Idaztearen Indarra: Emozioak Kudeatu eta Mundua Sortu

Filosofia eta etika2,46 KB

Barneko Indarra eta Emozioen Kudeaketa

Askok sentituko zuten edo sentitzen dute barneko indarra nonbaitetik atera beharra. Sentipenek gainezka egiten digutenean, oso lagungarria da baliabideren bat edukitzea. Sentipen horiei itxura, kolorea, doinua, forma eman eta partekatzeko. Baina nagia eta etsipena ere senti litezke horren aurrean. Zertan lagun diezagukete, edo zertan lagun dezakegu guk?

Zertarako Idatzi? Helburua eta Kontzientzia

Idatzi edo ez idatzi. Zergatik? Nire ustez, zergatik baino, zertarako idazten dugun pentsatu beharko genuke. Idaztearen helburuak askotarikoak izan daitezke:

  • Zoriontsuago bizitzeko, eta gure zoriona besteekin elkarbanatzeko.
  • Kontzientzia hedatzeko.
  • Injustizien aurka, gure pentsatzeko era besteei ikustarazteko.
  • Mundua aldatzeko eta apur bat gehiago edertzeko.

Idaztea, Gure Izaeraren Testigantza

Gizaki bezala, beti izan dugu hiltzeko beldur ulertezina. Hil ondoren, gutaz gogoratuko diren edo oroimenetatik ezabatuko gaituzten beldurra. Idaztean, gure izaeraren parte edo zati bat uzten dugu paperaren gainean. Gu izan ginenaren testigantza uzten ari bagina bezala. Mundu honetatik guztiz ez joateko asmoan. Idazteak arima zabaltzen digu. Orain naizena sortzeko eta besteei emateko ere.

Sortu eta Eman: Idaztearen Funtsezko Ekintza

Hauetaz aparte, mila erantzun ezberdin eman ditzaket, eta guztiak lirateke egiak. Benetan. Dena dela, azken erantzunean sakondu nahiko nuke: "naizena sortu eta emateko". Izan ere, idazterakoan, zeure burua eta mundua bera asmatzen dituzu. Asmatu, sortu eta eman. Idaztea ematea baita. Lore batek polena ematen duen bezala, erleei adibidez. Lore hori, bere polenaren bidez, erle horiengan doa munduan zehar. Eta, ematearekin batera, mundua hartzen du.

Mundua Sortzeko Inperatiboa

Eta hori da nik idaztearekin eta elkarbanatzearekin ikasi dudan gauza garrantzitsuenetako bat: eman hartu nahi duzun mundua. Sortu zuk nahi dituzun erlazioak. Hartu ezazu miresten duzun jarrera eta bizi-ikuspegia. Asmatu ezazu amesten duzun errealitatea.

Denok aldatu nahi dugu hobera geure bizitza eta inguratzen gaituen errealitatea. Eta horretarako, jarrera sortzaile eta orainkor bat izatea oso lagungarria da. Idaztea bide ezin hobea izan liteke helmuga horretara heltzeko. Aukera guztiak dituzu hor, begiradaren puntuan. Sortu eta eman.

Deskargatu

PDF Word HTML