Gerra Hotza, Deskolonizazioa eta Mundu Berria

Historia15,92 KB

Gerra Hotza: Blokeen Arteko Lehia

Kontzeptua eta Ezaugarriak

BMG ondoren bi bloke nagusi geratu ziren, AEB eta SESB. Bi blokeetako herrialdeen arteko gatazkak geroz eta handiagoak izaten hasi ziren, baina ez ziren Hirugarren Mundu Gerra bat sortzera heldu, elkarren beldur baitziren, oso ondo zekitelako elkar suntsitzea azkarra izango zela. Hala ere, elkarren artean nagusitasuna lortzeko borrokak egon ziren, eta nahiz eta istiluak zuzenak ez izan, hainbat gatazketan parte hartu zuten, beren ereduak (komunismoa/kapitalismoa) zabaltzen saiatzeko.

Gatazka multzo horiei Gerra Hotza deitu zitzaien, zuzena ez izan arren, espantsionismo nahiak gerra txiki asko sortu zituelako. 1947tik 1989ra iraun zuen, azken urte horretan komunismoak porrot egin baitzuen, Estatu Batuek “gerra” irabaziz. Borroka militarraz gain, kultura, kirol eta bestelako gerrak ere izan ziren. Azkenik, oposizioa izan zen gehien sufritu zuena, zapaldua eta erreprimitua izan baitzen.

Lehen Fasea: Tentsio Handia (1947-1956)

Truman Doktrina eta Marshall Plana

Truman Doktrina: 1947an, Estatu Batuek laguntza militarra eskaini zieten bloke komunistan sartu nahi ez zuten herrialdeei. Presidentearen helburua komunismoak porrot egitea izan zen, bertakoak egoera pobreaz baliatuz iraultzak egin zitzaketelako. Horregatik, Marshall Plana ere aurrera eraman zuen, erregimen demokratikoa eta sistema ekonomiko liberala bermatzeko. Honen aurrean, SESBek Kominform eta COMECON egiturak sortu zituen, ekonomia komunistak lagundu eta kontrolatzeko.

NATO eta Varsoviako Ituna

1949an, Mendebaldeko blokeak Gerra Hotzean pausu bat eman zuen, NATO erakunde militarra sortuz, blokeko kideak defendatzeko ardura eta helburua zuena. Herrialde komunistek horri erantzunez, 1955ean Varsoviako Ituna sinatu zuten, Ekialdeko blokeko mugak defendatzeko helburua zuena. Beraz, gerra amaitu eta urte gutxira, armak borrokarako prest zeuden berriro ere.

Bigarren Fasea: Distentsioa (1956-1973)

Bigarren fase bat hasi zen, eta SESBek eta AEBek elkar gehiago ulertzen zuten; lehia izaten jarraitzen zuten, baina kontziente ziren elkar suntsitzeko ahalmena bera zela. Stalinen heriotzak SESBen asko eragin zuen, Khrustxev lehendakari bihurtu baitzen eta honek armak baztertu zituen. SESBek metodo baketsuagoak eta demokratikoagoak erabili zituen, eta Estatu Batuetan ere, Kennedy eta Eisenhower bi blokeen harremana hurbiltzen saiatu ziren.

Distentsio honetan, Txina SESBetik liberatu zen bere bidea eginez, eta Europar Batasuna sortzen hasi zen, Estatu Batuen menpekotasunetik askatzeko asmoz. Honez gain, hirugarren bloke bat sortu zen BMG ondoren independizatutako herrialdeek osatuta, gaur egun Hirugarren Mundua deitzen duguna.

Hitzarmen Politika

Gerra Hotzaren hirugarren fase honetan distentsio giroa handitu zen, Kubako Krisian gerra nuklearra pizteko arriskua egon zenez, bi blokeek bat egin baitzuten egoera hori eragozteko. Egoera honi Alemaniaren egoera gehitu zitzaion, Mendebaldea Ekialdera hurbiltzen saiatu zelako, azkenik adiskidetasuna lortuz elkarrekiko onarpenaren eta errespetuaren bidez. Hala ere, bi blokeen politika espantsionistaren ondorioz, gerrak jarraitu zuten: Vietnam, Palestina/Israel, Txekoslovakia...

