Espainiako Berrezarkuntza (1874-1902): Sistema Politikoa eta Krisia

Historia13,54 KB

Sarrera eta Berrezarkuntzaren Prozesua

1868ko Iraultza benetako porrota izan zen, eta etengabeko desgobernu sentsazioa gero eta indartsuagoa bihurtu zen herrialdean. Gizarteko sektore batzuk ordena liberal eta kontserbadorea arriskuan egotearen beldur izan ziren, eta, horregatik, Alfontso printzearen pertsonan Borboi dinastia berrezartzearen alde mobilizatu ziren. Seiurteko demokratikoak ekarri zuen itxaropenaren porrota desagertua zen.

Berrezarkuntzaren ezarpena (1874)

Alfontso printzea, Elisabet II.aren semea, Espainiako errege izendatzeko prozesua martxan zegoen. Prozesu luzea eta korapilatsua izan zen, baina Antonio Cánovas del Castillok trebetasunez jokatu zuen, eta lehen urrats bezala alderdi alfontsinoa sortzea lortu zuen. Gainera, Cánovasek Elisabet II.a erreginak bere seme Alfontso XII.arengan abdikatzea lortu zuen, gizarteak ez zuelako begi onez ikusiko bere itzulera eta berrezarkuntza arriskuan egongo zelako.

Testuinguru honetan, 1874ko urtarrilaren 3an Pavía jeneralaren kolpearen ondoren, Serrano jeneralaren diktadura ezarri zen. Egoera hartan, 1874ko abenduaren 1ean, Alfontso printzeak Sandhursteko Manifestua jaurti zuen. Abenduaren 29an, Sagunton, Martínez Campos jeneralak Alfontso XII.a Espainiako errege izendatu zuen. Egoera hau ez zuen ondo ikusi Cánovasek, hala ere, Martínez Camposen adierazpenak prozesua bizkortu zuen.

1876ko Konstituzioa eta Sistema Politikoa

Erregimen berriaren boterea ezartzeko konstituzio berria jarri zen, eta horretarako deitu ziren hauteskundeak. Horren ondoren, Antonio Cánovas del Castillok ezarritako baldintza bat hurrengoa izan zen: onartzea konstituzio horren aurretik ere bazegoela beste konstituzio historiko bat, Monarkia alderdi politikoen gainetik jartzen zuena.

Idazketa prozesua oso azkarra izan zen, eta erlijio katolikoaren gaiak sortu zituen liskar bakarrak. 1876ko urtarrilean Gorteek aurreproiektua onartu zuten aldeko 333 botorekin eta kontrako 63rekin. Azkenik, behin betiko testua maiatzaren 24an onartu zen.

1876ko Konstituzioaren ezaugarri nagusiak

  • Testu laburra izan zen, aurreko testuekin alderatuta (89 artikulu). Itunean oinarrituta egotean, ez zen oso zehatza. Horrek alderdi politiko bakoitzak bere ideologiari jarraiki Konstituzioa hartzea eragin zuen.
  • Gorteek eta Erregeak partekatutako subiranotasuna. Monarkia jarraitasun historikoaren adierazle onena zen eta ordena sozialaren bermea baitzen (28. artikulua).
  • Ez zen boto-sistemarik zehaztu. Hori dela eta, ondorengo lege batzuek zehaztu zuten nola bozkatuko zen Espainian. 1878ko legeak errolda-sufragioa ezarri zuen, eta 1890koak sufragio unibertsala berreskuratu zuen.
  • Konfesionaltasuna eta erlijio-askatasuna (11. artikulua). Ohitura zenez, Espainiaren erlijioa zein izango zen erabakitzea arazo eta eztabaida gehien ekarri zituen puntua izan zen. Azkenean, Konstituzioak Espainia herrialde konfesionala izatea eragin zuen, eta kultuari eusteko konpromisoa hartu zuen. Hala ere, erlijio-askatasuna ezarri zen, baina esparru pribatura mugatuta.

