Espainiako Demografiaren Eboluzioa: Erregimen Zaharretik Trantsiziora

Geografia3,82 KB

Erregimen Demografiko Zaharra (XX. mendera arte)

Erregimen demografiko zaharra XX. mendearen hasiera arte egon zen indarrean Espainian.

Jaiotza-tasa altuak

  • Landako ekonomia eta gizartea ziren nagusi. Seme-alabak oso gazte hasten ziren lanean, haiek mantentzea merkea zen eta gurasoen etorkizuna bermatzen zuten.
  • Ez zegoen sistema eraginkorrik jaiotzak kontrolatzeko; aukera bakarra krisialdietan ezkontzaren adina atzeratzea zen.

Heriotza-tasa handia eta gorabeheratsua

  • Elikadura-dieta eskasa eta desorekatua zen, nekazaritza-produktibitatea txikia zelako eta proteinarik ia ez zelako hartzen. Ogia oinarrizko jakia zen; haragia, esnea eta arrautzak, berriz, urriak ziren. Ondorioz, biztanle gehienak gaizki elikatuak eta ahul zeuden.
  • Airetik, uretatik edo jakietatik transmititutako gaixotasun infekziosoak oso ugariak ziren. Medikuntza oso atzeratua zegoen, eta ez zegoen higiene pribatu eta publiko egokirik.

Heriotza-tasa handiarekin batera, heriotza-tasa katastrofikoa zuten uneak zeuden.

Haurren heriotza-tasa ere handia zen, eta bizi-itxaropena, txikia, batez ere haurren eta amen heriotza-tasa oso altua zelako.

Hazkunde natural txikia

Jaiotza- eta heriotza-tasa handien ondorioz, berezko hazkundea txikia zen.

Trantsizio Demografikoa (1900-1975)

Jaiotza-tasaren beherakada leuna

Jaiotzek modu leun eta ez-jarraituan egin zuten behera. Beherakada handiko aldiekin batera, berreskuratze-aldiak egon ziren, gertaera historikoen arabera.

  • 1920ko hamarkadan: Jaiotza-tasa beherakadatik berreskuratu zen, oparotasun ekonomikoari esker.
  • 1930-1956: Beherakada berriz hasi zen. Hainbat faktorek eragin zuten: 1929ko krisi ekonomikoak, Bigarren Errepublikako ezegonkortasun politikoak, Gerra Zibilak (jaiotzen beherakada handia eragin zuen) eta gerraosteko egoera zailak. Gerra ostean, milaka pertsonak erbestera jo zuten eta zailtasun ekonomiko handiak zeuden, politika autarkikotik eta nazioarteko bloketik eratorrita. Horren eraginez, ez zen gertatu gerren ostean egon ohi den jaiotzen berreskuratzea. Francok jaiotzen aldeko politika garatu zuen (jaiotza-sariak ezarri eta antisorgailuak debekatu zituen), baina ez zen nahikoa izan joera hori konpentsatzeko.
  • 1956-1965: Jaiotza-tasa berreskuratu egin zen.
  • 1965-1975: Familiaren tamaina txikiagotu egin zen berriro. Izan ere, industriako eta hiriko bizimodua sendotu zen, etxebizitza-arazo handiekin, eta horren eraginez, seme-alaben balio ekonomikoa txikitu egin zen.

Heriotza-tasaren beherakada nabarmena

Heriotza-tasa orokorrak nabarmen eta jarraituan egin zuen behera trantsizio demografikoan, bi une katastrofikotan izan ezik: 1918ko gripea eta Gerra Zibila. Arrazoi nagusiak bizi-mailaren hobekuntza eta medikuntza eta osasun arloko aurrerapenak izan ziren, aurretik zeuden heriotza-arriskuak murriztu baitzituzten.

  • Bizi-mailaren hobekuntza: Dietak hobera egin zuen, eta 1960ko hamarkadan malnutrizioa eta gerraosteko urritasuna gainditu ziren. Hezkuntza- eta kultura-mailak gora egin zuten, eta horrela prebentzioa indartu zen.
  • Medikuntza-aurrerapenak: Aurrerapen aipagarrienak txertoak eta antibiotikoak merkaturatzea izan ziren. Horiei esker, 1918ko gripetik aurrera epidemien ondoriozko heriotza-tasa katastrofikoak ezabatu egin ziren, eta kliniketan erditzea orokortu zen. Osasunaren arloko beste aurrerapen garrantzitsu bat higiene pribatua eta publikoa hobetzea izan zen. Ondorioz, haurren heriotza-tasak behera egin zuen eta bizi-itxaropenak, gora.

Hazkunde natural handia

Horren ondorioz, trantsizioko berezko hazkundea handia izan zen, batez ere 1920-1965 bitartean.

Deskargatu

PDF Word HTML