Euskal Literatura XVIII. eta XIX. Mendeetan: Idazle eta Mugimendu Nagusiak

Hizkuntza eta literatura8,64 KB

XVIII. Mendeko Euskal Idazleak

Manuel Larramendi (1690-1766)

Manuel Larramendi XVIII. mendeko idazle andoaindarra izan zen. Jesusen Konpainian egin zituen ikasketak. Salamancan Karlos II.a erregearen alargunaren aitorle gisa aritu zen hiru urtez. Ondoren, komentuan egon zen sermoigintzan eta aholkulari gisa.

Hizlari jaio eta zorrotza baldin bazen, idazten ere ez zen kamutsa. Beste ororen gainetik, euskaldunen hizkuntza du idazgairik kutunena: euskararen azterketan eta defentsan egin zituen bere ahaleginik behinenak.

Lan nagusiak:

  1. De la antigüedad y universalidad del Bascuence en España: Euskararen apologia sutsua dugu. Gure hizkuntzaren aurka kanporatzen ari ziren iritzi eta erasoei aurre egiten dien liburua da. Tubalismoan sinesten du: euskara Babeleko hizkuntzen nahasmenduan sortutako mintzairetako bat baita, eta, gaur egun Euskal Herriko mugetara mugatuta egon arren, garai batean Iberiar penintsula osoan zehar hedatzen baitzen.
  2. El Imposible Vencido: Euskararen lehen gramatika dugu obra hau. Izenburu horrek erronka bati erantzuten dio. Denbora hartako jakintsurik gehienen ustez, euskara ezin zen egokitu gramatika baten arau eta legeetara. Larramendik euren ustea ustela dela erakutsi nahi die.
  3. Diccionario Trilingüe del Castellano, Bascuence y Latín: Larramendiren lanik erraldoiena da. Hiztegian bertan gaztelerazko hitza dator lehenik, euskal ordaina ondoren, eta latinezkoa azkenik. Batzuetan, euskarazko hitz egokirik aurkitzen ez duenean, neologismoak asmatzen ditu. Ez da, ordea, dena fantasia eta asmakizuna.

Larramendik ez zuen euskaraz lan luzerik sortu. Utzi dizkigun euskarazko puskek gure hizkuntzan ere idazle handia izan zitekeela frogatzen digute.

Eragina

Andoaindarraren lan teorikoek maiz uste izan den baino zabalkunde handiagoa izan zuten. Nabarmen, bere ordenakide batzuei eragin zien arren, Iparralderaino ere iritsi zen Aita Manuelen itzala, J. Egiaregirengana, esaterako. Hurrengo mende osoan ere idazle askok aitortuko diote berarekiko duten zorra.

Agustin Kardaberaz (1703-1770)

Agustin Kardaberaz XVIII. mendeko hernaniarra izan zen. Jesuiten ikasketak burutu ondoren, Bilbo, Oñati eta Loiolako egoitzetan bizi izan zen. Irakaskuntzan jardun zuen batzuetan, baina batez ere herririk herri sermoigintzan.

Osasun aldetik makaldu zenean, Loiolako komentutik ia irten gabe egon zen hamabi bat urtetan. Espainiako erregeak jesuitak egotzi zituen bere erreinuetatik. Kardaberazek Italiara jo behar izan zuen. Hara iritsi eta laster hil zen.

Kardaberazek moldatu zituen lan gehienak erlijio lanak ziren. Dozenatik gora liburu erlijioso utzi zigun; gipuzkeraz eskuarki, baina bizkaieraz ere bai inoiz. Badu, arlo horretatik at geratzen den lan bitxi bat: Euskeraren berri onak. Apaizei eta eskoletako maisuei eskainia da, euskaraz ondo irakurri, idatzi eta hitz egiteko erregelak idatz ditzaten.

Sebastian Mendiburu (1708-1782)

Sebastian Mendiburu XVIII. mendekoa zen, oiartzuarra. Jesuita hau Nafarroa eta Gipuzkoan aritu zen hogeita hamar urte inguruan, beste jesuitak bezala Italiara atzerriratua izan zen arte.

Euskaraz garai hartako hizlari dotorenetzat zeukaten, bere etorri eta mintzamolde garbiarengatik. Erlijio gaia erabili zuen bere liburu guztietan.

XVIII. Mendeko Hegoaldeko Antzerkiaren Hastapenak

Antzerkia ere Iparraldean baino beranduago eta motelago agertu zitzaigun Hegoaldean. Hemen ez genuen ezagutu hango herri antzerkiak mende askotan zehar izandako tradizio aberatsa: pastoralak, maskaradak... Hala ere, zerbaiten aztarnak geratu zaizkigu. XVIII. mendeko aletxo batzuk ezagutzen ditugu. Garrantzitsuenak:

  • Xabier Muniberen "El borracho burlado" opera liriko elebiduna.
  • Barrutiaren "Gabonetako ikuskizuna".

Xabier Munibe (1729-1785)

Xabier Munibe Peñafloridako kondea eta Azkoitiko zalduntxo ilustratuen burua zen; hizkuntza asko zekizkien eta noizean behin euskaraz ere idazten zuen. Obra honetan euskara eta gaztelera nahasian darabiltza. Kantatutako pasarteak dira, batez ere euskaraz datozenak. Barrutiaren lana, oharrak kenduta, euskara hutsean dago.

