Frankismoaren aurkako oposizioa Euskal Herrian (1939-1960)

Historia3,44 KB

Frankismoaren aurkako oposizioa

Gerra Zibila bukatu ondoren, Euskal Herrian erbesteko zein barneko oposizioa diktadura frankistaren sendotzea oztopatzen eta erregimen demokratikoa berriro ezartzen saiatu zen. Autonomia berrezartzea ere oposizioaren errebindikazio nagusia izan zen.

1939-1950 bitarteko aldia

1. Eusko Jaurlaritza erbestean

Eusko Jaurlaritzak oposizioaren alderdi gehienak bildu zituen. Iraupen horretan, Jose Antonio Agirreren nortasuna erabakigarria izan zen, erbesteko errepublikar politika espainiarraren osotasunean ere eragina izanik. Lanik aipagarriena errefuxiatuei laguntza ematea izan zen gerraren bitartean, eta horrek euskal herritarrak biltzeko eta nazioartean zuen ospea zabaltzeko balio izan zuen.

Hala ere, 1939tik aurrera, erbesteratuen kopuruak behera egin zuen, besteak beste, EAJk erantzukizun politikorik ez zutenen aberriratzea sustatu zuelako.

2. Ezkerreko indarrak

Sozialisten eta komunisten oposizioak aukera gutxi izan zuen erbestealdian:

  • PSOE: Oso zatituta zegoen Euskal Herrian eta Espainian. Sozialisten gatazkarik handiena 1943an Mexikon gertatu zen:
    • Indalecio Prietoren aldekoek Eusko Jaurlaritzarekin zituzten harremanak apurtu zituzten.
    • Santiago Aznar kontseilariak Euskadiko Sozialista Zentrala sortu zuen, Agirre lehendakariarekin lan egitearen aldekoa.
  • PCE: Gerra aurretik ere indar gutxi zuen Euskal Herrian.

3. Baionako Ituna

1945eko Bigarren Munduko Gerra bukatzear zela, Euskal Herriko ia alderdi eta sindikatu guztiek Baionako Ituna sinatu zuten: itun horretan Errepublikaren, Estatutuaren eta Eusko Jaurlaritzaren alde azaltzen ziren.

Batasuna berreskuratuta eta nazioarteko egoera aldekoa izanda, 1945etik aurrera ekintza garrantzitsuak burutu zituzten:

  • 1947ko erreferendum frankistan abstentzioaren aldeko kanpaina.
  • 1947ko eta 1951ko greba orokorrak. Bizkaian eta Gipuzkoan ekintza klandestinoak oinarrizkoak izan ziren. Araban eta Nafarroan, 1951ko grebaren arrazoi nagusia bizitzaren garestitzea izan zen.

Erregimenak errepresio gogorrarekin erantzun zuen, grebalarien zein enpresarien aurka.

1950eko hamarkada: oposizioaren krisialdia

Hamarkada horretan nazioarteko egoera aldatu egin zen. Militante antifrankistak nekeak jota zeuden, eta zenbait erbesteratu Espainiara itzuli ziren. Nazioarteko politika ere erabakigarria izan zen: Francok Estatu Batuekin eta Vatikanorekin hitzarmenak sinatu zituen, eta Espainia NBEn eta UNESCOn sartzeak nazioarteko isolamenduaren amaiera ekarri zuen.

Testuinguru horretan:

  • EAJ eta Eusko Jaurlaritza euskal erakundeak bizirik mantentzen saiatu ziren.
  • Indalecio Prietok ezkerreko errepublikar sozialisten eta Francoren aurkako monarkiko demokratikoen arteko hurbilketa saiatu zen, baina horrek alderdiak gehiago zatitzea ekarri zuen. Telesforo Monzonek dimisioa aurkeztu zuen EAJren politikarekin bat ez zetorrelako.

1953 eta 1957 artean EAJ berregituratu egin zen, eta mugimendu europarrean eta nazioarteko demokrata kristauaren eraketan parte hartu zuen.

1956an Parisen egin zen Munduko Lehen Euskal Kongresua. Arrakasta handia izan zuen, baina kongresuan bertan zailtasun berriak antzematen hasi ziren: ETA sortu zen, Jose Antonio Agirre hil egin zen 1960an, eta euskal frankismoaren aurkako aldi berria hasi zen.

Deskargatu

PDF Word HTML