EAEko Industria-Dentsitatea eta Erronkak (2006)
1. Sarrera eta Maparen Azterketa
Aurrean dugun mapa Euskal Autonomia Erkidegoaren industria-enpleguaren dentsitateari dagokio, 2006. urtekoa. Mapa tematikoa eta koropleta-mapa da, hau da, mapan, kolore intentsitate desberdinez, fenomeno bat adierazten da, industria-enpleguaren dentsitatea, hain zuzen. Kolore leunagoa duten eskualdeek industria gutxiago dute; aldiz, kolore ilunagoek industria-dentsitate handiagoa adierazten dute.
Oro har, EAEko industria-enpleguaren dentsitate-mapak hiruki alderantzikatu baten itxura hartzen du. Erkidegoaren kostaldeko probintzietan industria-kontzentrazio handiagoa dago. Gainera, continuum bat sortzen da: Bilbo Handitik, Ibaizabalen arroan zehar jarraitu, barnealdetik Durangaldea eta Deba Goiena loturaren bidez Gipuzkoako beste bailarekin lotzeko: Urola, Oria, Donostialdea eta Behe-Bidasoa.
Bizkaian, industria-kontzentrazio handiagoa dago Bilbo Handian, metalurgiaren inguruan, batik bat. Gipuzkoan, industria-banaketa sakabanatuago dago, bailaretan zehar, eta orekatuago sektore desberdinei dagokienez. Araban, Gasteiz inguruan kontzentratzen da industria gehiena. Hortaz, Gasteizen makrozefalia agerikoa da probintzia mailan. Laudio eta Amurrio gehiago daude lotuta Bizkaiko ekonomiari. Horiez gain, nukleo isolatu batzuk ere badira: Agurain, Oion, Legutio.
2. Euskal Industriaren Ezaugarri Orokorrak
Euskal industriaren garrantziaz jabetzeko, hona hemen datu eta ezaugarri orokor batzuk:
- EAEko industria-enpleguak enplegu osoaren laurdena hartu zuen 2005ean, eta BPGren herena.
- Ekarpen hori handia da sektore hauetan, bereziki: siderometalurgia, etxetresnak eta makina-erreminta.
- Industriak garrantzia du lurralde-espazioak antolatzerakoan, hots, komunikabideak planifikatu, populazioa erakarri eta lurraldeen arteko harremanak sendotzeko.
- Euskal industrian nagusi dira enpresa txikiak eta ertainak, zenbait enpresa handi ere egon arren. Enpresa handiek Araban dute presentzia nabariagoa.
- Sektore nagusiak hauexek dira: metalurgia, makineria eta garraio-materiala. Atzetik datoz beste hauek: elikadura, papera, edizioa eta arte grafikoak.
- Desarrollismoaren garaian ezarritako industria-ereduak gaur egun dirauen arren, aldaketa batzuk jasan ditu: Bizkaiak eta Bilbo Handiak zuten nagusitasuna gutxitu egin da, eta, aldiz, Gipuzkoak eta Arabak pisua irabazi dute industriari dagokionez.
- Euskal industriaren beste ezaugarri bat esportaziorako ekoiztea da; ekoizpen osoaren ia heren bat esportatzen da, nagusiki, sektore hauetan: ibilgailuak, makineria eta ekipo mekanikoak, material metalikoak eta kautxu eta plastikoak.
- Azkenik, azpimarratu behar da kooperatibismoak duen indarra handia dela.
3. EAEko Industriaren Kokapen-Faktoreak eta Dentsitate-Eskualdeak
3.1. Kokapen-Faktoreak
EAEko industria kokatzeko arrazoien artean zenbait faktore aipa ditzakegu:
- Baliabideak izatea
- Tradizioa eta bilakaera historikoa
- Komunikabide egokiak izatea
- Beharrezko kapitalak eta lan-eskua kualifikatua izatea
- Merkatuetara ailegatzeko erraztasuna
- Industria-politika egokiak erabiltzea, besteak beste.
3.2. Dentsitatearen araberako eskualdeak
Euskal Autonomia Erkidegoko industriaren kokapena azalduko dugu ondoren. Analisirako, hobe da industria-gune desberdinak aztertzea, udalerria, eskualdea edo bailara kontuan hartuta. Industria-enpleguaren dentsitatea industria-dentsitatearen adierazlea da, besteak beste. Horren arabera, hiru eskualde mota bereizten dira:
- Dentsitate handiko eskualdeak: Bilboko metropolia, Arabako Lautada-Gasteiz, Donostialdea, Debako bailara, Durangoaldea eta Goierri.
- Dentsitate ertainekoak: Arabako kantauriar aldea, Plentzia-Mungia, Tolosa eta Urola-Kosta.
- Dentsitate txikiena dutenak: Gernika-Bermeo, Arratia-Nerbioi, Enkarterriak eta Markina-Ondarroa.
4. Industriaren Kokapena Probintziaka
4.1. Bizkaia
Dentsitate handiko eskualdeen artean Bilbo Handia da fabrika-kokapen nagusiena, bertan hasi baitzen industrializazioa. Azpi-sektoreei dagokienez, metalurgia da nagusi, enpleguaren heren bat hartzen baitu; ondoren, siderurgia, ontzigintza, kimika eta ondasun-ekipoak. Adibidez, ondorengo enpresak: Sidenor, Fagor, Bridgestone eta ACB. Enpresa askok egoitza Bilbon duten arren, fabrikak beste leku batean dituzte.
Bilbo Handiaz gain, beste haran batzuetara ere zabaldu da industria:
- Ibaizabal ibaiaren korridorea: Galdakaotik Elorrioraino hedatzen da, eta Durangoaldea nabarmentzen da bertan. ETEak dira nagusi, eta sektore nagusia metalurgia eta material metalikoena da, nahiz eta papergintzako enpresa handiak ere egon.
