Espainiako II. Errepublika: Konstituzioa eta Erreformak (1931-1936)

Historia14,12 KB

Diktaduratik Errepublikara: Trantsizioa eta 1931ko Hauteskundeak

1931ko Apirileko Udal Hauteskundeetan, Donostiako Ituneko partaideak (sozialistak, errepublikarrak eta katalanistak) hiri nagusietan garaile ateratzean, Alfontso XIII.ak tronua utzi behar izan zuen eta Monarkia suspentsoan geratu zen. Ituneko indarrek berehala aldarrikatu zuten II. Errepublika hiri guztietan (Apirilaren 14an, Eibarren Apirilaren 13an), eta Katalunian Errepublika Kataluniarra aldarrikatu zen Estatuaren barruan.

Estatu eredu berriaren aurrean bi jarrera nagusi agertu ziren:

  • Iraultza sozialista edo nekazal erreformak bultzatzeko egoera baliatu nahi zutenak.
  • Estatu egitura berri hutsa (errepublika demokratiko eta liberala) aldarrikatzen zuten erdi eta goi-mailako klaseak.

Donostiako Ituneko indarrek kontzentrazio gobernua osatu zuten, eta haien buru Derecha Liberal Republicana-ko Niceto Alcalá Zamora jarri zuten. Errepublikar ezkertiarra zen Acción Republicana-ko Manuel Azaña Armadako ministro izendatu zuten.

Lehenengo erreforma dekretuak sinatu eta berehala, Gorte Konstituziogileetarako hauteskundeak deitu zituzten (Ekainaren 28an), emakumeek sufragio pasiboa zutelarik. Hauteskundeak joera zentro-ezkertiarra osatzen zuen Conjunción Republicana-Socialista koalizioak irabazi zituen.

Gobernuak erreformekin aurrera egiten zuen bitartean, Gorteek Batzorde bat aukeratu zuten Konstituzioa idazteko, haien buru Luis Jiménez de Asua sozialista zelarik. Gorteetako presidentea Julian Besteiro sozialista izendatu zuten.

1931ko Konstituzioaren Eztabaidak eta Onarpena

Konstituzioa idazteko eztabaidak nahiko beroak izan ziren, besteak beste, erlijioari eta Elizari ematen zitzaion tratamenduagatik. Horien ondorioz, Niceto Alcalá Zamorak dimisioa aurkeztu zuen. Manuel Azañak (bere ordez Gobernuko presidentea izendatua izan zena) eztabaidetan parte hartu zuen estatu laikoaren alde. Clara Campoamor-ek emakumeen boto eskubidea defenditu zuen.

1931ko Abenduan onartu zen Konstituzioa, 368 boto alde, 0 kontra eta 86 abstentziorekin (eskumatarrek, 17 izan ezik, Gorteetatik alde egin zuten).

1931ko Konstituzioa: Ezaugarri Nagusiak

1931ko Konstituzioa garaiko konstituziorik zabalen eta aurrerakoienetakoa izan zen, neurri batean Weimar-eko errepublikan oinarritua. 125 artikulu eta hainbat xedapenez osatua zen.

Oinarrizko Printzipioak

Hasierako artikuluetan oinarrizko printzipioen aldarrikapena egiten du:

  • Espainia Errepublika bezala izendatzen du, langileek protagonismoa hartzen dute eta ikur nagusien aldaketa adierazten da (ereserkia eta armarria ere aldatuko dira).
  • Espainia integrala bezala definitzen du, zatiketarik gabekoa eta gaztelania derrigorrezko hizkuntza duena.
  • Sufragio unibertsala ezartzen da, eta Espainiako historian lehen aldiz emakumeen sufragio aktiborako eskubidea. Bozkatzeko adina 23 urtetan finkatzen da.
  • Laikotasunaren printzipioa ezartzen da eta gerrari uko egiten zaio nazioarteko gatazkak konpontzeko modu gisa.

Alde Dogmatikoa: Eskubideak eta Betekizunak

Alde dogmatikoari dagokionez (eskubide eta betebeharrak), eskubideen aldarrikapen praktiko, luze eta zabala egiten du: iritzia, prentsa, elkartzea, etab. Espainia zuzenbidezko estatu soziala bezala definitzen du eta langileentzako hainbat eskubideen aldarrikapena egiten da: Jubilazioa, amatasuna, gaixotasunak, langabezia...

