Euskal Foruak eta Karlismoa: XIX. Mendeko Gatazkaren Gakoak

Historia4,41 KB

Euskal Foruak

Erregimen Zaharrean Euskal Herriko lurraldeek izan zuten antolakuntza politiko-administratiboa eta honi eusten zion ordenamendu juridikoa dira foruak. Foruek, Erdi Aroaz geroztik euskal lurraldeetako biztanleen bizitza politiko eta soziala arautzen zuten ahozko eta ohiturazko legedi zaharrean oinarritutako lege-bildumak ziren. Erdi Aroaren bukaeran, Euskal Herriko lurraldeen mugak finkatu ziren eta lurralde bakoitzak bere egitura politiko-juridikoa zehaztu zuen. Iparraldean Frantziako Iraultzaraino iraun zuten; Hegoaldeko lurraldeetan, berriz, XIX. mendera arte.

Ezaugarriak

Euskal lurraldeen eta Koroaren arteko harremanak

Foruek errege-erreginen botere arbitrala onartzen zuten, eta erregearen ordezkariek foru-erakundeetan parte hartzen zuten. Erregeak foru-eskubideak baietsi eta zin egin behar zituen. Gatazketan, Foru Pasea zen foru-komunitatearen tresna: erregearen aginduak foru-botereen onarpena behar zuen, eta, horrela izan ezean, kontraforua aldarrikatzen zen. XVIII. mendeko borboitarren politika zentralizatzaileak foruekin talka egin zuen, eta, erantzun gisa, herri-matxinadak gertatu ziren.

Bertako klase-harremanak

Botereen banaketa arautzen zuten. Foru-erakundeak Erregimen Zaharreko klase menderatzaileen eskuetan zeuden (landako jauntxoak eta hiriko merkatariak), eta nekazari, artisau eta burgesia txikiaren menpekotasuna legitimatzen zuten. Oligarkizazioa areagotu egin zen, kargu publikoetarako gaztelaniaz idazten eta irakurtzen jakitea eskatzen baitzen.

Ekonomiaren arautzea

Hainbat arlo arautzen zituzten:

  • Lur komunalak: Babesten zituzten.
  • Industria: Burdinolen jarduera zaintzen zuten.
  • Merkataritza: Aduanak barnealdean egoteak elikagaien inportazio merkeagoa ahalbidetzen zuen.
  • Zerbitzu militarra: Gazteak soldaduskatik libre zeuden; gatazka Euskal Herrian bazen soilik defendatzera behartuta zeuden.
  • Zergak: Bilketa eta erabilpena foru-erakundeen esku zeuden, eta, ondorioz, euskal lurraldeetan presio fiskala txikiagoa zen.

Karlismoa

Karlismoa Erregimen Zaharraren krisiaren agerpide bat izan zen, giro politiko eta soziala oso hondatuta zegoenean. Gerra zibil bat izan zen, non talde sozial desberdinek talka egin zuten, ideologia eta estatuari buruzko ikuskera ezberdinak zituztelako. Euskal Herrian errotze handia izan bazuen ere, beste leku batzuetan ere hedatu zen, hala nola Katalunian, Galizian, Valentzian eta Kantabrian.

Taldeak eta haien interesak

Karlistak

Karlos Maria Isidroren jarraitzaileak ziren, eta Erregimen Zaharra eta absolutismoa defendatzen zituzten. Haien helburu nagusia tronua lortzea zen, eta horretarako erlijioa eta foruak erabili zituzten bandera gisa.

Liberalismoak kaltetutako sektore hauek osatzen zuten talde hau:

  • Baserritarrak eta noblezia txikia, ohiko produkzio-sistemari lotuak.
  • Kleroa.
  • Kataluniako, Aragoiko eta Euskal Herriko esplotazio txikietako nekazariak. Kontratu berriak diruz ordaindu behar zituzten, baina prezioen gainbeherarekin ezinezkoa zitzaien ordainketei aurre egitea.

Euskal Herrian, landa eta hiri munduko herri-sektore askok bat egin zuten karlismoarekin, liberalismoak beren bizimodua kolokan jartzen zuela ikusten baitzuten, honako arrazoiengatik:

  • Presio fiskal handiagoa eta herri-lurren desamortizazioa.
  • Neurri zentralizatzaileak eta foruen aurkakoak.
  • Prezioen gorakada, aduanak kostaldera lekualdatzeagatik.
  • Presio fiskal arinaren eta kinten (soldaduska) salbuespenaren desagerpena.
  • Liberalek euskal nortasunaren agerpideak (hizkuntza, erakundeak, ohiturak) mespretxatzea.

Liberalak

Talde honetan, aldiz, honako sektore hauek zeuden:

  • Landako oligarkia, desamortizazioaren onuraduna.
  • Hiriko burgesia (merkataritzakoa eta industriakoa), nazioarteko merkatua galduta Espainiako merkatuaren batasuna behar zuena.
  • Burgesia ertaina.
  • Goi-kleroa eta hiriko klero sekularraren gutxiengo bat.
  • Hiriko herri-sektore batzuk.

Aldaketa liberalak goi-burgesiak eta gutxiengo ilustratu batek bultzatzen zituzten, haiek baitziren onuradun nagusiak. Erregimen Zaharrari lotutako taldeen erreakzioa oposizio armatuaren bidez etorri zen, eta horren ondorioa gerra zibila izan zen.

Deskargatu

PDF Word HTML