moral eta intelektuala aldarrikatzen dute. Biek ateratzen baikaituzte morrontza-egoeratik eta benetan askeak izateko aukera ematen digute. Pentsaera kritikoa, Ilustrazioak defendatzen duen jarrera, ezagutzaren bidez baino ezin da praktikan jarri. Ezaugarri hauek mendebaldeko nortasun, kultura eta adimen ezaugarri bihurtu ziren XVIII. mendean zehar.

Deskargatu

PDF Word HTML