Errestaurazioa eta XIX. mendeko Espainiako Aldaketa Sozialak
Banaketa arautzen zuen eta eskubide guztiak eta federalismoa jartzen zituen indarrean. Eliza eta estatuaren arteko zatiketa ere ezartzen zuen eta, deszentralizazioa bultzatu asmoz, autonomia handia ematen zien eskualde eta probintziei. Nolanahi ere, errepublikarren arteko zatiketa gero eta nabarmenagoa zen eta gainera gatazka ugariri aurre egin beharrean aurkitu zen Pi i Margallen gobernua, besteak beste hiri askotara hedatu zen iraultza kantonala. Langile anarkisten greba orokorretarako deiak Katalunian eta Valentzian, Gerra Karlistaren hedapena (Hego Euskal Herrian, Katalunian, Castellon), kolonietako —batez ere Kubako— gerra... Liskar horiei guztiei aurre egiteko izan zituen zailtasunak zirela eta, Pi i Margallek dimisioa eman behar izan zuen, 1873ko uztailean.
Errepublika Unitarioa
Pi i Margallek dimititu ostean, Nicolás Salmerón izendatu zuten errepublikako presidente, fronte karlistaren aurrerapenari eta kantonalismoaren zabalkundeari aurre egiteko. Salmeronek errepresio gogorra eragin zuen, armada eta guardia zibilaren bidez. Cartagenako kantoia izan zen gogorren oldartu zena eta 1874ko urtarrila arte ezin izan zuten menderatu. Irailaren 6an Salmeronek dimisioa eman zuen eta biharamunean Emilio Castelarrek hartu zuen gobernuaren presidentzia.
Egoera Zailaren Aurrean
Castelarrek hartutako neurri gogorren ondorioz federalista, kantonalista, anarkista, sozialista eta abarren ekimen erradikalak izango zirela aurreikusita, Manuel Pavia kapitain jeneralak estatu kolpea eman zuen 1874ko urtarrilean kongresua zaintzen zuten guardia zibilen laguntzaz. Horren ondoren, Serrano jeneralak hartu zuen gobernuaren presidentzia.
Esperientzia errepublikar iraultzaileak zer ekarri zuen ikusita, Alfontso XII.a Borboikoaren alde jarri ziren gizarteko eta politikako sektore asko, kleroa, armada eta kontserbadoreak —ordurako antolatuta zegoen hori bultzatzen zuen alderdi alfontsinoa—. Ezegonkortasun politikoak erraztu egin zuen Isabel II.aren seme Alfontsoren itzulera prestatzea. Martínez Campos jeneralak altxamendua antolatu zuen, nahiz eta Cánovasek —alderdi alfontsinoaren buruzagi nagusia— monarkia bitarteko zibilen bidez soilik ezartzea nahiago zuen. 1874ko abenduan Martínez Camposek Alfontso XII.a Espainiako errege berria zela aldarrikatu zuen eta Cánovasek ministerio erregeordetza eratu zuen. Hala, 1868an hasitako ziklo iraultzailea amaitu eta Errestaurazioa zeritzan etapa historikoa hasi zen.
Gizartea, Ekonomia eta Kultura 1833tik Errestauraziora
XIX. mendearen hasieratik 1874an Errestaurazioa hasi bitartean, Estatu liberalaren oinarriak ezartzearekin batera, aldaketa sakonak gertatu ziren ekonomian, gizartean eta kulturan. Espainiaren modernizazioa hasi zen, Europarekiko atzerapen handiz eta oso modu desorekatuan. Nekazaritzaren garapen kapitalista oztopatzen zuten latifundio handiak sendotu egin ziren. Trenbide sarea hedatu zen. Sare horren diseinuan lehentasuna industri garapenaren hastapenean zeuden guneek izan zuten, hau da Katalunia eta Bizkaiak.
Demografia
XIX. mendean Espainiako biztanleria nabarmen handitu zen hiri inguruetan eta kostaldeko gune periferikoetan (Katalunian, Bizkaian eta Gipuzkoan, bereziki), elikadura hobetu eta medikuntzan zein higienean hobekuntzak izan zirelako. Hazkunde iraunkorra izan zuen. Nekazaritzako produkzioaren areagotzeak eta Amerikako emigrazioaren beherakadak ere lagundu zuten bertako demografiaren gorakadan.
Ekonomia
XIX. mendearen hasieratik 1874ra garrantzi handiko aldaketak gertatu ziren penintsulan eta modernizazio ekonomikoa jarri zen martxan, Europako beste herri batzuekin alderatuz atzerapen handiz, dudarik gabe.
Nekazaritza
Liberalek abian jarritako nekazaritza erreformei esker, laborantzarako lur gehiago erabiltzeko aukera sortu zen eta horrek ekoizpena handitzea ekarri zuen; hala ere, teknikak ez ziren modernizatu eta horren ondorioz hornidura krisi tradizionalak gertatu ziren tarteka. Gainera, lurjabeei latifundio gehiago eskuratzeko aukera eman zien, nekazari pobreentzako herri lurrak gutxitu ziren eta jornalari hasi behar izan zuten nekazari askok eta askok.
Industrializazioaren Hastapenak
Industrializazio prozesua oso berandu hasi zen Espainian Britainia Handiarekin, Belgikarekin edo Frantziarekin konparatuz gero. Kostaldeko inguruetan garatu zen gehienbat, Bizkaia, Gipuzkoa, Katalunia, Asturias eta Andaluziako ingurune batzuetan; baina barnealdea industrializazio prozesutik at geratu zen.