Historiaurrea: Paleolitoa eta Neolitoa, Giza Bilakaera
Paleolitoa: Harri Zaharraren Aroa
Historiaurreko lehen aldi handia da **Paleolitoa**, harri zaharra esan nahi duena. Hotz handiko garaiak (glaziazioak) eta aldi beroagoak izan ziren. Garai honetako gizakiak fruituak biltzen, arrantzatzen eta ehizatzen aritu behar izaten zuten; **harrapariak** zirela esaten dugu. Ugaztun handiak ehizatzen zituzten, hala nola bisonteak, mamutak, elur-oreinak, eta abar.
Hotzetik, berotik edo euritik babesteko, haitzuloetan eta babeslekuetan bizi ziren, baita makilaz, larruz eta buztinez egindako txaboletan ere. Ez zuten bizileku finkorik, **nomadak** baitziren; lekuz askotan aldatzen ziren, janari edo aterpe bila, edo arriskuetatik ihesi.
Sua eta Tresnen Garapena Paleolitoan
Homo erectus-ak sua ezustean aurkitu zuen. Geroago, neandertalek **sua pizten** ikasi zuten. Sua oso garrantzitsua izan zen: berotzeko, piztiak beldurtzeko, argia emateko eta, batez ere, janariak prestatzeko.
Hasieran, **harri landu** soilak (errekarriak edo uharriak) erabiltzen zituzten. Geroago, **silexa** erabili zuten; harri gogor bat da, jotzean xaflatan apurtzen dena, eta oso ertz zorrotza izaten duena. Harekin aurpegi bikoak egiten zituzten. Denborarekin, tresna konplexuagoak sortu zituzten, hala nola karrakagailuak, lantza-muturrak, zulagailuak, eta abar. Material berriak ere erabiltzen hasi ziren: **hezurra edo adarkia**. Horrekin amuak, arpoiak, orratzak, arkuak edo bultzagailuak, eta geziak urrutira jaurtitzeko tresnak egiten zituzten.
Erlijio Sinesmenak eta Ehorzketak
Bizitza, heriotza, landareen haztea, euria edo eguzkia... Badirudi fenomeno horiek azaltzeko sortu zirela lehen erlijio-sinesmenak. Gizakiek natur fenomenoetan eragina izan nahi zuten, eta, horrenbestez, **zeremonia erritualez** baliatu ziren. Orain dela 80.000 urte, neandertalek hildakoak ehortzen hasi ziren. Ehorzketetan, hildakoaren ondoan objektu batzuk jartzen ziren (silexezko tresnak, apaingarriak, etab.).
Paleolitoko Artea eta Adierazpenak
Haitzuloetan eta hormetan, Homo sapiens sapiens-ak hainbat motibo margotzen eta zizelkatzen hasi ziren: eskuen soslaia, sinbolo arraroak, animaliak (bisonteak, zaldiak, oreinak, mamutak, errinozeroak...), eta eguneroko bizitzako eszenak ere. **Arte higigarriko** pieza ugari utzi digute. Hainbat itxuratako bultzagailuak egin zituzten, bai eta hezurrezko edo marfilezko zintzilikarioak ere. Irudi txiki batzuk ere utzi zituzten, Willendorfeko **Venus** (Austria) izenekoak, esaterako. Harriz eta hezurrez eginda daude, eta ugalkortasunarekin **erlazionatu** ohi dituzte.
Neolitoa: Nekazaritzaren Iraultza
Orain dela 10.000 urte inguru, Tigris eta Eufrates ibaiek ureztatzen zuten **Ekialde Hurbileko** inguru batean, **Ilgora Emankorra** izenekoan, nekazaritza hasi zen. Horri **Neolitoa** deritzo, harri berria esan nahi du. Neolitoko gizon-emakumeek lur azpian jarritako hazietatik landareak sortzen zirela konturatu ziren. Laboreak eta lekak landatzen hasi ziren. Hau izan zen **Nekazaritzaren** hasiera.
Neolitoko Tresnak eta Berrikuntzak
Nekazaritzaren ondorioz, beharrezkoa izan zen tresnak egitea. Adibidez: igitaia galburuak mozteko, eta errota aleak ehotzeko. Teknika berri bat asmatu zuten: **harri leundua**. Horri esker, aitzurra zulatzeko, eta aizkora zuhaitzak mozteko egin ziren. **Zeramikaren garapena** bultzatu zuen. Era berean, ehungintza garatu zen; horretarako **ardatz** bat erabiltzen zuten.
Sedentarismoa eta Neolitoko Herrixkak
**Ilgora Emankorretik** edo **Mesopotamiatik** abiatu eta **Europara** zabaldu ziren Neolitoko teknika, lanabes eta bizimodu berriak. Gizon-emakumeak sedentario bihurtu ziren. Herrixkak lurraren goraguneetan kokatzen ziren, ura zegoen tokietatik hurbil, eta harresiak izan ohi zituzten babesteko. Horietako askotan, alea gordetzeko siloak aurkitu dira. Zeramikak eta ehungintzak eskulangileak agertzea ekarri zuten. Buruaskiak ziren, herrixken artean trukeak egiten zirelako.