El Escorial: Monasterioa, Jauregia eta Errege Panteoia
El Escorial
El Escorial: Juan Bautista de Toledok hasiera eman zion proiektuari, eta Juan de Herrerak proiektua aldatu eta burutu egin zuen, Felipe II.aren aginduz. Funtzio anitz zituen: errege-hilobi kapera, eliza edo basilika, komentua edo monasterioa. Oso liburutegi aberatsa eta ospetsua zuen, eta orduko arte-gune garrantzitsuenetakoa izatera iritsi zen. Errege Jauregia ere bazen. Beraz, administraziorako egoitzak eta errege-egoitza pribatuak izan behar zituen.
Oinplanoa
Soiltasun geometriko handikoa da. Inperio erromatarreko ereduak kontuan hartu ziren proiektua egiteko, Dioklezianoren jauregian inspiratuta dago. “Parrilla” baten forma gogorarazten omen du. Hiru zonalde bereizten dira:
- Erdikoa ardatza izanik: Sarrera nagusitik Erregeen patiora sartzen da. Bi dorrez zedarritutako elizaren fatxada aurrean dago.
- Elizaren oinplano zentrala: Aldare nagusiaren azpian, oinplano oktogonala duen errege-panteoia dago.
- Elizaren burualdean: Errege-egoitza pribatuak daude kokaturik.
Erdiko ardatz honetatik bi aldeetara, espazioa modu geometriko eta simetriko batez antolatuta dago, patio karratuen inguruan egituratuta, koadrikula bat osatuz.
Altxaera
Oinplanoko zurruntasun geometrikoa mantentzen da. Lerro zuzenak (horizontalak dira nagusi). Hala ere, horizontalen eta bertikalen arteko nolabaiteko oreka bilatzen da. Teilatua berezia da: elementu exotiko eta arbelezkoa da, oso malda nabarmena duena. Biluztasuna eta apainduren murrizpena oso handia da. Fatxada nagusiaren sarreran bakarrik azaldu dira hainbat elementu arkitektoniko, modu plastiko batez erabilita.
Estiloaren ezaugarriak
- Estilo arrazionala eta hotza.
- Purutasun geometrikoa (forma sinpleak, soilak, serioak, garbiak).
- Masa nagusitzen da: mazizotasuna, monumentaltasuna eta sendotasuna.
- Apainduraren urritasuna.
- Estilo doriar toskanoarra nagusi.
- Piramidioiak ditu.
Esanahia
Felipe II.aren agintaldiaren irudia eman nahi digu eta, halaber, Austriar erregetzaren sinboloa eraiki nahi zuen Felipe II.ak. Ordena, oreka eta hierarkia, botere sendoa, handitasuna, soiltasuna, garbizaletasuna eta duintasuna islatu nahi ditu. Bertan, Habsburgo dinastiaren panteoia kokatu zen. Felipe II.ak, botere politikoa eta erlijiosoa baturik, katolizismoaren defendatzaile nagusitzat hartzen zuen bere burua, eta horrelako irudia eman nahi zuen. Ondorengo eraikuntza publiko askoren eredua izan zen.