Enpresaren Finantzaketa: Barruko eta Kanpoko Iturriak
1. Barruko finantzaketa edo autofinantzaketa
Enpresak berak sorturiko baliabideak dira. Abantaila nagusiak finantza-autonomia izatea eta kostu gehigarririk ez izatea dira.
1.1 Amortizazioak
Enpresen ondasun eta instalazioen zahartzeari loturik gordetzen diren fondoak dira. Mantenuzko fondoak dira, enpresaren gaitasun produktiboa gordetzeko balio dutelako.
1.2 Erreserbak
Inbertsio berriak egin eta enpresa hazteko erabiltzen diren fondoak. Bazkideei banatu ez diren irabaziekin lortutako erreserbetatik lortzen dira.
2. Kanpoko finantzaketa
Enpresatik kanpo lortutako baliabideek osatuko dute; beraz, ez dira enpresak sortutakoak.
2.1 Kapitalekoak
Bazkideen ekarpenekin sortuak dira. Baliabide bereziak dira; enpresaren parte izatera pasatzen direnez, ez dira itzultzen. Kapitala osatuko duten fondoak lortzeko akzioen jaulkipena egingo dute. Sozietatea sortzeko eta kapitala handitzeko erabiliko dira.
2.2 Beste baliabideak
Bazkideak ez diren beste erakundeen ekarpenekin osatuta daude. Itzuli beharko dira epea igarotakoan.
2.2.1 Epe motzera
- Kredituak eta maileguak: Banku eta kutxetatik lortzen ditu baliabideak. Maileguetan, bankuari diru kopuru bat eskatu eta epean, diru kantitatea gehi interesak itzultzen dira. Kredituetan, enpresak zorpetzeko aukera du, eta erabilitako kopuruaren interesak bakarrik ordaintzen ditu.
- Merkataritza-finantzaketa: Finantza-jardueretan gehien erabilitakoa. Hornitzaileei lehengai edo ondasun bat erosi eta ordainketa gerorako uzten da.
- Letren deskontua: Banku batek bezero batek zor dion kopuruagatik dirua aurreratzen du, komisio bat deskontatuz. Ordaingabeen arriskua enpresarentzat da; bezeroak ez badu ordaintzen, bankuari dirua itzuli beharko diolako.
- Factoring: Bezeroei kobratzeko eskubidea salduko zaio faktore enpresa bati. Ordaingabeen arriskua sozietate horiei pasako bazaie ere, finantzaketa-modu garestia da.
2.2.2 Epe luzera
- Maileguak eta kredituak: Epe motzekoen zentzu bera dute, baina itzultzeko epea urtebete baino gehiagokoa da. Gehienetan inbertsio handiagoak izaten dira.
- Obligazioen jaulkipena: Enpresek zorra zati txikietan banatu (tituluak, obligazioak) eta aurrezkigile pribatuen artean saltzen dute. Horren truke, enpresak mailegaturiko dirua itzultzen du interes batekin obligazioen epemugan.
- Leasing: Erosketa-aukera ematen duen alokairu-kontratua da. Kuota bat ordaintzen da ondare-elementuen erabilpena egiteko epe baten barruan. Epea iristean, bi aukera daude: alokatutakoa itzuli edo prezio mugatu batean erostea.