Gerraren Amaiera (1973-1989)

1973an hasi zen gerraren amaiera (Distentsioaren amaiera). Nahiz eta gune batzuetan tentsioa eta krisia egon, besteetan lankidetza, ulermena eta Giza Eskubideen defentsa sustatu zen.

Gertakari Erabakigarriak

  • Europar Batasuna sendotu eta handitu zen, sei kide izatetik bederatzi izatera pasatuz.
  • Asiako herrialdeetako ekonomiak indartu ziren, batez ere Japonia eta Hego Korea.
  • Mugimendu musulman erradikalak agertu ziren. Hasieran AEBek gerrak bultzatu zituzten bertakoek SESBi kalte egin ziezaioten, baina gero askatu egin zituzten, beren martxan istiluak sortuz.

Eskualdeko Garapenak eta Gatazkak

Koreako Gerra (1950-1953)

BMG amaitu ondoren, Korea zatitua geratu zen: Iparraldea SESBen menpe eta Hegoaldea Estatu Batuen menpe. Hasieran gobernu bakarra osatzeko saiakera egin bazen ere, gero, gobernu bakoitzak independentzia aldarrikatu zuen: Koreako Herri Errepublika Demokratikoa (SESB) eta Koreako Errepublika (Hego Korea). 1950. urtean, Ipar Koreak SESB eta Txinaren laguntzarekin Hego Korea inbaditu zuen, Koreako Gerra hasiz, 1953ra arte. Gerra honetan, Estatu Batuak beldur ziren Ipar Koreak irabazi eta Japonera zabalduko ote zuen konkista, horregatik zuzenean parte hartu zuen.

Japoniaren Garapena

BMG amaitu zenean, AEBetako tropek Japonia okupatu zuten, SESBen eskuetatik kanpo geratzeko, bere potentzia industrialak bi blokeak erakartzen baitzituen. AEBek berreraikuntza ekonomikorako eta aldaketa ideologikoetarako plan bat egin zuten, desmilitarizazioa, demokratizazioa eta deszentralizazioa ezarriz. Horrela, konstituzio berri bat osatu zuten, Enperadorea sinbolikoa izanik eta herriak boterea eskuratuz. Komunismora zabaltzea eragozteko neurriak hartu zituzten, adibidez egonkortasun politikoaren bidez, nahiz eta bi bloke politiko nagusi txandakatzen ziren arren: zentro-eskuma eta zentro-ezkerra. Eskumak zuen botere gehien, eta hainbesteko kapitalismo basatia sortu zuen, ezen hazkunde ekonomiko handia gertatu baitzen.

Txinaren Garapena

Maoren diktaduran, Txina osoan komunismoa ezarri zen, gizarte berri bat eta garapen ekonomikoa lortzeko asmoz. SESBen blokean sartu zen, baina hauen agintea ez zuen onartu. Gainera, muga arazoak zirela medio, harremana hautsi eta Txinak beste herrialde komunistekin erlazionatu zen, eta gero mendebaldera hurbildu zen, AEB eta Europarekin akordioak sinatuz. Komunismoaren barruan gatazka politikoak zeuden eta iraultzak sortu ziren, baina fase hori Maoren heriotzarekin amaitu zen. Hurrengoak, Deng Xiaopingek, herrialdearen modernizazioa proposatu zuen, nekazaritza, industria eta zientzian aurrera eginez. AEB eta Japoniarekin zuten harremana hurbildu zuten, baina 1989an ikasleek Pekingo Udaberria izeneko mugimendua sortu zuten, eta armadak oso gogor zapaldu zuen. Geroztik, ekonomia kapitalismora eta politika demokraziara hurbildu zen.