Emakumeen botoa aldarrikatzen du (ezkerreko zenbaiten oposizioa izan zuena), dibortziorako aukera, kanposantu zibilak, eta ondorengolegetan gauzatuko den ezkontza zibila egitearen derrigorrezkotasuna ahalbidetuko da.

Erlijioa eta Hezkuntza

Erlijioaren gaian askatasun erlijiosoa ezartzen du baina estatua laikoa da. Elizari debekua ezartzen zaio hezkuntzan aritzeko eta eskoletan erlijioa erakusteko. Irakaskuntza laikoa bezala definituko da ere. Gainera, hainbat ordena “arriskutsu” desegiteko aukera aurkezten du, hiri boto kanonikoez gain beste edonori obedientzia zin eginez gero. Elizari edonolako laguntza ekonomikorik ez emateak Eliza eta Estatuaren erabateko banaketa suposatzen zuen.

Jabetza Pribatua

Jabetza pribatuari dagokionez, arrazoi sozialengatiko desjabetzerako aukera zabala onartzen zen.

Alde Organikoa: Estatuaren Egitura

Alde organikoan, Ganbara legegile bakarra ezartzen da (Gorteak edo Diputatuen Kongresua). Honek aukeratuko du Errepublikako presidentea sei urtetarako. Presidentea diputatuek eta kopuru berean aukeratuko diren konpromisarioek aukeratuko dute.

  • Probintzien eta udalen autonomia aldarrikatuko da.
  • Autonomiak ezartzen ditu erregio historikoentzat eta, Udalen indarrean oinarritutako prozedura baten bidez, erregio hauen Autonomia Estatutuak aprobatzeko aukera herriak erreferendum batean baietza emanez gero eta Gorteen oniritziaren ondoren.
  • Autonomien eskuduntzei dagokienez, Gobernu zentralak zenbait esklusibitate gordeko ditu. Beste arloei buruz autonomiek legislatu ahalko dute eta zenbaitetan bakarrik aplikatu ahalko dute lege arrunta.

Epaitegi konstituzional bat ezartzen da (Tribunal de Garantías Constitucionales delakoa). Azkenik, nazioarteko parte hartzeari dagokionez, gerraren kontrako aldarrikapena egiten du Briand-Kellogg hitzarmena ontzat hartuz, nazioarteko hitzarmenak Espainiako legearen barruan txertatuz.

Konstituzioa aprobatzean ez ziren hauteskunde berriak deitu eta Niceto Alcalá Zamora aukeratu zen presidente berria, Manuel Azaña Gobernu burua zelarik.

Errepublikaren Lehen Erreformak (1931-1933)

Errepublika aldarrikatzean eta 1933ra arte, konstituzioarekin batera, hainbat erreforma egin ziren:

Hezkuntza

HEZKUNTZA arloan, analfabetismoaren (populazioaren %44) kontra borrokatzeko eskola publiko berri pila bat egin zen ”Eskola Bateratua”ren egitarauan (10.000). Batxilerrak ugaldu ziren, Eskola Normalak erreformatu ziren eta ILE bezalako erakundeak bultzatu. ”Ley de Instrucción Pública” delakoa egin zen sistema arautu eta orden erlijiosoek uzten zuten hutsunea bete ahal izateko.

Erlijioa eta Antiklerikalismoa

ERLIJIOari dagokionez, erreformen kontrako eskutitza idatzi zuen Segura Kardinala erbestera bidali zuten, eta jesuitak desegin. Hauei erantzunez, antiklerikalismoa zabaldu egin zen eta komentu zein elizen erreketak egin ziren (Errepublika hasierako hilabeteetan Segura beraren aurka gertatutakoetan bezala). Balore karlisten oinordeko moduan eta Eliza bultzatzeko Comunión Tradicionalista elkarte politikoa bultzatu zen indar handiz.

