Espainiako Trantsizio Demokratikoa (1975-1982)
Trantsizioa: Diktaduratik Demokraziara
1975ean, Francoren heriotzarekin, trantsizioa deritzon aldia hasi zen, 1982an amaitu zena, sozialistek boterea lortu zutenean. Prozesua ez zen erraza izan; alde batetik sektore inmobilista zegoelako, eta bestalde erabateko haustura lortu nahi izan zuen oposizioko sektoreak zeudelako. Gainera, bi joera horien artean beste hirugarren bat sortu zen: sistemaren erreforma egitearen alde zeudenak (itundutako haustura).
Monarkiaren ezarpena
1975eko azaroaren 20an, Gorteek Joan Karlos Borboikoa izendatu zuten errege, eta honek Carlos Arias Navarro izendatu zuen gobernu-buru; bazirudien inmobilismoari eutsiko zitzaiola.
1976tik aurrera oposizioa mobilizatu egin zen, askatasun handiagoa eta hauteskunde demokratikoak eskatuz. Horrela, erregea eta sektore frankista batzuk erregimenaren irtenbide bakarra erreforma bideratzea zela ohartu ziren. Horrela, erregeak bi erabaki hartu zituen: Torcuato Fernández Miranda Gorteetako eta Erresumako Kontseiluko presidente izendatzea eta Arias Navarroren ordez Adolfo Suárez jartzea gobernu-buru.
Erreforma politikoa
Adolfo Suárezen izendapenak inmobilisten zein oposizioaren mesfidantza handitu zuen. Amnistia eman zuenean eta alderdi bakoitzarekin hitz egiten hasi zenean, erregimenaren erreforma politikoa abiarazi zuen, Erreforma Politikorako Legearen bitartez. Horretarako, Fernández Mirandaren eta Gutiérrez Mellado jeneralaren laguntza izan zuen; militarrak lasaitu egin ziren, ez baitzuten erreforma hura begi onez ikusten.
Gorte berriak aukeratu zituzten (bikameralak), eta diktadurako Funtsezko Legeak aldatzeko baimena izango zuten. Gorteek zein herriak erreforma onartu zuten eta trantsizioa hasi zen.
Hauteskunde orokorrak
Gobernuak Gorte berriak aukeratzeko hauteskundeetara deitu zuen 1977ko ekainaren 15erako. Hurrengo alderdi eta koalizio hauek aurkeztu ziren:
- Koalizioak: Unión de Centro Democrático (UCD) Suárez buru zuena, eta Alianza Popular (AP) Manuel Fraga buru zuena (erregimenaren aldeko ordezkariak zirenak).
- Alderdien artean: PSOE, Felipe Gonzálezek zuzenduta; PCE (Partido Comunista de España), Santiago Carrillok buru zuena; eta Partido Socialista Popular (PSP), Enrique Tierno Galván buru zuela.
- Alderdi nazionalistak: Katalunian PDC, Jordi Pujolekin; eta Euskal Herrian EAJ, Karlos Garaikoetxearekin, eta ANV nabarmendu ziren.
Hauteskundeak UCDk irabazi zituen, gehiengo absolututik gertu, eta Suárezek gobernu berri bat antolatu zuen erreformarekin jarraitzeko. 1977ko urrian, gobernuak, patronalak, sindikatuek eta parlamentuko alderdiek Moncloako Ituna sinatu zuten, erreformarekin jarraitzeko konpromisoa hartuz.
1973an hasitako krisiari aurre egiteko neurri-sorta bat onartu zuten. Oposizioko talde ugari ez zegoen konforme haustura harekin eta erabateko haustura eskatzen zuten.
1978ko Konstituzioa
Sistemaren erreforma osatzeko, ezinbestekoa zen konstituzio bat egitea. Horrela, aurreproiektu bat egin zen UCDko hiru kideren eta hauteskundeetan boto gehien jaso zuten alderdietako (PSOE, PCE, AP eta PDC) lau kideren partaidetzarekin. EAJ kanpo geratu zen, abertzaletasunaren esparruan egin zitzakeen eskaeren beldur baitziren.
Testuak harrera ona izan zuen (Euskal Herrian izan ezik), bi ganberek eta 1978ko abenduaren 6ko erreferendumean herritarrek onartu baitzuten. Euskal Herrian abstentzioa izan zen nagusi (EAJren abstentzioak ez zuen ez baietz ez ezetz esan).
Oinarri nagusiak monarkia, erregimen parlamentarioa eta lurralde-antolaketa deszentralizatua izan ziren. Bi zati bereiztu ziren konstituzioan: zati dogmatikoa (oinarrizko printzipioak definitu zituen) eta zati organikoa, hiru gai nagusi antolatu zituenak (eskubideak, erakundeak eta lurralde-antolaketa).