Fronte Popularra eta 1936ko Estatu Kolpearen Atarikoa
Atal honek Espainiako II. Errepublikaren hirugarren aldia hartzen du, 1936an hasi zena eta, Gerra Zibilaren giroan jada, Espainiaren zati batean 1939ra arte luzatu zena.
Fronte Popularraren Garaipena
Gobernuak biurteko kontserbadorean ezkerren aurka egindako zapalketa gogorraren ondorioz, ezkertiarrek (errepublikanoek, sozialistek eta komunistek) Fronte Popularra osatu zuten 1936ko otsailaren 16ko hauteskundeetan elkarrekin aurkezteko. Fronte Popularrak ozta-ozta irabazi zituen hauteskundeak.
Gobernu Berria eta Lehen Neurriak
Maiatzean, Azaña Errepublikako presidente hautatu zuten, eta Casares Quiroga, gobernuburu. Gobernu berriak hauteskunde-koalizioan hitzartutako programa abiarazi zuen:
- Preso politikoei amnistia ematea.
- Enpresaburuak kaleratutako langileak berronartzera behartzea.
- Kataluniako Autonomia Estatutua berrezartzea.
Halaber, 1933an geldiarazitako neurri erreformistak ere berriro abiarazi zituzten.
Erreakzioak eta Tentsio Sozialaren Areagotzea
Ezkerreko alderdi eta sindikatuek herri-mobilizazioari ekin zioten; horrela, grebak egiten hasi ziren, eta landan jornalariek lurrak okupatu zituzten.
Eskuindarrak, ordea, egoera berriaren aurka agertu ziren:
- Lurjabe askok ez zituzten gobernuaren neurriak onartu.
- Enpresaburu batzuek lantegiak itxi eta kapitala atzerrira eraman zuten.
- Elizak Errepublikaren aurkako kanpainak sustatu zituen.
Indarkeria Politikoa eta Falangearen Gorakada
Egoera horretan, Falange Española nabarmendu zen, enfrentamendu zibila eraginez. Horrela, Primo de Riveraren hitzetan, “ukabilen eta pistolen dialektika” erabilita, talde falangistek patruila armatuak osatu eta buruzagi ezkertiarren aurkako ekintza bortitzak egiten hasi ziren. Ezkerreko militante erradikalenek modu berean erantzun zuten.
Estatu Kolpearen Prestaketa
Indarkeria-giro hark mesede egin zien Errepublikaren aurkako estatu-kolpe militarra antolatu nahi zutenei. 1936ko otsaileko hauteskunde-gauean bertan, Franco jenerala gerra-egoera ezartzen saiatu zen.
Kolpearen inguruko zurrumurruak geldiarazteko, gobernuak neurriak hartu zituen: Franco Kanarietara bidali zuen eta Mola jenerala Nafarroara; hala ere, ez zen haiek kargugabetzera ausartu.
Eskuineko indar politikoak kolpe militarraren aldekoak ziren. Ordena eta autoritatea berrezartzeaz, Espainiaren batasunaren eta erlijio katolikoaren defentsaz, eta demokraziaren eta komunismoaren aurkako etsaitasunaz gain, ez zuten beste helburu argirik; baina, hala ere, konspirazioaren adarrak hedatuz joan ziren.
Altxamenduaren Hasiera
Uztailaren 17an altxamendua Marokon hasi zen.