Espainiako Errestaurazioa (1874-1923): Sistema eta Krisiak

Historia11,54 KB

Borboitarren Dinastiaren Itzulera (1874)

1868 eta 1874 artean Seiurteko Iraultzailea eman zen I. Errepublikarekin, baina 1874ko abenduan Pavía jeneralak estatu kolpea jo zuen, Serrano gobernuburu jarriz. Espainiako arazoak konpontzeko irtenbidea monarkia berrezartzea zela esaten zen. Abenduaren 29an, Martínez Campos jeneralak pronuntziamendua egin zuen Alfontso XII.aren alde, Errege izendatuz. 1875eko urtarrilaren 9an, Alfontso XII.a Espainiara sartu zen, Errestaurazio sistema ezarriz.

Alfontso XII.a (1875-1885)

Alfontsoren erregetzako gobernuburu eta ideologo nagusia Antonio Cánovas del Castillo izan zen. Helburu nagusia egonkortasun politikoa sortzea zen, garapen ekonomiko eta soziala lortzeko.

Cánovasen neurri nagusiak

  • Elizaren babesa lortzeko: Erregimen berriak hartutako lehen neurrietako bat izan zen.
  • Bakea lortzeko: Altxamendu kantonalak zapaldu zituen, Bigarren Gerra Karlista amaitu zuen, eta 1878ko Zanjoneko Bakearekin Kubako auziaren behin-behineko bakea lortu zuen.
  • Adostasuna lortzeko: Liberal moderatu eta aurrerakoien arteko adostasuna lortzeko, bipartidismoa, txandakatzea eta kazikismoa ezarri zituen.
  • Militarrak politikatik baztertzeko: Erregea armadako agintari gorena jarri zuen, altxamendurik ez izateko.

1876ko Konstituzioa

XIX. mendeko bi konstituzioren (1845 eta 1869) ezaugarriak jasotzen ditu. Espainiako historian denbora gehien egon zen indarrean.

Ezaugarri nagusiak

  • Subiranotasuna: Konpartitua Gorteen eta Erregearen artean.
  • Agintarien banaketa: Ondo banatu gabea. Monarkak Gobernuko burua izendatzeko ahalmena zuen.
  • Parlamentua: Bi ganberatakoa.
    • Senatua: Sufragio zentsitariokoa, aberats eta boteretsuek osatua, bizi artean senatari zirenak.
    • Kongresua: Sufragio mota zehaztu gabea (1890 arte zentsitarioa, gero unibertsala).
  • Askatasun indibidualak: Oso zabalak, baina praktikan hauek zapaltzeko legeak zeuden.
  • Erlijioa: Estatu konfesionala zen, baina beste gurtzak errespetatuz.
  • Erregea: Botere handia zuen:
    • Inoren aurrean erantzukizunik ez.
    • Beto eskubidea botere legegilean.
    • Gorteak deitu eta eteteko eskubidea.
    • Botere exekutiboa.

Bipartidismoa eta Txandakatzea

Sistema konstituzioa eta monarkia errespetatuko zituzten bi alderdi handien arteko botere txandaketan oinarritzen zen. Burges garrantzitsuek osatzen zituzten, eta sufragio zentsitarioa zenez, hauek bakarrik bozkatzen zuten.

Alderdi nagusiak

  • Alderdi Kontserbadorea (Cánovas): Moderatuek osatua (jabe handiak, aristokrazia, eliza...).
  • Alderdi Liberala (Sagasta): Aurrerakoiek osatua (burgesia, erdi klasea...).

Alfontso XII.a hiltzean, El Pardoko Ituna sinatu zuten bipartidismoak eta txandakatzeak jarrai zezaten.

Zentralismoa eta Kontrol Ideologikoa

Agintekeria eta zentralismo politikoa nabarmenak ziren. Adierazgarriena, lege baten bidez Euskal Probintzietako foruak ezabatzea izan zen. Zentralismoaren ardatza Madril zen: alkateak Gobernuak jarriko zituen, eta probintzietako aurrekontuak Gobernuak onartu behar zituen. Zentsurarekin, egunkariak Estatuaren kontrolpean zeuden.

Kazikismoa eta Hauteskunde-ustelkeria

Txandakatzea bermatzeko, hauteskundeetan manipulazioa eta iruzurra erabiltzen zituzten. Horretarako, hainbat pauso jarraitzen zituzten:

  1. Erregeak gobernua aldatu behar dela agintzen du.
  2. Erregeak oposizioko buruari gobernu berria osatzeko agintzen dio.
  3. Erregeak parlamentua desegiten du.
  4. Gobernuburu berriak hauteskundeak deitzen ditu.
  5. Gobernu berriak hauteskundeak manipulatzen ditu berak irabazteko.

