Frankismoa: Izaera, Egitura eta Bilakaera

Historia8,69 KB

Frankismoaren sorrera eta izaera totalitarioa

1936ko uztaileko Estatu Kolpearen ondoren sortutako Gerra Zibila Francoren garaipenarekin amaitu zen. Honek erregimen totalitario bat ezarri zuen Espainian, Italiako erregimen faxista eta Alemaniakoaren antzerakoa. Errepublikaren sistema desegin zuen, lege nagusiak deuseztatuz, bereziki 1931ko Konstituzioa eta Autonomia Estatutuak.

Francok ideologia eta sistema berri oso bat eraiki behar izan zuen (nazionalkatolizismoa delakoa, “Una, Grande, Libre”). Francisco Franco berak erabateko garrantzia eta presentzia zuen (“Caudillo” edo “Generalísimo” ere deitua izan zen). Pertsonak zuen pisu eta eraginagatik Erregimen honi ere frankismoa deitu izan zaio.

Oinarri ideologikoak eta egitura juridikoa

Frankismoak bere alderdi hegemonikoa (FET y de las JONS) osatzen zuten bi korronte ideologikoetatik edan egiten zuen (Bateratze Dekretuan –Decreto de Unificación– sortua gerra bitartean). Karlista eta katolikoek ordezkatzen zuten eskuma tradizionaletik kontserbadurismoa eta klerikalismoa hartzen zituen bitartean, Europako erregimen faxistetatik eraginda zegoen Falangetik sinboloak (agur faxista…), erretorika eta zenbait oinarri ideologiko hartzen zituen (“España como unidad de destino en lo Universal” esamoldea, adibidez).

Errepublikako legedia ordezkatzeko hainbat arau berri ezartzen joan zen sistema juridiko berria eraikiz (frankisten esanetan “demokrazia organikoa”, Estatua gorpuzten omen zuten talde edo egitura ezberdinetan oinarritzen baitzen, eta ez gizabanakoen eskubideen unibertsaltasunean). Aldi berean “botere batasuna” delako ideia garatu zuen: Gorteak, Erreinuaren Kontseilua, Movimientoaren Kontseilu Nazionala eta Caudillo eta bere Gobernua koordinatuak egongo ziren eta Movimientoa gidatzen zuen FET y de las JONS alderdiak gidatua.

Frankismoak gizartearen “organu”-en araberako ordezkaritzaz (Sindikatua, udalerria, familia,…) osatuak zeuden Gorteekin eta Erreinuaren Kontseilua zein Mugimenduaren Kontseilu Nazionalan oinarrituta, estatu eredu originala eratzen saiatu zen. Baina sistemaren izaera totalitarioa ezin izan zuen inoiz ezkutatu. Estatu faxista bat eratu zen azken finean, non Movimientoa ideologia bakarreko zenbait erakundek osatzen zuten. Besteak beste:

  • Alderdi politikoa (FET y de las JONS)
  • Sindikatu bertikala (OSE)
  • SEU (Sindicato de Universitarios Españoles)
  • Sección Femenina delakoa
  • Frente de Juventudes (OJE)

Kontrol politikoa eta errepresioa

Hasiera hasieratik frankismoak erabateko kontrol politikoa lortzen saiatu zen gizarte espainiarrean. Autonomien aurka eginez, zentralismo gogorrean oinarritutako gobernua eratu zen. Eskuma tradizionala osatzen zuen oligarkiaren laguntzaz, herri masen babes soziala eta erlijio estamentuekin estuki lan egiten zuen erregimena sortu zuen. Bere kuttuna zen Armadaren oinarri sendoaz baliatu zen ere, militarrei ardura postu garrantzitsuak emanez.

Armada eta gorputz polizialen errepresio bortitza erabiliz oposizioaren saio guztiak zapaltzen zituzten (Erantzukizun Politikoen Legea). Adierazpen askatasunarekiko zentsura neurriak ere garrantzitsuak izan ziren. Erregimenak zenbait instituzio historiko mantendu zituen arren (Gorteak –organo ezberdinetatik aukeratutako prokuradoreek osatuak–, Diputazioak, Udalak...) erabat desnaturalizatuak agertzen ziren (nahiz eta hauteskunde moduko ekitaldiak egin “organo”en artean (sindikatua, familiak, alderdia…) eta erreferendum modukoak antolatu). Errepublikako aginte egiturak, arlo juridikokoak, egitura sozial eta kulturalak deuseztatu zituen eta frankismoari fidela zen jendearekin ordezkatu zituen postu gehienak.

