Humeren Emotibismo Morala: Arrazionalismoaren Kritika eta Sentimenduaren Garrantzia
Humeren Emotibismo Morala
2. GAIA: HUMEREN EMOTIBISMOA. Humek giza natura ikertzerakoan printzipio enpiristak aplikatu zituen. Horregatik, giza ezagutzaren muga esperientzia zela zioen, inpresiorik gabeko ideietan oinarritzen den ezagutza ez dela benetako zientzia. Humek giza naturaren gaineko zientzia garatu nahi zuen, eta hori etikan aplikatzen saiatu zen. Humeren etika inpresioetan oinarritzen da, eta aurreko autoreen tradizio arrazionalistarekin erabat ezberdina zen ikuskera planteatu zuen.
Arrazionalismo Etikoaren Kritika
Humek arrazionalismoa kritikatu zuen. Arrazoia moraltasunaren oinarria balitz, balorazio moralek (lapurtzea gaizki dagoela, adibidez…) arrazoiaren objektu, ideien arteko erlazio edo egitatezko arazoa litzateke, eta hori hala ez zela frogatu nahi zuen. Hark zioen balorazio moralak ez zirela ideien arteko erlazioa. Izan ere, analisiak ez digu ekintzaren ontasuna edo txartasuna erakusten. Baita zioen balorazio moralak ez zirela egitatezko arazo ere, inpresioek ez digutela ongia edo gaizkia erakusten. Emozioa da bizitza etikoaren gidaria, ez arrazoia. Gure balorazio moralen azpian emozio bat dago, ez hausnarketa arrazional bat. Ondorioz, geure ekintzak ere emozioek gidatuta erabakiko genituzke. Hortaz, ongia ezagutzeak ez du esan nahi ongia egitea (intelektualismo etikoa). Arrazoiak ez gaitu arauak betetzera behartzen, hori emozioek erabakitzen dute. Hume irrazionalista zela ezin dugu esan, geure jokabidean arrazoiaren eragina bazegoela ohartu baitzen. Arrazoia, hortaz, jokabidearen laguntzailea da, ez du gure jarduera determinatzen.
Emotibismo Morala
Moralaren oinarriak sentimenduak, pasioak etab. dira, hau da, borondatea mugatzen dutenak, eta arrazoia haien menpe dago. Bi kontzeptu dira teoria gehienetan zentralak, moraltasunaren objektuak: gizakia (bizioa) eta ongia (bertutea). Moraltasunaren objektuak barnean ditugu, ongia eta gaizkia ekintzen aurrean egiten ditugun balorazioak dira. Hortaz, sentimendua atsegina bada, ekintza bertutetsua da. Aldiz, sentimendua desatsegina bada, ekintza biziotsua izango da. Hortaz, Humeren teoriari “Emotibismoa” esaten zaio, haren ustez emozioak direlako moralaren gidari.