Espainiako Trantsizio Politikoa: Definizioa eta Kronologia
Trantsizio Politikoaren Definizioa
Trantsizio politikoa Frankoren diktaduraren ostean sistema liberal demokratikorako bidea eraiki zuen aldia da, monarkia konstituzional eta parlamentarioan oinarritua. Trantsizio baketsua izan zen, nahiz eta tirabira eta istiluak ere ugariak izan.
Kronologia eta Gobernuak
Diktaduratik demokraziarako trantsizioa 1975eko azaroaren 22an hasi zen, Franko hil ondoren, Gorte frankistek Juan Carlos I.a errege aldarrikatu zutenean. 1982 arte luzatu zen, PSOEk hauteskundeak irabazi eta txandaketa politikoa bermatuta gelditu zenean (1982-10-28).
Nazioarte mailako normalizazioa beranduago arte luzatu zen, Espainia OTANen (1982-86) eta Europako Ekonomia Erkidegoan (1986) sartu arte.
Erregeak ez zuen diktadurarekin jarraitu nahi izan eta liberalismo demokratikorako trantsizioa lideratu zuen. Hiru gobernualdi igaro ziren:
- Arias Navarro (1975-76)
- Adolfo Suárez, UCD alderdiarekin (1976-81)
- Leopoldo Calvo Sotelo, UCD alderdiarekin (1981-82)
Arias Navarroren Gobernualdia (1975-1976)
Erregeak Arias Navarro, frankismoaren azken bi urteetako gobernuburua, berretsi zuen monarkia berriko lehen gobernuburu gisa. Izendapenak kritikak piztu zituen, baina erabaki hori aparatu frankista eta armada lasaitzeko hartu zen.
Inmobilismoa eta Errepresioa
Bere gobernuaren ezaugarri nagusia inmobilismoa izan zen, diktadura luzatzeko ahalegin bat, Mugimendu Nazionalaren laguntzarekin. Ondorioz, lan gatazkak eta konfrontazio politikoa areagotu egin ziren, gobernuak errepresioaren bidez erantzunez.
Inmobilismoak Erregea eta Ariasen arteko harremana hoztu egin zuen, Juan Carlos erreforma demokratikoen aldekoa baitzen.
Oposizioaren Erantzuna
Oposizioa elkartu egin zen eta herri-mobilizazioetara jo zuen haustura demokratikoa eskatuz. Hauek ziren eskakizun nagusiak:
- Amnistia orokorra
- Alderdi politikoak legeztatzea
- Lurralde historikoak aintzatestea
- Hauteskundeak
Gizarte protestek gero eta indar handiagoa izan zuten 1976an. Aipagarriena Gasteizko San Frantzisko elizan bilduta zeuden langileen aurkako errepresioa izan zen, poliziak bost pertsona hil eta ehundik gora zauritu zituen (Martxoak 3).
Egoerak behartuta eta erregearen babesik gabe, Arias Navarrok dimititu egin zuen.