Finantza-azterketa eta oreka: helburuak eta lege nagusiak
Finantza-azterketa: Helburuak
Finantza-azterketaren helburu nagusiak honako hauek dira:
- Inbertsioen eta finantzaketaren arteko oreka aztertzea.
- Finantzaketa-iturrien egitura aztertzea.
Horretarako erabiltzen den tresna nagusia balantzea da, eta bertatik ateratzen da informazio guztia. Informazio honekin, maniobra-funtsa eta finantza-ratioak kalkula daitezke enpresaren finantza-egoera sakon aztertzeko.
Finantza-oreka
Enpresaren helburu nagusienetako bat etekinak lortzea da, eta horretarako egitura finantzario egokia izan behar du. Baina enpresa batek egitura finantzario desegokia izan dezake hainbat arrazoirengatik:
- Kapital gutxi izatea.
- Autofinantzaketa baxua izatea.
- Zor handiak izatea.
Egoera hauek enpresaren eta harremana duten inguruko erakundeen artean tentsioa sor dezakete. Enpresa errentagarria izan arren, finantza-desorekak bere etorkizuna kolokan jar dezake, banku, hornitzaile eta gainontzeko hartzekodunengan zalantzak sortuz.
Finantza-oreka enpresa bere berehalako eta etorkizuneko ordainketei, epemuga iristen denean, erantzuteko gai denean ematen da. Finantza-oreka duten enpresek errazago izango dute:
- Bankuek finantzaketa eskaintzea.
- Hornitzaileek lehengaiak baldintza egokitan saltzea.
- Inguruko beste erakundeek beraiengan zalantzarik ez izatea.
Finantza-orekaren lege nagusiak
1. Segurtasuna
Baliabide finantzarioak ez izateak ez du enpresaren jarduera kaltetu behar. Ondorioz, enpresak lortutako finantzaketak inbertsioak ahalbidetuko ditu, eta pasiboan hitz emandako ordainketek ez dute enpresaren jarduera ito beharko. Finantzaketaren zenbatekoak eta honen epeak finantzatzen ari den inbertsioarena baino handiagoak izan behar dute. Beraz, epe luzeko aktiboa epe luzeko pasiboarekin finantzatuko da.
2. Errentagarritasuna
Oreka finantzarioak enpresaren errentagarritasun-helburuekin bat etorri behar du. Segurtasuna betetzen den bitartean, finantzaketa ahal itz txikiena eta merkeena izaten saiatuko da. Edozein aktibok bere finantzaketak duen kostua baino errentagarritasun handiagoa sortu behar du. Enpresaren egitura finantzarioak pasiboaren batez besteko kostua minimizatu behar du.
3. Malgutasuna
Aurreko bi legeak betetzeko, finantzaketak malgua izan behar du. Finantzaketak enpresak une bakoitzean dituen beharrei erantzun behar die eta behar horietara egokitu behar du. Horretarako, aurreikuspen egokiak egin eta etorkizuneko beharrak aztertu beharko dira. Finantzaketa enpresak une bakoitzean duen beharretara egokitu behar da, bai handitzeko eta baita txikitzeko ere. Enpresa bateko aktiboan zenbat eta aldaketa handiagoak izan, bere finantzaketak gero eta malguagoa izan beharko du.