Manipulazio tresnak

  • Gobernua: Encasillado deiturikoa egiten zuten, barruti bakoitzerako hautagaien zerrendak prestatuz.
  • Kazikea: Pucherazo deiturikoa egiten zuena. Horretarako, hauteskunde errolda edo aktak faltsutu, botoak erosi edo mehatxuak egiten ziren.
  • Gobernadore Zibila: Gobernuaren eta kazikeen arteko bitartekari lana egiten zuena zen.

Kazikea nekazal eremuetako jauntxoa zen, herrian itzal handikoa. Aldeko botoak jaso eta hauteskundeak moldatzen zituzten, batez ere faktore hauen ondorioz:

  • Atzerapen ekonomikoa.
  • Nekazarien mendekotasuna lurjabeenganako.
  • Analfabetismoa.

Horrela, nekazal eremuetan kazikeen eragin handia zegoen, manipulazioa erraztuz. Parlamentuaren gehiengoa Alderdi Kontserbadoreak edo Liberalak osatzen zuen, eta gutxi batzuk oposizioak.

Erregimenaren Bilakaera eta Krisia

Txandakatze sistemak egonkortasun politikoa lortu zuen, eta horrek garapen ekonomikoa ekarri zuen gizartearen garapenarekin batera. Hezkuntza handitu ahala, jendea iruzurrarekin jabetzen hasi zen, eta sistema krisian sartu zen.

Maria Kristinaren Erregeordetza (1885-1902)

1885ean Alfontso XII.a hil zen, eta Maria Kristinaren erregeordetza hasi zen, El Pardoko Ituna sinatu ondoren. Sagastak erregimena demokratizatu zuten bost gobernu izan zituen.

98ko Hondamendia

Errestaurazioaren krisia hasi zen, Espainiako azken koloniak galtzearen ondorioz.

Kolonien egoera

  • Kuba eta Puerto Rico: AEBetatik oso gertu zeuden. Espainiak muga-zerga gogorrak jartzen zizkien, eta Espainiako produktu garestiak erosi behar zituzten. Esklabotza bermatzen zuen oligarkia oso txikiaren onurarako zen egoera.
  • Filipinak: Uharteen jabetza indar militar eta erlijio-ordenak bertan egoteari esker mantendu zen.

1868an Kuban autonomiaren aldeko mugimenduak hasi ziren. Hamar urteko gerra 1878an amaitu zen Zanjoneko Bakearekin, autogobernua emateko. Puerto Ricon antzerako prozesua gertatu zen. 1892an, Martík Kubako Alderdi Iraultzailea sortu zuen, independentziaren alde. Gerra areagotu zen, eta Espainiak errepresio-politika gogorrak jarri zituen. AEB gatazkan sartu zen Maine korazatuaren leherketa aitzakiatzat hartuz, gerra-deklarazioa eginez.

Hiru porroten eraginez, 1898ko abenduaren 10ean Parisko Bakea sinatu zen. Kuba independente bihurtu zen, eta Puerto Rico eta Filipinak AEBen esku geratu ziren.

Ondorioak

  • Militarrak: Gerrako porrotak eta hildakoak armadaren haserrea ekarri zuten.
  • Moralak: Gizarteko pesimismoa.
  • Ekonomikoak: Koloniek zekarten aberastasuna galdu zen.
  • Politikoak: Errestaurazioa krisian sartu zen.

Egoera honek 98ko Belaunaldia ekarri zuen. Hainbat idazlek sistemari kritika gogorra egin zioten. Regeneracionismo izeneko mugimendua sortu zuten intelektual talde batek, berrikuntza sakonak eskatuz: erreforma politiko eta hezkuntzakoak.

Pentsamendua: Espainian oligarkia ekonomiko eta politikoak jauntxokeriaren bidez herriaren borondatea ezabatu zuenez, ezinezkoa zen klase ertainaren demokrazia lortzea. Erregimenak modernizazio eta aurrerapen-arazoei aurre egiteko zituen mugak agerian geratu ziren.

Alfontso XIII.a (1902-1923) eta Errestaurazioaren Krisia

Alfontso XIII.aren erregealdian, bipartidismoa krisian sartu zen. Alderdi nagusien arteko barne gatazkak sortu ziren, txandakatze sistema ezinezkoa bihurtuz. Oposizioko alderdiak indartu ziren: errepublikazaleak, langile mugimenduak eta alderdi abertzaleak.