Frankismoaren Oinarrizko Legeak

Sistema juridiko berria eraikitzeko, Frankismoak hainbat lege garrantzitsu onartu zituen:

  1. 1938: Fuero del Trabajo. Gerra erdian argitaratua, lan mundua arautu eta sistema kapitalista interbentzionistaren bermea egiten zuena.
  2. 1942: Gorteei buruzko legea.
  3. 1945: Fuero de los Españoles. Sistemaren oinarrizko printzipioak eta espainiarren eskubide eta betebeharrak zehazten zituena. Lege hau totalitarismoek Bigarren Gerra Mundialaren ondoren izan zuten porrota neutralizatzeko edo, erregimenari zabaltasun itxura bat eman nahi zion.
  4. 1945: Erreferendumaren Legea. Erreferendumen bidez lege nagusienei herritarren babesaren bermea eman nahi zitzaien.
  5. 1947: Ondorengotza Legea. Francok egonkortasuna eman nahi izan zion Estatu Kolpetik sortutako erregimenari, eta monarkia ereduaren aldeko hautua egiten zuen.
  6. 1958: Movimientoaren Oinarrizko Printzipioak. “Aldaezinak eta iraunkorrak” izan behar zirenak aldarrikatu zituen.
  7. 1967: Estatuaren Lege Organikoa. Honen bidez Espainiaren “konstituzio” moduko lege multzoa zen “Oinarrizko Legeak” osatzen amaitu zen.

Egitura juridiko honen bidez frankismoak suposatzen zuen diktadura mendebaldearen aurrean itxuratu egiten zen.

Lehen aldia: Isolamendua eta autarkia (1939-1950)

Frankismoaren lehenengo aldia garai gogorra izan zen erregimenarentzat. Gerraren ondorio katastrofikoei gehitu behar zaio Nazioartea Bigarren Mundu Gerrako gatazkan sartu zela. Espainiak ezin izan zuen zuzenean parte hartu “Ardatza” totalitaristaren alde, baina bere laguntza eskaini zion Hitlerri boluntarioz osaturiko División Azul delakoa Sobietar Batasunaren kontra borrokatzera bidaliz (50.000 lagunez osatuta).

Potentzia aliatuen garaipenak Francoren Espainiaren isolatze politikoa eta ekonomikoa ekarri zuen. Gerra bukatzean nazioarteko blokeo ekonomikoa ezarri zitzaion Francori, baina erregimenak neurri zorrotzekin erantzun zuen (gosete eta errazionamendu kartillak erabiltzea ekarri zutena...) eta politika ekonomiko autarkikoaren sendotzearekin. Estatua are interbentzionistagoa bihurtu zen (1939an aprobatutako nazio-intereseko enpresak izendatzeko legea eta Industrien ordenazio eta defentsaren legea bezalakoak aurrera ateraz) eta liberalismoarekiko mesfidantzaz aritzen zen. INI bezalako erakunde enpresaria sortu zen, eta ondoren babes ofizialeko etxeak bultzatzen zituen INV. Garai honek porrot ekonomiko handia suposatu zuen. Produkzioa gelditu zen eta ez zen aterabiderik ikusten. Bitartean egunerokotasunaren larriak estraperloaren negozioa gizentzen zuen.

Oposizioa eta erbestea

Bigarren Mundu Gerra bitartean oposizioko zenbait talde gogor aritu zen Europan faxismoaren kontra borrokatzen eta Espainia barruan “maqui”-ak osatu zituzten. Maquis hauek errepublikako armadaren hondarrek osatzen zituzten eta komunista eta anarkistek parte hartzen zuten batez ere. Gerrilla hauek esperantzaz bete ziren Mundu Gerraren amaierarekin, baina, azkenean, ez zuten behar bezalako nazioarteko bultzadarik izan, eta Francoren errepresioa eta aparailu militarrak garaitu egin zituen erabat 50eko hamarkadaren hasiera inguruan. Urteetako liskarrek 2.500 bat hildako eragin zituzten.

Gobernu errepublikarrak, erbestean, indarrean jarraitzen zuen baina bere funtzioak bete ezinean (batez ere Francoren erregimena 1953an ezagutua izan zenetik aurrera). Nazioartean, NBEn sartzea ukatu zitzaion Espainiari. Blokeo komertziala ere ezarri zitzaion eta talde politiko errepublikarrek hainbat iniziatiba abiatu zuten Franco boteretik kentzeko ahaleginetan. Hauetako batean Prieto sozialistak Juan de Borbón erregegaiarekin elkarrizketetan ere aritu izan zen. Baina denak alferrikakoak izan ziren.

Nazioarteko onarpena eta irekiera (1950etik)

Urte gutxi barru Francok potentzia demokratikoen ezagutza jaso zuen eta, honekin, frankismoaren etorkizun ekonomiko eta politikoa ziurtatu zen. 1950etik aurrera Espainiako erregimen totalitarioa munduari zabaldu zitzaion. Estatu Batuek emaniko laguntza politiko eta ekonomikoak erabateko garrantzia izan zuen. Gerra Hotza zen nazioarteko koiuntura eta horixe zen iparamerikarrek lehenetsi zutena.

AEB-ekin bi aldeko akordioa sinatu eta amerikarrek Espainian base militarrak ezartzearekin batera etorri zen 1953an bertan Vatikanoarekin Konkordatuaren sinatzea eta 1958an Nazio Batuen Elkartean sartzea. Azken akordio honen bidez bi Estatuek elkarri onartzen zioten euren berezko eskuduntzak. Gobernu errepublikarren iniziatibak (Gobernu zentrala zein autonomikoak) gainbeheran hasi ziren eta bultzada politikoa galdu zuten.

Deskargatu

PDF Word HTML