Etika Kategoriak, Epikureismoa eta Estoizismoa: Oinarriak
Kategoria Etikoak
Etika Materiala
Eduki moralak eskaintzen dituzte; hau da, jarraitu behar ditugun printzipioak zehazten dituzte. Etika materialen ideia nagusia zoriontasuna da.
- Heteronomoa: Gizarte edo taldeko printzipioak jarraitzen ditugu. Arau moralaren oinarria subjektutik at dago. Ez du pertsonak berak garatzen.
- Hipotetikoa: Arauak betetzen dira helburu bat lortzeko. Helburua lortu nahi bada, ekintza edo bitarteko batzuk bete behar dira aurretik.
- A posteriori: Araua oinarritzeko esperientzia sentikorrera jo behar dugu. Hau da, munduan ikusitakoan oinarritzen dira, esperientzian.
Etika Formala
Etika formalen helburua printzipioek izan behar duten forma edo bete behar dituzten baldintzak eskaintzea da. Etika materialak ez bezala, ez digute esaten zein printzipio jarraitu behar ditugun, baizik eta printzipio horien forma. Etika formalen ideia nagusia justizia da.
- Autonomoa: Subjektuak berak erabakitzen ditu bere printzipioak, ez du gizartera edo taldera jo behar.
- Kategorikoa: Arau morala ez da betetzen beste ezer lortzeko; betetzen da betetzeagatik.
- A priori: Arau morala esperientziatik askea da. Arrazoimenean soilik oinarritzen denez, ez du esperientziaren beharra.
Etika Teleologikoa
Arau morala betetzea ekintzen ondorioetan oinarritzen da. Ekintza bat desiragarria izateko, ekintza horretatik lortu diren ondorioak hartzen dituzte kontuan. Etika teleologikoetan zoriontasunari eta ongiari ematen diete lehentasuna. Ondorioak bakarrik hartzen direnez kontuan, leporatu diete helburuak bitartekoak justifikatzen dituen egoerak edo ekintzak justifikatu ditzakeela.
Etika Deontologikoa
Arau moralaren betetzea arauan bertan dago. Ez ditu aintzat hartzen ekintzen ondorioak. Etika hauek justiziari eta betebeharrari ematen diete lehentasuna. “Betebeharraren terrorismoa” deritzona justifikatzeko arriskua dute. Arau morala baino ez kontuan hartzeak ekintza gaiztoak sor ditzake.
Maximoen Etika
Morala bizitza zoriontsuaren diseinua bezala ulertzen dute. Hortaz, bere funtzioa zoriontasunaren bidea erakustea da. Zoriontasunaren proiektuak oso desberdinak direnez, ez dira gizateria guztiak partekatzeko aproposak.
Minimoen Etika
Morala edozein gizakik parteka ditzakeen arau minimo batzuen sistema bezala ulertzen dute. Hortaz, errazagoak dira gizateriak partekatzeko.
Epikureismoa
Filosofia helenistikoak ez zituen sistema teoriko handiak helburutzat izango, baizik eta ondo bizitzeko eta zoriontsu izateko gomendio etiko praktikoak eskaintzea. Filosofia horien artean epikureismoa eta estoizismoa nagusitu ziren. Epikuroren filosofia, epikureismoa, plazerean oinarritzen da. Plazera izan behar da gizakiaren helburua ondo bizitzeko eta zoriontsu izateko.
Plazera honako hau da: gorputzeko minik eza (aponia) eta arimako asaldurarik eza (ataraxia). Plazera definitzeko, Epikurok sailkapen hirukoitza erabiltzen du:
Plazeraren Sailkapena
- Naturalak eta beharrezkoak: Plazer hauek gizakiaren naturarekin zerikusia dute eta, gainera, beharrezkoak dira gizakia gizaki bezala bizitzeko. Hemen kokatzen ditugu funtsezko behar materialak eta gizakiaren beste alderdi batzuk (arrazoimenarekin zerikusia duten ekintzak).
- Naturalak eta ez beharrezkoak: Plazer hauek naturalak izan arren, ez dira beharrezkoak. Normalean aurrekoen luxuzko bariazioak dira, neurrian hartzen ez direnak.
- Ez naturalak eta ez beharrezkoak: Plazer hauek ez dute zerikusirik gizakiaren naturarekin eta, gainera, ez dira beharrezkoak bizitzeko.
Tetrafarmakon (Lau Sendagaiak)
Epikurok ondo bizitzeko lau gomendio praktiko edo sendagai eskaintzen ditu, Tetrafarmakon osatzen dutenak:
- Jainkoen beldur izatea alferrikakoa da. Edo ez dira existitzen, edo existitzekotan ez dira kezkatuko gizakiok egiten dugunaz.
- Heriotzaren beldur izateak ez du zentzurik. Heriotza dagoenean gu ez gaude, eta gu gauden bitartean ez dago heriotzarik. Ezin gara kezkatu heriotzaz, ez dagoelako gure esku. Bestela, ez ginateke zoriontsuak izango bizi garen bitartean.
- Plazera, ondo ulertzen denean, guztien eskura dago. Gogoratu behar dugu epikureismoak proposatzen dituen plazerak nahiko sinpleak direla.