Aste Tragikoa (1909)

Marokoko gerrako hondamendia zela eta, Maurak Bartzelonako eta Madrilgo unitate indargarriak (erreserban gelditutako soldaduak) deitu zituen, Marokon trenbidea eraikitzen ari ziren espainiarrak defendatu eta armada indartzeko.

Lehenengo soldaduak Bartzelonako portutik irtetean, horren aurkako kanpaina sozialista gogortu eta istiluak hasi ziren. Marokoko egoera larritu zenean, langile-indarrek greba orokorrerako deia egin zuten, eta Bartzelonan gerra-egoera aldarrikatu zen. Hiria astebetez blokeaturik geratu zen; manifestazioak eta greba orokorrak gertatu ziren, langile klase osoa borrokan elkarturik zegoela.

Gero, zapalkuntza gogorra etorri zen. Auzitegi militarrek altxamenduko buruzagien aurka egindako prozesuen ondorioz, oposizio nazionala garatu zen. Horren adibide da Montjuïcen Ferrer Eskola Modernoaren sinboloa fusilatzeak sortutako eskandalua. Ondorioz, Maura askatasun eta aurrerakuntzen aurkako ikur gisa agertu zen.

1917ko Krisia

Lehen Mundu Gerrako Espainiaren neutraltasunaren eraginezko negozioen ondorioz, batzuk aberastu eta besteak pobre geratu ziren. Dena esportatzen zen, bizimodua gero eta garestiagoa zen, eta klaseen arteko desorekak handitu ziren.

1917ko krisia hiru mugimendu iraultzailek osatu zuten: militarrak, burgesiak eta proletalgoak. Krisiaren ostean, monarkia oso ahulduta geratu zen, eta proletalgoak klase-kontzientzia nabarmendu zuen.

Hiru krisi motak

  1. Militarren protesta: Marokoko gerrako porrotek eta soldaduen soldata eta lan egoera txarrek sortu zuten. Defentsako Batzordeak sortu ziren. Helburuak: gerrako merezimenduen igoera ekiditea, soldata-igoera eskatzea, Parlamentuko politikariei aurre egitea eta gobernuek eta herriak armada gehiago errespetatzea. Azkenean, 1918an Armadaren Legea sortu zen, non helburuak lortu zituzten.
  2. Parlamentarien matxinada (Burgesia): Burgesiak sistema politikoaren aurkako iraultzarako saiakera izan zen, arrakastarik gabea, proletalgoa eta kontrola galtzeko beldurragatik. 1917tik Gorteak itxita zeudenez, oposizioa elkartu zen Gorteak ireki eta iruzurrekin amaitzeko. Aurrerakoiek oligarkiaren aurka egindako altxamendua izan zen, indarren adostasun zabaleko gobernua eratzeko helburuarekin. Parlamentarien Biltzarrak Gobernuaren aurka egin zuen, baina Gobernuaren kontraerasoa iritsi eta biltzarra desegin zuen. Mugimendu honek indarra galdu zuen, batez ere gizarte-iraultzak sorturiko beldurra zela eta.
  3. Langileen greba orokorra (Proletalgoa): Aurreko bi mugimenduek kalte egin zioten. Militarrak prest zeuden errepresioa erabiltzeko. UGTk greba politikoa proposatu zuen, erregea irten eta errepublikanoekin behin-behineko gobernua eratzeko. Gero, UGT eta CNT harremanetan hasi ziren, prezio oso altuak merkatzeko. Presidenteak arazoa konpontzea agindu zuen, baina greba egiteko prestatu ziren. Azkenean, Valentzian trenbideko eta tranbiako langileen greba egin zen, eta gero greba gehiago etorri ziren industria-herrietan, hildako eta zaurituekin. Armadaren jarrera oso gogorra izan arren, zaila izan zen greba menderatzea. Armadak ospea galdu zuen gizartean eta bizitza politikoan esku hartzea erabaki zuen.

1923ko Diktadurara Eraman Zuten Faktoreak

  • Ezegonkortasun politikoa: Bipartidismoan eta txandakatzean zegoen ustelkeriak sistema ezinezkoa bihurtu zuen, eta horri Parlamentarien matxinada gehitu zitzaion.
  • Desordena publikoa eta langile mugimenduen erradikalizazioa: 1917an Errusian iraultza sozialistak arrakasta izan zuenez, hemen hori lortzeko esperantza gehitu zen, eta Espainia osoan grebak, protestak eta istiluak egon ziren.
  • Marokoko Gerrako porrota: 1921ean, Espainiar Armadak porrot handia jasan zuen (Annualeko hondamendia), eta erruduntzat Alfontso XIII.a erregea hartu zen.

Deskargatu

PDF Word HTML