Filosofia Kristaua Erdi Aroan: Agustin eta Akinoko Tomas

Filosofia eta etika6,38 KB

Filosofiaren eragina Agustin Hiponakoarengan

Agustin Hiponakoaren (354-430) pentsamendua filosofia platonikoa eta kristau doktrinaren arteko uztarketa gisa definitzen da askotan. Izan ere, Agustinek Platonenganako miresmen handia agertu zuen beti, eta bi pentsalari hauen artean ezberdintasun nabariak aurki badaitezke ere –hasteko, bata paganoa zen, eta bestea kristaua–, Agustinen kristau filosofiaren oinarri platonikoak ukaezinak dira. Hala ere, esan beharra dago Agustinek Platonen filosofia Plotino bezalako egile neoplatonikoen bidez ezagutu zuela nagusiki. Edonola ere, azter dezagun, bada, Platonen eragina Agustinen pentsamendu kristauan.

Estilo literarioa eta ontologia dualista

Hasteko, Agustinen obra filosofiko gehienak (Contra Academicos, Soliloquia, De Vita Beata, etab.) elkarrizketak dira, Platonek erabilitako estilo literarioa. Baina badaude, nola ez, antzekotasun sakonagoak: errealitatea bi izate mailaz osaturik dagoela esaten dute bi pentsalariek. Platonek bereizten ditu Ideien mundua eta etengabe aldatzen ari diren izakiez osatuta dagoen zentzumenen mundua. Agustinentzat, alde batetik, mundu tenporal eta material hau dugu, eta bestetik, Jainkoaren Erreinua, Betiereko bizitza, gure ardura guztiak bereganatu behar dituen errealitate bakarra. Bi filosofo hauen ontologia dualistek, beraz, errealitate espirituala lehenesten dute errealitate materialaren gainetik.

Ezagutza teoria: argiaren analogia

Ezagutza teoriaren alorrean ere Platon zein Agustinen pentsamendua dualista da. Biek erdeinatzen dute zentzumenezko ezagutza, errealitate aldakorrei buruzko ezagutza izanik, eta ez da baliagarria benetako ezagutza lortzeko. Arrazoizko ezagutza, ordea, benetako errealitateaz arduratzen da, ezagutza unibertsalaz, hots, Ideien munduaren ezagutzaz (Platon) edo Ideia Eredugarrien ezagutzaz (Agustin). Argiaren analogiaren erabilera ere aipatzeko modukoa da: paralelismo bat ezar daiteke Agustinen Jainkoaren argitzapenaren eta Platonen Ongiaren Ideiak jariatzen duen argiaren artean, gainerako Ideiak ulergarri bihurtzeko. Era berean, Ongiaren Ideia platonikoa Agustinen Jainko kristauarekin pareka daiteke, bi errealitate hauek errealitate gorenak baitira filosofo bakoitzaren sisteman, baita Egiaren eta bertute moralaren erabateko bermea ere.

Antropologia eta etika: arima eta gorputza

Agustinen ikuskera antropologikoari dagokionez ere Platonen eragina ezin nabariagoa da: biontzat gizakia arima hilezkor eta arrazoiduna da, gorputz hilkor eta materialez baliatzen dena. Bi autoreentzat arima gure alderdirik jainkozko eta duinena da; gorputzak, aldiz, izaera zantarra dauka, gure jokabide moral okerraren eragile. Eta amaitzeko, esan beharra dago Platon eta Agustinen filosofia moralaren gaineko planteamenduak oso antzekoak direla: plazer materialen gaineko ikuskera erabat ezkorra azaldu zuten biek, eta Agustinentzat nahimenaren jarduera halabeharrezkoa bada ere, Platonek egin bezala bertutea jakinduria eta ezagutzarekin lotu eta neurritasunaren garrantzia azpimarratu zuen.