Deskolonizazioa

Nazioarteko Faktoreak

Bi Mundu Gerren Ondorioak

Bi gerrek metropolien eta kolonien arteko dependentziazko harremanetan eragina izan zuten. Bi gerren ondoren, Europak ez baitzuen ez gaitasunik ez baliabiderik koloniak mantentzeko, krisi ekonomikoan sartuta baitzegoen, honela koloniak mantendu ezinik.

Gerra Hotzak Ezarritako Ordena Berria

Bi potentzia handiek hartu zuten irizpide berriek ez zuten onartzen Europak bere inperio kolonialekin jarraitzea. Estatu Batuek batez ere merkatu libreko guneak kontrolatu nahi zituztelako, eta SESBek herrialde horietan komunismoa ezarri nahi zuen.

Mendebaldeko Gizartearen Jarrera Berria

Europako herrialdeak krisian zeudenez eta blokeen borroka hura ikusita, Europako gizartea aldatu zen, deskolonizazioaren aldeko jarrerak nagusituz. Ildo honetatik jarraituz, nazioarteko hainbat erakundek kolonialismoaren aurkako jarrera erakutsi zuten, NBE adibidez.

Deskolonizazioa Asian

Ezaugarri Orokorrak

Alde batetik, metropolien nagusitasunaren aurka azaltzeko, kolonizazioaren aurretik zuten errealitate politikoan eta kulturalean oinarritu ziren; potentzia kolonizatzaileak milaka urteko tradizio kulturala eta egitura propioak zituzten herrietan ezarri ziren. Horregatik, beraien helburua Europaren nagusitasunarekin amaitzea zen, indarkeriaren bidez, nahiz modu baketsuan.

Bestetik, mugimendu independentistekin lotuta prozesuaren izaera iraultzailea nabarmendu behar da, subiranotasun politikoa ez ezik, eredu ekonomiko eta sozial berria ezarri nahi baitzuten, askotan izaera komunista zuena.

Eremu Geografikoak

1945etik aurrera, herrialde bakoitzak independentzia lortzeko bideari ekin zion, egoera geopolitikoan eta hiru eremu geografiko bereizi ziren:

  • Asiako Ekialdea: Txina, Mongolia eta Korea ziren herrialde nagusiak, komunistak gainera.
  • Asiako Hegoaldea: Eremu honetan, India, Birmania, Zeilan eta Maldivak kokatzen ziren, guztiak britainiarren eskuetan. Orokorrean modu baketsuan lortuko dute independentzia, baina Indiaren kasua berezia izan zen.
  • Asiako Hegoekialdea: Indotxinak, Indonesiak eta Malasiak ez zuten horrenbesteko zorterik izan. Indotxina Frantziaren esku zegoen, eta hauek gogor eutsi zioten koloniari, nahiz eta azkenean independentzia lortu eta komunismoa ezarri. Indonesia ere Herbehereen (Holandaren) aurka aritu zen, eta Malasiak ez zuen arazorik izan.

Indiaren Independentzia Prozesua

XVIII. mendearen amaieratik zegoen India britainiarren menpe. Baina bi gerren arteko garaian hasi zen inperio britainiarra desegiten, eta bereziki Bigarrenaren ondoren Asiako eta Afrikako lurrak galtzen hasi zen, eta herrialdeek independentzia eskatzeko egoera probestu zuten.

Aurrekariak

Indiako Kongresu Nazionala Alderdia eta Liga Musulmana India britainiarra bi estatu independentetan banatzea eskatzen zuten: bata indiarra (India) eta bestea musulmana (Pakistan). Bi alderdiek, 1916an itun bat sinatu zuten elkarrekin borroka egiteko, autonomia gehiago eskatuz Britainia Handiari. BMG bukatzean, Kongresuko agintariek jendea kalera borrokatzera bultzatu zuten, manifestazio eta greba ugari antolatuz, eskubideak eskatzeko. Britainiarrek gogor erantzun zuten, indarrez, eta azkenean negoziazio bat egingo dute, baina ez ziren ados jarri.