- Gaitzak gutxi irauten du edo jasateko erraza da. Azken puntu hau nahiko polemikoa da. Badaude jasateko errazak ez diren gaitzak eta asko irauten dutenak.
Epikurok maitasun erromantikoaren gaitzespena egiten du.
Estoizismoa
Estoizismoaren sortzailea Zenon izan zen. Beste ordezkari garrantzitsu batzuk Seneca edo Marko Aurelio izan ziren. Estoizismoaren ustez, arrazionaltasun unibertsal batek (logos) unibertsoa zuzentzen du, eta horretan gertatzen den guztia baldintzatzen du.
Estoizismoak proposatzen duen jarrera gertatzen diren gauzak onartzea da. Jarrera honek gure arimaren baretasuna (ataraxia) ekarriko du, eta munduaren aurrean apatiaren jarrera garatuko dugu.
Plazeraren Kalkuluaren Irizpideak
- Iraupena: Plazer batek beste baten aurrean gehiago irauten badu, hobe.
- Gertutasuna: Gertu dauden plazerrak hobetsi behar ditugu, errazagoak direlako lortzeko.
- Intentsitatea: Intentsitate handiko plazerrak gehiago disfrutatzen dira.
- Ziurtasuna: Plazer baten ziurtasuna beharrezkoa da plazer hori eskuratzeko aukera izateko.
Etika eta Morala
Moralaren Definizioa eta Baldintzak
Etika eta morala sarritan baliokidetzat hartu arren, zentzu hertsian nahiko desberdinak dira. Morala gizakiok partekatzen ditugun eta geure jarduera bideratzen duten ohitura eta arau multzoa da. Morala beti partikularra da, gizarte, aro edo kultura jakin batekoa. Horregatik, moral desberdinak existitzen dira, moralaren esparrua beti konkretua delako. Morala praktikoa da, gizarte batean murgildurik gaudenean ikusten ditugun jokabideen eta jardueren multzoa.
Moralaren mailan arauak kokatzen ditugu, jarduteko arau praktikoak. Gizakiok egiten ditugun ekintza guztiak ez dira moralak; baldintza batzuk bete behar dituzte moralak izateko:
- Modu kontzientean egindakoak dira. Nahi izan behar dugu horiek egitea, gure erabaki askeak izan behar dira. Modu inkontzientean edo mekanikoki egitekotan, ez dira ekintza moralak izango.
- Garrantzi handiko erabakiak egon behar dira tartean. Garrantzi gabeko edo ondorio praktiko txikiko ekintzak eta erabakiak ez dira ekintza moralak.
- Eragin handia dute besteengan eta ingurumenean (hautatzea eta uko egitea).
Etikaren Definizioa
Etika moralari buruzko hausnarketa arrazionala da. Morala oinarritzen duten printzipioak topatzen eta eztabaidatzen saiatzen da. Etikaren helburua unibertsaltasuna da. Bilatzen dituen printzipioak guztientzako aproposak dira. Etika teorikoa eta praktikoa da aldi berean. Teorikoa da hausnarketa egiten duelako, eta ideiak eta teoriak sortzen dituelako. Etikaren helburua ez da teoriak soilik garatzea, baizik eta teoria horien printzipioak gure bizitzan indarrean jartzea. Etikaren mailan printzipioak aurkitzen ditugu: arau moralen zergatiak edo oinarriak. Orokortasun handikoak dira.
Erlatibismo Kulturala
Arestian aipatu dugun bezala, etikaren helburua unibertsalak diren printzipioak topatzea da. Erlatibismo kulturalak defendatzen du printzipioak kulturaren edo gizartearen araberakoak direla. Printzipio unibertsalak ez dira existitzen.
Erlatibismoaren Kritika eta Tolerantzia
Erlatibismoaren erantzuna moralaren aniztasunari tolerantzia da. Erlatibismoak tolerantzia kontzeptuari buruz egiten duen defentsak kritika ugari jaso ditu. Tolerantzia defendatzeko, kultura konkretutik harago doan kontzeptua defendatu behar dugu. Hau da, tolerantzia printzipio unibertsala izan behar da kulturen arteko harremanak sustatzeko. Erlatibismoak, ordea, ez du onartzen printzipio unibertsalen existentzia. Hortaz, tolerantziaren kontzeptuari dagokion kontraesanak erlatibismoaren oinarri teorikoa suntsitzen du.
Antropologiaren Ikuspegia
Erlatibismo kulturalaren aurka, antropologiak gizateriaren funtsezko moralaren defentsa egiten du, giza-kultura desberdinak aztertu ondoren ikusitakoak. Honako hauek dira oinarri moral unibertsal horietako batzuk:
- Bizitza pertsonala eta taldekoena zaintzea.
- Bereizi gabeko hilketaren gaitzespena.
- Umeak, helduak eta taldearen kide ahulak zaintzen dituzten giza-taldeak.
- Talde sozialarekiko leialtasunaren eskakizuna.
Hirugarren kritikak edozein jarrera justifikatzeko aukera ematen duela leporatzen dio erlatibismoari. Erlatibismoak kultura desberdinen balioak eta printzipioak onartzea bultzatzen du.