Txandakatze Sistema (Turnismoa)

Desegonkortasun politikoarekin amaitzeko asmoz, Cánovasek asmatutako sistema politikoan monarkia zen erdigunea, eta alderdi politikoek haren zerbitzari izan behar zuten. Bi alderdi nagusitu ziren, eta haien arteko txandakatze baketsu sistema batean oinarritu zen Espainiako politika:

  • Alderdi Kontserbadorea, Cánovas buru zena.
  • Alderdi Fusionista, Sagasta buru zena.

Alderdi Kontserbadorea eta Fusionista

Alderdi Kontserbadorea ordena publikoa goraipatzen zuen eta Elizaren nagusitasuna babestu zuen jabetza pribatuarekin batera. Bere gizarte oinarriak burgesia latifundista, finantza-burgesia, aristokrazia eta Eliza katolikoaren hierarkia izan ziren.

Alderdi Fusionistari dagokionez, erreforma sozialen alde azaldu zen eta nolabaiteko laizismoa bultzatu zuten Estatuan. Bere oinarri-taldeak hauek izan ziren: industrialak eta merkataritza-burgesia, lanbide liberalak, erdiko klaseak eta Estatuko funtzionario asko.

Turnismoan oinarritutako sistema eratu zuten. Gobernatzeko modu hau 1881ean ofizial egin zen Sagastak Cánovasen lekua hartu zuenean gobernuan. Militarren erabakiek, sistema aldaketek eta gainerakoek aurreko aldietan ekarri zituzten arazo guztiak saihestea zen helburua.

Hauteskunde-iruzurra eta Kazikismoa

Bestalde, boterean zegoen alderdi politikoak krisi edo ahultasun egoera bizi zuenean, oposizioan zegoen alderdiak presioa egiten zuen. Horrela, erregeak gobernatzera deitzen zion. Baina Gorteen laguntza ere beharrezkoa zen. Horregatik, erregeak oposizioko alderdia gobernua osatzeko izendatzen zuenean, Gorteak aukeratzeko hauteskundeak deitzen ziren. Une horretan, hauteskunde sistema manipulatzen hasia zen.

Horretarako ezinbestekoa izan zen lauki-sarea. Sistema honen arabera, Gobernazio Ministerioak probintzia bakoitzean hauteskundeak irabazi behar zituen hautagaiak aukeratzen zituen. Probintzietako Gobernadore Zibilak hautesleak kontrolatu behar zituen herrietako alkateekin eta kazikeekin batera.

Hala eta guztiz ere, gerta liteke Gobernuak erabakitako hautagaiek galtzea. Horrelako egoeretan, hauteskundeetako emaitzak zuzenean manipulatzeari ekiten zioten pucherazoaren bitartez. Cuneroak deiturikoak ere egon ziren. Bestetik, mehatxu teknikak erabili izan ziren.

Oposizio Politikoa eta Gizarte Mugimenduak

Beste alderdi batzuk egon ziren, baina boteretik at.

Alderdi Errepublikanoak eta Karlistak

Errepublikanoak (Emilio Castelar eta Pi i Margallen alderdiak) gerora lau alderdi sortuko dira:

  • Alderdi Posibilista: Emilio Castelarrek zuzendua. Alderdi moderatuena izan zen.
  • Ruiz Zorrillak eta Salmeronek zuzendutako sektoreak (Sektore Instituzionalista).
  • Alderdi Federalak: Pi i Margallek zuzenduta, gainerakoak baino hobeto zegoen definituta. 1880tik 1931era batuta iraun zuten.

Alderdi Karlistak oinarrizko printzipioak edukitzen jarraitzen zuten. Alfontso XII.a hil ostean, karlistek defendatzen zuten dinastia berrezartzeko aukerarik gabe geratu ziren. Baina ez zuten gizarte-oinarri sendorik, bakarrik Euskadin, Nafarroan eta Gaztelan. 1896tik aurrera ahulduz joan zen barne banaketa areagotu zelako ziurgabetasun aldia izan zen karlismoarentzat.

