Euskal Herriko Industrializazioa: Bizkaia eta Gipuzkoa
Euskal Herriko industrializazioa bi lurraldetan, Bizkaian eta Gipuzkoan, modu desberdinean garatu zen, bakoitzak bere ezaugarri eta sektore nagusiekin.
Bizkaiko Industrializazioa
Hasierako faktoreak eta kapitalaren pilaketa
- 1868ko Meatzei buruzko Legea: Meatzaritzaren garapena bultzatu zuen.
- Bessemer bihurgailuaren asmakuntza: Fosfororik gabeko burdinaren erabilpena eskatzen zuen. Burdin mota hau Europako bi zonatan bakarrik aurkitu zitekeen: Bizkaian (Somorrostron) eta Suedian. Bizkaiko burdinaren ekoizpena oso azkar hazi zen 70eko hamarkadan.
- Kapitalen pilaketa (esku gutxitan kontzentratua): Burdinaren esportazioek kapital handiak sorrarazi zituzten. Ingalaterrara bideratzen ziren ontziak meaz zamaturik eta ikatzez beterik itzultzen ziren. Kapital hauek esku gutxitan kontzentratu ziren. Familia gutxi batzuk (adibidez, Ybarra, Martínez Rivas) ziren meategi gehienen jabe, baita Bilboko bankuen eta ontzioletan ere.
80ko hamarkada: Kapitalen inbertsioa industrian
Pilatutako kapital handiak siderurgian eta beste industria osagarrietan inbertitu ziren. Kontzentrazio geografiko (Bilbo inguruan) eta sektorial (siderurgiaren inguruan) handiko industria izango zen. Industria honek eskulan handiaren beharra izan zuen, eta horrekin batera immigrazioa gertatu zen.
Bizkaiko sektore nagusiak
Siderurgia
Enpresa handiak sortu ziren:
- 1882an Altos Hornos de Bilbao (Ybarra familiarena).
- La Vizcaya (Chávarri familiarena).
Bi hauek eta La Iberia batu eta Altos Hornos de Vizcaya osatu zuten. Teknologia Ingalaterratik edo Belgikatik ekartzen zen, eta merkatuak penintsula barnean egon ziren nagusiki. 1891n lege protekzionista lortu zen. 1896an trenbiderako materialen inportazio librea kendu zen, eta horrek metalurgia enpresa txiki eta ertainen garapena ekarri zuen. Bilboko itsasadarra industria siderometalurgikoaren gune bihurtu zen, eta XX. mende hasierako espainiar gune industrial nagusia.
Ontzigintza
Oligarkiaren aberastasun iturri nagusietakoa izan zen, eta industrializazioaren zutabe. Burdina minerala Britainia Handira esportatu eta ikatza inportatzeko ontziak eraikitzeko sortu ziren ontziolak. Sota eta Aznar izan ziren sektore honetako buru, Astilleros del Nervión (espainiar armadarako korazatuak egiten zituzten) eta Euskalduna bezalako enpresekin.
Nabigazio enpresak
Sota eta Aznarren esku zeuden, burdina Ingalaterrara garraiatzeko. Aseguru konpainiak ere sortu ziren: La Aurora eta La Polar.
Industria elektrikoa
1901ean Hidroeléctrica Ibérica sortu zen. Elektrizitatea Madrilera eramaten zuen Europako instalazio garrantzitsuena bilakatu zen. Bertako bankuek sortutako konpainia elektriko berri hauetan parte hartu zuten.
Zerbitzu osagarriak eta bilakaera
Zenbait zerbitzu sortu beharra izan zen industrializazioa bultzatzeko:
- Trenbideak
- Bilboko Kanpoko Portua
- Banka boteretsu bat
- Bilboko Burtsa
- Deustuko Unibertsitatea (1883)
Bilakaera
1898tik 1902ra hazkunde ekonomiko bizia izan zen. 1902an, Altos Hornos de Vizcaya sortzean, industria iraultza finkatu zen. Aurrerantzean, bizkaitar kapitalismoa Espainiara hedatuko zen, sektore desberdinetan inbertsioak eginez.
Gipuzkoako Industrializazioa
Bizkaiarekin konparatuz, guztiz desberdina izan zen Gipuzkoako industrializazio prozesua:
- Industrializazio prozesua Bizkaian baino motelagoa izan zen.
- Ekonomia nekazari batetik ekonomia industrial baterako aldaketa pixkanaka-pixkanaka gertatu zen.
- Gizarte aldaketa ere moderatua izan zen.
- Ez zen kapital kontzentrazio handirik egon. Inbertitzaile txiki eta ertainak ziren nagusi, ekimen handikoak.
- Kapitalismo ez-monopolista batek gidatu zuen.
- Enpresa txiki eta ertainak ziren nagusi.
- Industria herrialdean zehar sakabanatua zegoen. Kontzentrazio maila handiagoa zen Deba eta Oria ibai arroetan, Donostian eta honen inguruko herrietan.
Gipuzkoako sektore nagusiak
Papergintza
Modernoa 1842an hasi zen Tolosan, La Esperanza fabrikaren bitartez. Espainiako lehen hornitzailea bihurtu zen, protekzionismoari esker. XX. mendearen hasieran, Papelera Española Espainiako enpresa garrantzitsuena izan zen.
Ehungintza
XIX. mendearen erdialdean sortu ziren lehen enpresak. Kataluniako lehia zela eta, espezializaziora jo behar izan zuten: espartinak Azkoitian eta txapelak Tolosan eta Azkoitian.
Metalurgia
Sektorerik garrantzitsuena izan zen, besteak beste CAF eta Patricio Echeverría enpresekin.
Armagintza
Deba arroan kokatuta. 1890eko hamarkadan abiatu zen industria mota hau, energia elektrikoa erabiltzen hasi zenean. Lehen Mundu Gerran izan zuen hazkunderik handiena, bi bandoei armak saldu baitzizkien. Arma laburra (pistolak) izan zen gehien ekoiztu zen produktua, esportaziorako.
Finantza-erakundeak Gipuzkoan
Ez ziren banku handiak sortu, bai ordea txikiak eta ertainak, Gipuzkoako Bankua (1899) bezalakoak. Garrantzia handia izan zuten Gipuzkoan aurrezki kutxek, Donostiako Aurrezki Kutxa (1878) kasu.