Independentzia eta Zatiketa

BMG lehertu zenean, Japoniaren beldur ziren britainiarrak, horregatik, Indiari hitz eman zioten laguntza militarraren truke, autonomia gehiago eskuratzeko aukera izango zutela. Kongresuko Alderdiak, aldiz, ez zuen proposamena onartu. Gerra amaitzean, azkenean Indiari independentzia eman zioten, herria guztiz aurka baitzuten eta Indiaren zatiketa garbi erakutsi zen, bi estatu sortuz: India eta Pakistan. Biak Commonwealth-en barruan zeuden, baina elkarren artean interes kontrajarriak zituzten eta etsai bihurtu ziren, azken hamarkadetan tentsio gune larriak izanik.

Mendebaldeko Blokea eta Latinoamerika

Mendebaldeko Blokearen Funtzionamendua

Egonkortasun Politikoa eta Ongizate Estatua

Mundu kapitalistako eredu politikoak demokrazia parlamentarioan oinarritu ziren, askeak, anitzak eta eskaintza politiko zabala zutenak. Zentro-eskuineko blokea eta zentro-ezkerreko blokea txandakatzen ziren, eta alderdi komunistak ez zuen gobernatzea lortu, nahiz eta onartuak zeuden. Bakea iraunkorra zen Europan gerraostean, eta 1973ko krisia arte aurrerapen eta hazkunde ekonomiko handia ezagutu zen, gizartean eta politikan Ongizate Estatuaren sorrera adibidez.

Estatu Batuen Lidergoa

XX. mende hasiera arte Estatu Batuek ez zuten munduan Estatu garrantzitsuaren maila lortu, ez baitzuten nazioarteko arazoetan parte hartzen. Baina Lehen Mundu Gerraren amaieran hori aldatu zen, eta are gehiago Bigarrenean. SESBekiko konpetentzia hasi zen, eta hau garaitzeko Mendebaldeko blokea sortu zuen, Marshall Planaren edo NATOren bidez. Horrela, AEBek mendebaldeko politika zuzendu zuten eta blokeko estatuak bere esanetara ipini zituzten.

Gerra Osteko Politikaren Bilakaera

  • Lehenengo aldia (1945-1956): Herrialdeen berreraikuntzaz eta garapen ekonomikoaz arduratzen ziren eskuineko politikak izan ziren nagusi (Gerra Hotzaren eta Truman Doktrinaren garaia).
  • Bigarren aldia (1956-1968): Aldaketa politikoak gertatu ziren, ezkerra nagusituz Ongizate Estatuarekin batera, eskubideen aldeko borrokak (emakumeak, beltzak, etab.) indartuz.
  • Hirugarren aldia (1968-1989): Hainbat istilu eta krisi ekonomiko gertatu ziren, Estatu Batuen irudia bera ere kaltetua atera zelarik.

Latinoamerikako Ezaugarri Orokorrak

Egiturazko Ezaugarriak

Latinoamerikak natur aberastasun handia du, baita hazkunde demografiko handia ere. Hirugarren ezaugarria, kanpoko ezarpen baten ondorio zen: Estatu Batuek lurralde horietan ezarri nahi zuten kontrol politiko eta ekonomikoa. Honek, natur baliabideen ustiaketa desegokia ekarri zuen. Latinoamerikako herrialdeek ez baitzuten azpigarapenari aurre egiteko baliabiderik izango. Gainera, goseari ihes eginez, nekazaritza inguruko jendea hirietan pilatu zen, gizartean desorekak sortuz.

Estatu Batuen Menpekotasuna

BMG amaitzean, estatu latinoamerikarrek Estatu Batuen menpekotasuna ahuldu nahi zuten, nazionalismoa babestuz eta beste batzuetan, iraultza komunistak aurrera eramanez. Hala ere, Latinoamerikako gobernu gehienak komunismoaren aurka zeuden, AEBetik hurbilago sentituz. AEBek inguru horren garapen ekonomikoa bultzatu beharrean, Europan egin zuen bezala, militarki bere sistema ezartzea erabaki zuen, dena bere interesetara egokituz.