Pedro Ignazio Barrutia (1740-1818)

Pedro Ignazio Barrutia nahiz eta Arabako Aramaion jaio, inguruan duen Arrasaten bizi izan zen ia bere bizitza osoan. Eskribaua izan zen lanbidez. Gaia Gabonetako misterioa izan arren (Jesusen jaiotza), Arrasate ere sarritan azaltzen zaigu, leku-denbora aldetiko nahasketa arraro samarra baina polita gauzatzen delarik. Hori Gracioso edo Barregarriaren papera jokatzen duen pertsonaiaren bitartez lortzen du.

XIX. Mendeko Hegoaldeko Idazleak

Prosa

Prosa erlijiosoa

Frantziako Iraultzak Hegoaldeko euskal liburugintza esnarazi zuen. Kanpotik zetozen pentsakera berriak zirela-eta, elizgizonek oso kolokan ikusi zuten euren etorkizuna. Apaizek eta fraileek ordura arte ez bezala ekin zioten lanari Bizkaian eta Gipuzkoan: J. A. Mogel, A. Añibarro, P. Astarloa...

Doktrinaren azalpenak, sermoiak, dantzen kontrako lanak eta antzekoak dira darabiltzaten gaiak.

Prosa ez-erlijiosoa

Batzuetan elizgizonek egindakoak izan arren, zuzenean erlijioarekin zerikusirik ez duten idazlanak ere sortu ziren:

  • J. A. Mogelen Peru Abarka. Nobela izatera iritsi gabe (elkarrizketa luze bat baita), baserritar eta kaletar baten arteko pasadizoak kontatzen zaizkigu. Euskararen unibertsitatea baserria dela adierazi nahi digu. Gainera, garai hartako informazio iturri paregabea da.

Bertsogintza

Karlistada bietan bertsolarien hainbat kanta-paper barreiatu zen, gerra bera kontagai zuten.

  1. Xenpelar (1835-1869) errenteriarra da bertsolari ospetsuena.
  2. Hizkera hain jatorra izan gabe, doinu modernoagoak zerabiltzan J. M. Iparragirre (1820-1881) urretxuarrak. Mila estuasun ekonomiko eta politiko jasan behar izan zituen kantari honek arrakasta handia lortu zuen. Kantarik ezagunenetako bat "Gernikako Arbola" da.
  3. Bilintx (1831-1876) donostiarrak ukitu erromantikoa eman zion bertsogintzari. Maitasun zapuztua da bere gairik kutunena; erantzunik jasotzen ez duen maiteminduaren egoera etsia behin eta berriz errepikatzen da bere obran. Adibidez, "Triste bizi naiz eta".
  4. Mende bukaerako bertsogilerik ezagunena F. Arrese Beitia (1841-1924) otxandioarra dugu. Foruak kendu eta laster A. Abbadiek Lore Jokoak Hego Euskal Herrian lehenengo aldiz antolatu zituenean, Arrese Beitiari eman zitzaion bertso sorta onenaren saria.

XIX. Mendeko Iparraldeko Idazleak

Prosagintza

Lan erlijiosoak izan ziren nagusi. Mende bukaeran lan ez-erlijioso literarioagoak agertu ziren:

  • Daskonagerren "Atheka gaitzeko oihartzunak". Kontrabandista lapurtar baten pasadizoak kontatzen zaizkigu, baina frantseseko originalaren itzulpen zatiak ditu.
  • Duvoisinen ipuin bilduma bat eta nekazaritzari buruzko lan didaktikoa.
  • Elizanbururen "Piarres Adame": izen bereko pertsonaiaren ibilaldi bat kontatzen digu. Hau aldizkarian puskaka azaltzeko taxutu zen hasieran, eta horregatik edo, batasuna falta zaio sarritan.

Bertsogintza

Nahiz eta kalitate aldetik oso maila altukoa ez izan, bertsogintzari dagokionean produkzio ugari zuen Ipar Euskal Herriak:

  1. Pierre Topet "Etxahun" (1786-1862) koplalaria da. Bizimodu zaila eta aldrebesa egokitu zitzaion zuberoar honi. Horregatik, gehienetan tristura, erresumina eta gorrotoa darie bere bertsoei.
  2. Aipatzekoak dira A. Abbadiek antolatutako Lore Jokoak. Urtero ospatzen ziren Euskal Jai hauetan, beste askoren artean, euskarazko bertso onenari saria ematen zitzaion. Bertsogile asko aurkezten ziren eta batzuen izen eta bertsoak ezagun bilakatu ziren Iparraldetik at ere. Hauen artean Elizanbururen "Solferinoko itsua" eta "Zaldubi"ren "Zazpi Eskualherriek".

XIX. Mendeko Euskalari Atzerritarrak

XIX. mendean zehar atzerritik etorritako zenbait euskalari ere aipatu beharra dago: L. L. Bonaparte, W. J. Van Eys, H. Schuchardt... Euren lanei esker euskal gramatikak, filologiak, dialektologiak, literaturak eta beste hainbat arlok aurrerapauso oso garrantzitsuak eman zituzten.

Deskargatu

PDF Word HTML