Egungo Industria Iraultza: Ezaugarriak eta Joerak
Egungo Industria Iraultza
Industria Berriak
Hirugarren Industria Iraultza 1970eko hamarkadan hasi zen, eta oraindik jarraitzen du. Gaur egun, goi teknologia erabiltzen duten punta-puntako industriek bultzatzen dute III. Industria Iraultza. Industria horiek mikroelektronika, informatika, telekomunikazioak eta bioteknologia (zelula biziak erabiltzea produktu berriak lortzeko elikaduran edo farmakologian) dira.
Oro har, langile gutxi dituzte, baina oso gaituak.
Lanaren Antolaketa Berria Mundu Globalizatu Honetan
Munduko leku guztien arteko ekonomia-harremanak inoiz baino biziagoak dira, ekonomia globalizatua, hain zuzen. Globalizazioa zenbait modutan adierazten da:
- Enpresa askoren ekoizpena mundu merkaturako da.
- Enpresa askok beste enpresa txikiago batzuk erosten dituzte, multinazionalak sortzen. Enpresa hauek herrialde askotan jarduten dute sekulako negozio bolumenarekin.
- Industria lanaren antolaketa aldatu egin da, ekoizpen prozesuak ere globalak dira. Ekoizpenaren jarduera bakoitza herrialde desberdinetan egiten da, fenomeno hau deslokalizazioa da. Orokorrean, produktu baten ikerketa, diseinua eta finantzaketa herrialde garatuetan egiten da; ekoizpena, berriz, herrialde azpigaratuetan.
- Enpresa batzuek beste enpresa batzuei azpikontratatzen dizkiete zerbitzu batzuk eta ekoizpenaren zati bat.
Kontsumitzailearentzako Industria
Enpresek arrakasta izateko, gizarteak behar dituen produktuak ekoitzi behar dituzte. Gainera, kontsumitzaileen zaletasunetara arin egokitzeko gaitasuna izan behar dute enpresek. Horrexegatik, beren aurrekontuaren zati handi bat honako hauetan inbertitzen dute:
- Marketina (produktu baten eskaria areagotzeko erabiltzen diren prozedurak dira) eta publizitatea. Kontsumitzaileen nahiak zein diren jakiteko eta haien erosteko erabakian eragiteko.
- I+G+b (Ikerketa, garapena eta berrikuntza). Produktu berriak gero eta sofistikatuagoak baitira.
- Enpresa antolaketa eraginkorra izan dadin. “Staff Structure”.
- Logistika (enpresa baten produktuen banaketa antolatzeko baliabideen eta metodoen multzoa). Merkatuan banatzea ahalik eta kontsumitzaile gehienengana iristeko.
Industria enpresek gero eta baliabide gehiago ekoizpena ez diren ekoizpen prozesuko fasetan erabiltzen dituzte, industriaren tertziarizazioa sortzen.