Dependentzia Ekonomikoa

Ekonomia latinoamerikarra batez ere meatzaritzako eta nekazaritzako lehengaien ustiaketan oinarritu zen, AEBetako enpresek ustiatzen zituztenak. Herrialde gehienak produktu baten edo gutxiren ustiaketan oinarritzen ziren, honela merkatuetan lehengaien prezioak jaistean, latinoamerikarrak krisian sartzen ziren. Beraz, Latinoamerikako herrialdeak ez ziren beren natur baliabideen jabe eta, gainera, eraldaketarako industriarik gabe aurkitzen ziren.

Gizarte Kontrasteak

Latinoamerikako gizartean kontrasteak ziren nagusi, ezaugarri nagusiak aniztasun etnikoa eta hazkunde demografikoa izanik, munduko jaiotza tasa altuenetakoa zutelarik. Hirietara lanera jende asko joan bazen ere, lehen sektorean lan egiten zutenak asko ziren, nekazariak batez ere. Jabetzan desberdintasunak zeuden, hortaz, desberdintasun handia zegoen gizartean, aberastasuna eta kontrol politikoa gutxi batzuen esku baitzegoen, eta jabetzarik gabeko jendea asko zen. Hirietan ere desoreka ekonomiko eta soziala zegoen, gobernuek ez baitzuten ongizatearen aldeko politikarik egiten.

Latinoamerikako Sistema Politikoak

Populismoak (1940-1950)

1940ko eta 1950eko hamarkadetan ohikoak izan ziren Latinoamerikan, ideia hauek biltzen zituztenak:

  • Nazionalismoa: Soilik erretorikan geratu zen, baina hala aldarrikatu zen.
  • Herriari dei egitea: Neurriak gizartearen ongizaterako egitea.
  • Buruzagi bakarra: Pertsona bakarrak adierazten zituen herriaren nahiak.
  • Ideologiak: Liberalismoa, sozialismoa, nazionalismoa eta faxismoa nahasi.
  • Ekonomia: Estatuaren interbentzionismoa bultzatu zen, bereziki industria sektorean.

Populismo garrantzitsuenak Brasilen, Argentinan (Juan Domingo Peron), Perun eta Txilen eman ziren.

Diktadura Militarrak

Kubako Iraultzaren esperientziaren ondoren, Latinoamerikako agintariek AEBen babesa bilatu nahi izan zuten, komunismoaren garaipen gehiago saihesteko. Hortaz, diktadura militarrak ugaritu ziren 60ko eta 70eko hamarkadetan, komunismoaren aurkako borroka bezala justifikatuz. Ondorioz, estatu kolpeak gertatu ziren Brasil, Peru, Uruguai, Txile, Argentina eta Nikaraguan, gehienak AEBek sustatu eta lagunduak, bere partaidetza ekonomikoa sustatu nahi baitzuen.

Demokraziak

70eko hamarkadaren amaieran, Venezuela, Kolonbia eta Costa Rica ziren erregimen demokratikoak, eta hauek diktaduren aurkako mugimendu eta jarrerak erakutsi zituzten, diktadurak kentzeko eta gobernu berriak ezartzeko asmoz. Orduan, Latinoamerikako terrorismoak indarra hartu zuen, bai diktaduren aurkako mugimenduen artean baita hauek defendatzeko ere. 80ko hamarkadatik aurrera, ekonomiak okerrera egin eta diktadurak krisian sartu ziren, demokraziei ateak irekiz. Gainera, AEBek demokraziak babestu zituen, hauetan, diktaduran ez zegoen egonkortasun ekonomiko eta soziala lortuko baitzen. Hala ere, honek arazo sozial eta politikoak ekarri zituen, gaur egun konpondu gabe dirautenak.

Deskargatu

PDF Word HTML