Langile eta Nekazarien Errebindikazioak

LANGILE ETA NEKAZARIEN ERREBINDIKAZIOEI dagokienez, langileen lan-baldintzak erregulatzeko lege eta dekretuak egin ziren (“Ley de Contratos de Trabajo”, “Ley de Asociaciones Profesionales”). Zortzi orduko lana ezarri zen eta nekazaritzako jornalarien lan-kontratuak erregulatzen zituen “Decreto de términos municipales” (soldaten erregulazioa egiten zuen nekazal arloko herrietan, jornalarien kontratuetan sindikatuen parte hartzea arautzen zuten eta beste herrietatik gutxiago ordainduta zitezkeenena kontratazioari betoa ezartzen zien, besteak beste), edo Epaitegi Mistoak bezalakoak (industriara ere zabaldu ziren, lan araudia aplikatzen zuten eta kontratazioetan eskuduntzak zituzten) agindu ziren.

Nekazal Erreforma

Nekazal eremuan Nekazal Erreformaren Legea izan zen legerik garrantzitsuena (Ley de Reforma Agraria –IRA-). Honek lurren desjabetzeak ahalbidetzen zituen:

  1. Espainiako Nobleziako Handikiena, kalte-ordainik gabe.
  2. Tamaina ertainetakoak kalte-ordain bat emanez.

Estatuko lur hauetan nekazariak finkatu zituzten alokairu baten truke. Errendamenduen luzapen automatikorako eskubideak aldarrikatu ziren ere. Erreforma hauek helburu hirukoitza zuten: soziala (nekazarien eskaerei erantzun bat zelako), politikoa (eskumatarrak ziren lurjabe handien kontra jotzeko aukera ematen baitzuen) eta ekonomikoa (produkzioa igotzeko aukera ematen zuelako).

Erreformen Geldozia eta Tentsioak

Baina erreformen gauzatze praktikoa geldoa eta eskasa izan zen, Frente Popularra-ren azken fasean berriro aktibatu bazen ere. Anarkistek eta komunistek ere, geldotasun honetaz jabetuta, neurri zuzenagoak eskatzen zituzten. Horrela, orokorrean anarkistek bultzatutako Castilblanco, Alt Llobregat, Arnedo eta, batez ere, Casas Viejas-eko bezalako gertakariak eman ziren, Guardia Zibilaren edo Guardias de Asalto-koen parte hartze odoltsuaz.

Autonomiak

AUTONOMIAK. Kataluniako Errepublikarekin batera Autonomia Estatutua onartu zen Konstituzioa bera baino lehenago (Nuriako estatutua), baina geroago moldatu behar izan zuten Konstituzioaren aginduetara. Azkenik, 1932an onartu zen, ERCko Francesc Maciá Generalitat-eko President-a zela.

Euskal Herrian PNV eta karlistek osatutako koalizioak Estella (Lizarra)ko Estatutua aurkeztu zuten 1931an, baina Azañak ez zuen ontzat eman, besteak beste, Vatikanoarekin proposatzen zituen harremanak zirela eta. Diputazioetarako izendatutako Gestorek proiektu berri bat idatzi zuten, baina nafar udalen gehiengoak ezetz esan zuen. Hiru lurraldeak Estatutu berria aurkezten zutenean, Arabako erreferendumean boto nahiko egon ez zenez, Lerrouxek atzera egin zuen. 1936an onartu zen estatutua, gerran zeudela.

Armada eta Errepublikaren Aurkako Konspirazioak

ARMADA-k arazo potentzial handia suposatzen zuen Errepublikaren biziraupenerako. Azañak berehala hartu zituen neurriak arazo haiek neutralizatzeko asmoz:

  • Francok zuzentzen zuen Zaragozako Akademia Militarra itxi zuen.
  • Ofizialen kopurua 21.000tik 8.000ra jaitsi zuen, Erretiro legea eta antzeko neurriak hartuz.
  • Militarrei agindu zitzaien Errepublikari fideltasuna zin egin behar ziotela.
  • Guardias de Asalto Polizia Urbanoaren gorputz berria sortu zuen.

Hala ere, Sanjurjo jeneralak Estatu Kolpea ematen saiatu zen 1932ko abuztuan. Zigor moduan Portugalera erbesteratua izan zen.

Eskumako Biurtekoa (1933-1935)

Gobernu zentro-ezkertiarreko bi urte hauetan arazoak ugariak izan ziren. Casas Viejas-eko gertaeretatik izan zuten ezkerrekoen kritika gehitu behar zaio Sanjurjada eta Nazioarteko testuinguru txarra: Krisi ekonomikoa pil-pilean zegoen eta faxismoaren gorakada Alemanian eta Italian.

