Euskal Literaturaren Garai Modernoa

Beste atzerriko hizkuntzak2,62 KB

Euskarazko prosa modernitatean

Gerraondoa luzea da, eta 1950eko hamarkada iritsi arte itxaron behar da Europako haize berriak gurean sar daitezen. Txillardegik zabaltzen du lehenengo leihoa. Harrezkero, euskal nobelagintzan askotariko joerak antzematen dira, baina jarraipenik gabekoak. Kontzientziaren jarioaren teknikak, Frantziako Nobela Berrriarenak, Hego Amerikako errealismo magikoa, absurdoaren lanketa, genero beltza... ia ez dago lantzen ez den esparrurik; jarraipenik gabe, ostera. Horrekin batera euskara batuaren normalizazioa dator, 1964an proiektu teorikoa zena literaturari esker gauzatuz baitoa.

Ugaritasuna

hala idazleen aldetik nola argitaletxeen aldetik, 1980ko hamarkadan dator. Hamarkada horren azken aldera Bernardo Atxagaren Obabakoak lanak euskal literaturaren mugak hautsi zituen. Sistema literarioa sendotuz doa, itzulpenak ugaritu egiten dira, generoek badute segida eta, garrantzizkoa dena, euskara hutsezko hedabideek euskarria ematen diote literaturari. Giro horretan Euskaldunon Egunkaria, euskarazko lehenengo egunkari normalizatua sortzen da.

Mende berriarekin emakumezko idazleen presentzia areagotu egiten da, oraindik oso txikia bada ere. Horrekin batera, aipagarria da euskal literaturari beste hizkuntza batzuetarako ateak zabaldu zaizkiola, itzulpeni esker.

Euskal prosalariak

Genero aldetik berritasuna J A. Loidik ekarri zuen, Hamabost egun Urgainen polizia-eleberriarekin; hala ere, Txillardegik sartu zuen euskal literatura modernitatean, Leturiaren egunkari ezkutua lan existentzialistarekin. Aipagarria da Jon Miranderen Haur besoetakoa eleberri laburra. Eskandalua ekarri zuen, pedofilia baitzuen gai. Saizarbitoria, Txillardegirekin batera, nobelaren eraberritzailetzat hartu da. Egunero hasten delako izan zen haren lehen lana: gaia, barne-bakarrizketa, atzerriko kokalekuak... denak ziren berriak. 1979. urtean argitaratu ziren J. A. Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoa eta A. Urretabizkaiaren Zergatik panpox. Kontatzen dena eta kontatutako hori nola kontatzen den, biak dira garrantzitsu. 80ko hamarkadan Lertxundi, Atxaga eta Sarrionandia dira protagonista. Lertxundik 1970ean idatzi zuen lehen eleberria: Hunik arrats artean, Hego Amerikako errealismo magikoa ekarriz gurera. Bernardo Atxaga da, gaur egun, Euskal Herrian eta kanpoan, idazlerik ezagunena. Unibertso pertsonal osoa eraikitzen asmatu du. Joseba Sarrionandiaren Narrazioak ipuin-bilduma ere mugarria izan zen. Harrezkero, hamaika idazle sortu dira. Hona gutxi batzuk: Koldo Izagirre, Joan Mari Irigoien, Edorta Jimenez, Xabier Montoia, Aingeru Epaltza, Harkaitz Cano, Iban Zaldua, Eider Rodriguez, Jokin Muñoz...

Deskargatu

PDF Word HTML