Elektrobalbulak: Funtzionamendua eta Ezaugarri Teknikoak

Teknologia2,82 KB

Zer dira elektrobalbulak?

Noranzko batean edo bietan (agintea eta itzulera) elektrikoki gidatzen diren balbulei elektrobalbula esaten zaie.

Balbula hauek elektroiman batez osatuta daude; elektroiman honen harilak, korronte elektrikoak zeharkatzen duenean, balbularen zurtoin edo nukleoari eragiten dio eta honek lan-posizioa aldatzen du. Korronte elektrikoak hariletik igarotzeari uzten dionean, zurtoina hasierako geldialdi-posiziora itzultzen da.

Horrenbestez, elektrobalbulak bere mekanismoa abian jarri eta, ondorioz, bere bideak ireki edo ixten dituen seinale elektriko bat hartzen du.

Elektrobalbularen funtzionamendu eskematikoa

7. irudiak elektrobalbula baten funtzionamendua azaltzen digu, oso modu eskematiko eta errazean:

  • Geldian: E etengailua irekita dago eta H harilak ez du korronte elektrikorik hartzen. M malgukiak, beraz, Z zurtoin edo nukleoari eusten dio; ondorioz, 1 aire konprimatu iturrirako konexioa itxita eta 2 lan-zuloa eta 3 aire-irteera komunikatuta daude.
  • Aktibatuta: E etengailua ixterakoan, harilak korrontea hartzen du. Elektroimanak zurtoinari eragin eta ezkerrerantz higiarazten du, malgukiaren indarrari aurka eginez. Horrela, 1 eta 2 zuloak komunikatuta eta 3 zuloa itxita geratzen dira.
  • Itzaltzean: E etengailua berriro irekitzerakoan, elektroimanak eragiteari utzi eta malgukiak zurtoina hasierako posiziora itzularazten du.

3/2 NI elektrobalbularen aplikazioa

8. irudiak malguki bidezko itzulera duen 3/2 NI elektrobalbula batek gobernatutako efektu bakuneko zilindro baten funtzionamendua azaltzen digu:

  • E etengailua irekita dagoenean, balbulak ez dio aireari zilindrora sartzen uzten.
  • E etengailua ixterakoan, elektrobalbulak lan-posizioa aldatu eta zilindroak presiopeko airea hartzen du 2 zulotik. Malgukiaren erresistentzia gainditu eta aurreranzko ibilaldia egitera behartzen du.
  • Etengailua berriro irekitzerakoan, balbulak airea igarotzea galarazi eta malgukiak zilindroa atzeranzko ibilaldia egitera behartzen du.

Ezaugarri elektrikoak eta pneumatikoak

Balbula hauei eragiten dien korronte elektrikoa korronte alternoa (24, 48, 115 eta 230 V-eko tentsioak) edo korronte zuzena (12, 24, 48 eta 115 V-eko tentsioak) izan daiteke.

Ezaugarri elektrikoak

  • Haril mota.
  • Elikatze-korrontea (k.a. edo k.z.) eta tentsioa.
  • Kontsumoa (2,5 W).
  • Isolamendu mota.
  • Babes-maila.

Ezaugarri pneumatikoak

  • Fluidoa: aire edo gas neutroa, iragazi eta lubrifikatua.
  • Lan-presioa: 0 eta 10 bar artean.
  • Presio maximoa: 10 bar.
  • Emaria 6 bar-etan: 1-2 zuloak: 34 L/min eta 2-3 zuloak: 47 L/min.

Deskargatu

PDF Word HTML