Espainiako Trantsizioa: Arias Navarroren Gobernua (1975-1976)
Trantsizio garaiko gertakari politikoak
Monarkiaren lehen gobernua
Arias Navarroren agintaldia 1975eko azaroan hasi zen eta 1976ko uztailera arte iraun zuen.
1. Sektore immobilista
Arias Navarrok proposatutako gobernu-programak aldaketa mugatua bultzatu nahi zuen, frankismoko sektore kontserbadoreenekin hitzartua. Erreformak, besteak beste, biltze- eta elkartze-eskubidea jasotzen eta arautzen zuen, baita prentsa-askatasunari zein Gorteen erreformari buruzko xedapenak ere.
Itxurak itxura, ustezko erreforma edo aldaketa horren helburu nagusia immobilismoaren alde egitea zen. Arias Navarroren gobernuak ez zuen inondik inora sistema demokratiko bat abian jartzeko asmorik. Erregimen frankistari aurre egin ziezaiokeen aukera ideologiko orok bazterturik jarraitzen zuen, inolako ordezkaritzarik izan gabe.
2. Sektore erreformista
Gorteetako eta Erresumako Kontseiluko presidentea aldatu behar zutenez gero, erregeak bi kargu horietarako Torcuato Fernández-Miranda izendatzea erabaki zuen. Fernández-Miranda erregearen zuzenbide-irakasle ohia zen eta erregimen frankistaren egitura ezin hobeto ezagutzen zuen.
Bi erakunde horien buru izanik, Fernández-Mirandak maniobra-tarte dezentea zeukan Gorteen joera inboluzionista eten eta benetako erreforma politikoari ekiteko. Horretarako, erregimen frankistak onartzen zuen politika-legezkotasunari etekina atera zion.
Erreforma politikorako prozesua aurrera eramateko eman beharreko hurrengo urratsa Arias Navarro boteretik kentzea zen. Garai hartako egoera sozioekonomikoak helburu hori lortzen lagundu zuen:
- Gobernuak ez zuen ekonomia-krisia konpontzeko inolako gaitasunik erakutsi.
- Herritarrak etengabe mobilizatzen hasi ziren, egoera are gehiago laztuz.
- Gobernuaren barne-arazoak eta erregearen arteko ezadostasun politiko eta pertsonal nabariak.
Faktore horien guztien ondorioz, gobernuko presidenteak dimisioa aurkeztu behar izan zuen, eta erregeak berehala onartu zuen.