Nazionalismoen gorakada

Kataluniako Nazionalismoa

XIX. mendeko azken hamarkadan sortu zen, politika liberal zentralistak ez zituelako hainbat arlo kontuan hartzen. Renaixença mugimendua sortu zen eta mugimendu politiko bihurtuko zen. Bi eredu politiko sortu ziren:

  • Errepublikanismo Federala: Sustatzaileak (Valentí Almirall) Kataluniaren subiranotasuna eskatzen zuen.
  • Joera Kontserbadore eta Korporatiboa: Zenbait aukera defendatu zituzten, baina 1901ean Liga Erregionalista eratu zen, kataluniako nazionalismoaren lehen alderdi handia.

Euskal Nazionalismoa

Hiru elementuk baldintzatu zuten: foruzaletasuna, Karlistaldien ondoren foruak deuseztatzea eta industrializazio-prozesuak. Literatura foruzalea izan zen hasierako euskal nazionalismoaren oinarria. Euskal nazionalismoaren buruzagiak karlismotik zetozen, adibidez, Sabin Arana. 1894ean elkarte katoliko hertsi bat sortu zuen: Euskaldun Batzokiya deiturikoa, hortatik sortuko zen Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ). Gainerako nazionalismoak ez ziren hain garrantzitsuak izan.

Langile Mugimendua

Azkenik, langile-oinarria zeukatenak. 1879an Pablo Iglesiasek Espainiako Langile Alderdi Sozialista (PSOE) sortu zuen, langile-klasearen eskubideak defendatzeko. PSOE-k marxismoaren ideia iraultzailearekin bat egin zuen. 1888an Bartzelonan, Langileen Batasun Orokorra (UGT) sortu zuten.

Anarkismoa izan zen Berrezarkuntzan eragin handiena zuen langile ideologia. Giuseppe Fanellik sartu zuen ideologia hori Espainian. Anarkismoak botere mota orori egiten zion aurre, eta indarkeriazko ekintzak eta Estatuko erakundeen aurkako erasoak egiten zituen, Andaluzian batez ere.

Gizartearen egitura

Bestalde, kontrolatu egin behar zuten gizartea horrelakoa zen: Espainiako gizarteko talderik boteretsuena nekazaritzako jabe handiek osatzen zuten. Talde hori aristokratek eta goi burgesiako kideek osatzen zuten (bereziki industrializaziotik jaiotako burgesia bat). Talde horrekin batera, oligarkia industriala eta finantzarioa ere aurki ditzakegu. Erdi-mailak ere honen alde egin zuen, erregimenak haien alde egiten zuelako pentsatu baitzuten.

Berrezarkuntzaren Lehen Etapa eta Krisia

Cánovasen Diktadura eta Gatazkak (1876-1881)

Lehen gobernua Cánovasek osatu zuen (1876-1881). Aldi honi Cánovasen diktadura esaten zaio, bere politikak bi helburu zituen: berrezarritako monarkia sendotzea eta ordenan oinarritutako oso sistema zentralizatua ezartzea. Horretarako askatasunak murriztu zituzten eta sufragioa zorroztu.

Seiurtekoan gainditu gabeko gatazkak jarraitzen zuten: Karlistada eta Kubako gerra. Lehenak iparraldean izan zuen eragina. Karlos VII.a garaitzean, 1876an Euskal Probintzietako foruak indargabetu ziren. Karlismoak gainbehera izan zuen eta bide politikoa hartu behar izan zuten. Kubako gerra 1868an hasi zen eta Martínez Camposek tropak bidali ostean, 1878an Zanjongo Bakea sinatzean gatazka amaitutzat eman zen, baina berriro piztu zen gatazka eta 1895etik aurrera lehertu egin zen.

Maria Kristinaren Erregeordetza eta Liberalen Gobernua (1885-1890)

Lehen txandakatzea heldu zen eta Sagastak eratu zuen gobernua 1881ean. Seiurtekoan aldarrikatutako eskubideak eta askatasunak praktikan jarri ziren. Gobernua eta nazioa modernizatzea izan zen helburua.

Alfontso XII.aren azken urteetan Cánovasen esku egon zen gobernua. 1885eko azaroaren 25ean hil zen eta bere alargunaren erregeordetza hasi zen.