Fedea eta arrazoimena Eskolastikan

Tomas Akinokoa (1225-1274), Hiponako Agustinekin (354-430) batera, kristautasunaren teologo nagusitzat hartzen da. Agustinek Platonen filosofia kristau pentsamendura egokitu bazuen, Tomas Akinokoa Aristotelesen filosofian oinarritu zen kristau dogmak teorikoki finkatzeko, Eskolastika izeneko eskolako pentsamendu filosofiko-teologikoa borobilduz.

Tomas Akinokoa: Filosofia eta Teologiaren bereizketa

Hiponako Agustin ez bezala, Tomas Akinokoak Filosofia eta Teologia bereiztea beharrezkotzat jo zuen, eta, beraz, baita arrazoimena eta fedea bereiztea ere. Tomasen ustez, Filosofia eta Teologia bi zientzia desberdin dira beren eduki eta metodoei dagokienez. Edukiei begira, esan daiteke jakintza filosofikoaren berezko edukiak mundu naturaleko objektuak direla; Teologiarenak, ordea, mundu naturalaz gaindiko errealitateak (Jainkoa, nagusiki). Metodoari dagokionez, Filosofia arrazoimen hutsaz (abstrakzioaz) baliatzen da bere aztergaien gaineko ezagutza lortzeko; Teologia, ordea, fedeaz (errebelazioaz) baliatzen da.

Hala ere, zenbaitetan Filosofiaren eta Teologiaren ezagugaiak bat datoz. Hau gertatzen denean harmonia egon behar du arrazoimen filosofikoak ondorioztatzen duenaren eta fedeak baieztatzen duenaren artean. Zergatik? Egi bakar bat dagoelako, eta Jainko bera delako gizaki arrazoiduna sortu eta errebelazioaren iturria dena. Kontraesana ematen denean kontraesan hori itxurazkoa da soilik, eta arrazoimenaren bidez ondorioztatutako egiak berrikusi behar dira, errebelazioaren edukiek ezin dutelako inolaz ere huts egin. Hona hemen Tomasen uste sendoa.

Fedearen lehentasuna (Agustin) vs. Arrazoimenaren autonomia (Tomas)

Fedea eta arrazoimenaren arteko loturaren gaiari dagokionez alde handia dago XIII. mende aurreko filosofo kristauen eta Tomas Akinokoaren pentsakeraren artean: Hiponako Agustinen edo Canterburyko Antselmorentzat (1033-1109), esate baterako, arrazoia ez da gai bere kabuz egia lortzeko, eta fedearen laguntza behar du horretarako (Agustin: “credo ut intelligam, intelligo ut credam”; Antselmo: “fides quaerens intellectum”). Aldiz, Tomas Akinokoak uste du arrazoiak bere kabuz lor dezakeela Egia, nolabait; hala, dogma kristauak arrazoiaren bidez interpretatzen eta Jainkoaren izatea arrazionalki frogatzen saiatu zen.

Edonola ere, Tomas Akinokoak Averroesen (1126-1198) «egia bikoitzaren teoria» (eta antzeko teoriak) baliogabetu zituen: arabiar filosofo horren esanetan, gerta liteke arrazoimenaz baliaturik hainbat egia ezagutzera iritsi eta egia horiek fedearekin bateragarriak ez izatea. Eskolastikan, aldiz, teoria mota hori zeharo onartezina zen. Beraz, arrazoimenaren mugen aurrean, fedearen egia beti izango da nagusi.

Gilen Ockhamgoa: bereizketa erradikala

Ikusi dugun bezala, Tomas Akinokoak fedea eta arrazoimena bereizi zituen, euren arteko egokitzea ukatu ez bazuen ere. Mende bat geroago beste pentsalari eskolastiko batek, Gilen Ockhamgoak (1280-1349), alegia, muturrera eramango du fedearen eta arrazoiaren arteko bereizketa: harentzat, fedea eta arrazoia ez dira bi ezagutza-iturri desberdin soilik; haien ezagutza-edukiak ere desberdinak dira. Horrela, adibidez, Ockhamek dio arrazoiari ezinezkoa zaiola Jainkoaren existentzia frogatzea, Erdi Aroko filosofo guztiek (edo gehienek, behintzat) onartzen zuten moduan.

Deskargatu

PDF Word HTML