Azken hauen profil berdinarekin Jose Antonio Primo de Riverak Falange Española alderdi totalitarioa sortu zuen, adar paramilitarra zuena. Antzeko izaera zuen Juntas de Ofensiva Nacional Sindicalista (JONS). Bestalde, karlistek berariazko talde paramilitarrak sortu zituzten: reketeak. Jose Calvo Sotelo-ren Renovación Española-ko monarkiazaleak eta Gil Robles-en “Acción Popular”-ak eskumatarrak elkartzen zituzten. Presio guztiei Elizak egiten zuena gehitu behar zaie.

Giro nahasian, alderdi radikaleko Lerroux eta Martinez Barriok aukera izan zuten Gobernua eratzeko baina porrot egin zuten. 1933ko azaroaren 19ko hauteskundeak Gil Roblesen CEDA-k (Confederación Española de Derechas Autónomas) irabazi zituen Lerroux-en radikalekin batera. PCE-k bere lehen diputatua atera zuen.

Samper-en saialdiaren ostean Lerroux-ek berak sortu zuen Gobernu berria Alcalá Zamoraren aginduz. Honek hasiera eman zion Eskumako biurtekoari eta hasitako erreformak gelditu egin zituen: nekazaritza, eskola laikoena, dibortzioarenak, autonomiei ezarritako trabak... CNT eta PCE koek altxamenduak eta lurren okupazioen dinamika jarraitu zuten, batez ere, Aragoin.

1934ko Iraultza

CEDA gobernuan sartzean talde ezkertiarrek (PSOE, UGT, CNT...) Iraultza saio bat hasi zuten 1934ko Urrian. Lluís Companys, Generalitat-eko President zenak, Estat Català aldarrikatu zuen Katalunian. Mugimenduak indarra hartu zuen Euskal Herrian, Madrilen eta, batez ere, Asturiasen. Alde honetan langile erakundeek hamabost egunez kudeatu zuten botere erreala, baina Franco jeneralen errepresioaren ondoren iraultza saioa zapuztuta geratu zen, 1300 hildako (1000 bat iraultzaileen artean eta 300 indar publikoetan) eta kartzelaratu eta erbesteratu ugari utziz (horien artean Generalitat osoa).

Fronte Popularra eta Gerra Zibilaren Hasiera (1936)

Alderdi Radikaleko gobernu saiakeraren porrotaren ostean (Chaparieta), 1936an Strauss eta Pearl-ek sortutako iruzur kasuengatik Portela Valladares Gobernuak dimisioa eman behar izan zuen eta hauteskunde berriak deitu zituen.

Ezkerra bateratua aurkeztu zen Frente Popular-ean: PSOE, PCE, IR, UR, POUM, ERC, ANV eta beste zenbait alderdi txiki (ideologia anarkista zuen Pestañaren Partido Sindicalista) eta hauteskundeak irabazi zituen. Azaña izendatu zuten Gobernu buru eta gerokoan Presidente berria, apirilaren 26an konpromisarioak aukeratzeko hauteskundeen emaitzaren ondorioz (Izquierda Republicana-ko Casares Quiroga gobernu buru) eta 1934ko errepresaliatuei Amnistia eman zitzaien. Erreformekin aurrera jarraitu zen.

Tentsioak eta Uztailaren 1936ko Kolpea

Gizartearen muturreratzea eman zen eta tentsioak agerikoak ziren. Franco eta Goded Kanarietara eta Balearretara bidali zituzten hurrenez hurren. Aragoi eta Extremaduran ezkerreko taldeek egin zituzten lur okupazio eta mobilizazioei antiklerikalismoaren areagotzea gehitu behar zaio.

Eskumako talde paramilitarrek Erasorako Guardien ofiziala zen Castillo Tenientea erail zuten, eta ezkerrekoek uztailaren 13an Renovación Española talde monarkiko eskumatarren buru zen José Calvo Sotelo.

Giro gatazkatsu honetan, 1936ko uztailaren 18an lau generalek, Goded, Mola, Sanjurjo eta Franco-k, Estatu Kolpea eman zuten, hiru urte iraungo zuen Gerra Zibilari hasiera emanez.

Deskargatu

PDF Word HTML