Liberalen gobernualdi hau (1885-1890) Berrezarkuntzako luzeena izan zen eta Sagasta izan zen burua. Erreforma batzuk jarri zituen abian. Elkarteen legeari esker sindikatuak legezkoak egin zituen, aurreko gobernuko antzeko helburuekin hain zuzen.

1898ko Krisia eta Inperioaren Amaiera

Kolonietako Independentzia Mugimenduak

Kolonietako independentzia piztu egin zen 90eko hamarkadan. Laburbilduz, gobernuak egin zituen politikak ez ziren izan nahikoak independentismoarekin bukatzeko. 1893ko kanpainiaren ostean, ziurgabetasun aldia hasi zen Espainiako kanpo politikan.

Puerto Ricon, Autonomismoaren barnean bi joera sortu ziren: espainolista eta erradikala. Azkenak herritarren babesa zuen, eta joera horretatik sortu zen Antilletako nazionalismoa.

Cuban hiru korronte enfrentatu ziren: Espainolistak (Rafael Montoro eta Rafael Maria de Labra), autonomistak (tarteko ikuspegia zutenak: Espainiaren zati izatea, bere identitatea onartuz eta elkartasunezko harremanak izatea, ez kolonialak) eta Jose Martik zuzendutako independentistak.

Filipinetan, Jose Rizalek Filipinetako Liga sortu zuen 1892an, nazionalismoa bultzatu zuen.

Kubako Azken Gerra eta AEBen Esku-hartzea

Egoera horretan, 1895. urtean, altxamendu nazionalista sortu zen Cuban eta azkenengo gerra sortu zen. Bitan bana daiteke: 1895-1898 eta 1898tik aurrera, non Estatu Batuen esku hartzea nabarmentzen den. Gerra hau lau fasetan banatzen da:

  1. Lehenengo fasean (1895eko maiatzean) Jose Martí, independentisten buruzagia, hil zuten.
  2. Bigarrenean (1895-1896), altxatutako tropek ekialdetik mendebaldera aurrera egin zuten.
  3. Hirugarren fasean (1896-1897), Martinez de Campos jeneralak bere postua utzi zion Weyler jeneralari eta honen agindua bukaerararte borrokatzea izan zen.
  4. Azkenengoan (1897-1898), Blanco jeneralak hartu zuen tropen buruzagitza eta Estatu Batuak guztiz sartu ziren gerran.

Estatu Batuak Karibeko boterea hartu nahi zuten; gainera, Estatu Batuen espantsionismoaren urrezko aroan gertatu zen. 1898an, La Habanan gertatutako Maine korazatuaren leherketaren ondorioz, non 266 biktima egon ziren, Estatu Batuak aitzaki bezala erabili zuen Espainiari gerra deklaratzeko.

Pariseko Ituna eta Erregenerazionismoa

Azkenean, bakea Pariseko Itunaren bidez adostu zuten (1898ko abenduaren 10ean), non Espainiak Kubaren independentzia onartu zuen eta Estatu Batuen esku utzi zituen Puerto Rico, Filipinak eta Guam Uhartea 20 milioi dolarren truke. Gainera, 1899. urtean, Espainiak Alemaniari hainbat irla saldu (eman) zizkion, 25 milioi dolarren truke. Horrela, Espainiako Inperioa deseginda geratu zen.

Porrotak ez zuen gobernu-aldaketarik ekarri, baina mugimendu berri bat sortu zuen: Erregenerazionismoa. Intelektualek eta politikariek egindako kontzientzia-azterketa eta balantza izan zen. Helburuak hauek izan ziren: Politikari duintasuna ematea, gizartea modernizatzea eta atzerapen kulturala gainditzea.

Silvela eta Polaviejaren helburua herrialdea berregitea zen sistema aldatu gabe, baina 1900. urtean porrot egin zuen. Beste alde batetik, mugimendu intelektuala egon zen Joaquin Costak burutua 98ko belaunaldiarekin batera. Hauek “nazioaren erregenerazioa” zuten helburu eta Berrezarkuntzako sistema kritikatu zuten. Lehenak Ekoizleen Liga Nazionalaren bidez erreformak eta idealak sustatu zituen.

Deskargatu

PDF Word HTML