Euskal Literaturaren Historia: Egileak eta Erakundeak
Lore Jokoak
Lore Jokoak Anton Abadiak eratu zituen lehen aldiz Urruñan, 1853an. Hainbat jokoren artean, bertso sorta onenarentzat saria jarri zuen. Urtero antolatzen zen lehiaketa horretan, Iparraldeko bertsolari ezagunenek hartzen zuten parte. Hegoaldera 1879an iritsi ziren, Elizondora, eta pixkanaka, Hegoaldea Iparraldeari nagusitu zitzaion. Saritutako lanik hoberenak Donostiako Euskal-Erria aldizkarian argitaratzen zituzten. Jokoek aldizkariak iraun zuen bitartean iraun zuten. Iparraldeko bertsolari famatuenetako batzuk: Otaño, Muxika eta Barbier.
Eusko Ikaskuntza
Eusko Ikaskuntza Oñatin sortu zen, 1918an. Oñatiko biltzarraz gain, beste hainbat egin ziren Iruñean, Gernikan, Gasteizen, Bilbon eta Bergaran. Sortu berriak ziren ikastoletako liburuak egiteaz, euskal gaiei buruzko udal-ikastaroak eratzeaz eta Euskal Unibertsitaterako aurreproiektuak taxutzeaz arduratzen ziren.
Euskaltzaindia
Oñatiko biltzarrean, Euskaltzaindia, euskararen akademia bat eratzea erabaki zen. Lehen euskaltzainburua Resurreccion Maria Azkue abade lekeitiarra izan zen, eta honzaz gain, ondorengo euskaltzainburuetako batzuk Manuel Lekuona eta gaur egungo Andres Urrutia dira. Euskaltzaindia izenak dioen bezala, euskara zaintzeaz arduratzen da, eta horretarako, bi arlo nagusi ditu: Iker (hizkuntzaren azterketaz arduratzen da) eta Jagon (hizkuntza zaintzeaz eta zabaltzeaz arduratzen da).
Txomin Agirre
Txomin Agirre Ondarroan jaio zen, eta hiru nobela utzi zizkigun:
- Auñamendiko lorea (nobela historikoa, kristautasuna Euskal Herrian sartu zen garaikoa. Ezinezko maitasuna eta kristau berrien arteko tirabirak azaltzen ditu. Bizkaieraz idatzia).
- Kresala (ohitura-nobela, Ondarroako gertaerak eta neska-mutil batzuen amodioa kontatzen ditu. Bizkaieraz idatzia).
- Garoa (euskal nekazaritza eta artzaintzari eskainia. Joanes artzainaren bizitzaz dihardu. Gipuzkeraz idatzia).
Iparraldeko Prosalariak
Iparraldeko Prosalariak: Lurralde hauetako euskal idazleek tradizioari jarraitu zioten. Baionan kaleratzen zuten Eskualduna astekaria euskaraz trebatzeko modu bikaina zen. Aldizkari horretan, sarritan azaltzen ziren Etxepareren idazlanak.
Etxepare
Etxepare Argentinan jaio, eta sei urte zituela, Lapurdira etorri zen gurasoekin. Bordelen medikuntza ikasi zuen. Ezohiko gizona zen, bere pentsakera ez baitzetorren bat garai hartako beste euskaltzaleek zutenarekin. Eskualduna kazetan gutxi landutako gaiez idaztea gustatzen zitzaion, eta horietako zenbait artikulu bilduta, Buruxkak izeneko liburua argitaratu zuen 1910ean. Liburuak adiskideen artean hautsak harrotu zituen bi lan zituen: bata, hezkuntzari buruzkoa, eta bestea, sexu-heziketari buruzkoa.
Olerkarien Belaunaldia
Olerkarien Belaunaldia: 1930 aldera, itxaropen handia sortu zen Euskal Herrian. 1926an sortutako Euskaltzaleak elkartea gauza berriak egiten hasi zen. 1930etik aurrera, Aitzol izan zen eragile sutsuenetarikoa, eta beste euskaltzale batzuen laguntzaz (Lizardi, Lauaxeta eta Orixe), olerki-egunak sortu zituen.
Lizardi
Lizardi Zarautzen jaio arren, Tolosan bizi zituen urte gehienak. Legegizona eta lantegi bateko gerentea zen. Erdi galduta zuen euskara, baina sakon berreskuratu zuen. Garai hartako euskaltzalerik saiatuenetakoa izan zen. Hainbat aldizkaritan egin zuen lana, euskaraz nahiz erdaraz, eta bere gairik kuttunenak euskara eta euskal kulturaren ingurukoak ziren. Hizlari gisa ere ospea bereganatu zuen. 37 urte bete gabe hil zen.
Lauaxeta
Lauaxeta Bizkaian jaio zen. Ikasketak Durangoko eta Loiolako jesuitetan egin zituen. Ikaskide batzuek bultzatu zuten euskaraz idaztera. Orixerekin batera, Euzkadi egunkarian lan egitera joan zen Bilbora, eta hasi eta denbora gutxira, sailaren arduradun izendatu zuten. Errepublika garaian, asko nabarmendu zen kazetari eta hizlari gisa. 1937ko apirilaren amaieran atxilotu zuten, eta Gasteizera eraman zuten bertan fusilatzeko. Ekainaren 26an fusilatu zuten. Lanik garrantzitsuenetarikoak Gasteizko kartzelan idatzitakoak dira.
Orixe
Orixe Gipuzkoarra zen jaiotzez, baina Nafarroan hazia. Jesuita-ikasketak egin zituen, baina arazo batzuengatik ez zen apaiztu. Bilbon egin zuen lan Euskaltzaindian eta Euzkadi egunkarian. Espainiako Gerra hasi zenean, Iruñean eduki zuten preso hilabete batzuetan. Gero, Iparraldera egin zuen ihes, eta han, Bigarren Mundu Gerrak harrapatu zuen. Euzko-Gogoa aldizkariaren sorreran parte hartu zuen. 1961ean hil zen, Añorgan.