- Nerbioi ibaiaren harana: Metalurgia da nagusi, eta Arrigorriaga eta Laudio arteko eremua hartzen du.
- Kadagua ibaiaren harana: Metalurgia, kimika eta papera dira nagusi, eta Alonsotegi eta Balmaseda arteko eremua hartzen du.
- Asuako harana: Askotariko jarduerak eta zerbitzuak daude, eta Larrabetzu eta Leioa arteko eremua hartzen du.
Azpimarratzekoa da 1985ean sortu zen Zamudioko Parke Teknologikoak duen eragina; bertan kokatzen baitira teknologia aurreratueneko enpresak, nagusiki: telekomunikazioak, aeronautika, elektronika eta automatika.
Dentsitate ertaineko eta txikiko industria-guneak Bizkaian:
- Plentzia-Mungia
- Arratia-Nerbioi
- Gernika-Bermeo
- Markina-Ondarroa
- Enkarterriak
4.2. Gipuzkoa
Esan daiteke probintzia osoan dagoela industria-dentsitate handia edo ertaina.
4.2.1. Donostialdea eta Bidasoa Behea
Donostialdean eta Bidasoa Behean industria askotarikoa dago. Bere garapenean bi faktorek dute eragina: Pasaiako portua eta Frantziako mugatik gertu egotea.
- Donostialdea: Probintziako industria-gunerik handiena da. Sektore nagusiak: makineria, metalurgia, kautxu eta plastikoak, elikagaiak. Gune hauek hartzen ditu: Donostia, Hernani, Pasaia, Errenteria, Oiartzun, Lasarte-Oria, Andoain eta Usurbil. Lasarteko Michelin enpresa handia aipa dezakegu. Donostian, Miramonen Parke Teknologikoa dago, 1994an sortua, eta sektore hauek dira nagusi: telekomunikazioak, informatika, enpresa-zerbitzuak eta elektronika.
- Bidasoa Behea: Material elektriko eta mekanikoak eta elikagaiak dira nagusi. Irunen dago industria-dentsitate gehien.
4.2.2. Debako Bailara
Bi eremu bereizten dira:
- Deba Goiena: Dentsitate handiagoa dago Behean baino. Sektore nagusiak metalurgia eta makineria dira; horiez gain, material elektriko-elektronikoak, ekipo optikoak, oihalgintza eta elikadura. Arrasate, Oñati, Bergara, Aretxabaleta eta Eskoriatza gune nagusiak eta kooperatibismoaren sorlekua.
- Deba Behea: Elgoibar, Eibar eta Deba dira gune nagusi. Sektore hauek nabarmentzen dira: material metalikoa eta makina-erreminta.
4.2.3. Goierri
Dentsitate handiko industria-eskualdea da. Urola eta Oriako goi-ibilguak hartzen ditu. Sektore nagusiak dira: metalurgia, garraiorako materiala, makineria, ekipo elektriko-elektronikoak eta optikoak. Enpresa ezagunak dira: Orbegozo, P. Etxebarria eta CAF.
4.2.4. Urola Harana
Urola haranaren erdi eta behe ibilguetan, dentsitate ertaineko eskualdea da; bertan metalurgia, altzarigintza eta ontzigintza dira sektore nagusiak. Horren barruko guneak: Azpeitia, Azkoitia, Zarautz eta Zumaia.
4.2.5. Oria Harana
Oria harana ere, erdi eta behe ibilguetan, dentsitate ertaineko eskualdea da. Garraiorako materialak, makineria eta papera dira sektore nagusiak. Gune garrantzitsuak dira: Tolosa, Ormaiztegi.
4.3. Araba
4.3.1. Gasteiz eta Lautada
Gasteiz aldean kontzentratzen da industria-enplegua, nagusiki. EAEko bigarren industria-eskualdea da, eta Gasteiz udalerririk industrializatuena. Sektore nagusiak dira: garraiorako materialak, metalurgia eta elikagaiak. Eremu horretako enpresa handiak dira: Mercedes-Benz, Michelin eta Gamesa (aeronautika).
Aipatzekoa da 1992an sortutako Miñaoko Parke Teknologikoa; bertan informatika, telekomunikazioak, aeronautika, ingeniaritza eta energia-teknologiak dira puntako sektoreak.
4.3.2. Kantauriar Bailarak
Dentsitate ertaineko industria-eskualdea kantauriar bailarek osatzen dute. Laudio eta Amurrio dira gune nagusiak, Bizkaiko ekonomiari lotuta, gehienbat. Sektore nagusitzat beira, metalurgia eta industria ez-metalikoa ditugu.
4.3.3. Mediterraneo Aldea
Mediterraneo aldeak abantaila batzuk ditu industriaren kokapenerako:
- Ebroko harana ardatz dinamikoenetako bat da gaur egun.
- Komunikabide egokiak eta lurzoru ugari eta merkea ditu.
Dentsitate txikiko industria-guneak: Legutio, Agurain, Oka-Iruña, Oion. Araban gutxien industrializatutako eskualdeak hegoaldea eta mendebaldea dira.
4.4. EAEtik Kanpo: Nafarroa eta Ipar Euskal Herria
4.4.1. Nafarroa
EAEz gain, Nafarroan, Iruñeko metropolian kontzentratuta dago industria, baina beste gune batzuetan ere badago: Tafalla, Olite, Tutera, Lesaka, Erribera aldea ahaztu gabe.
Nafarroako lau produkzio-adar garrantzitsuenak dira:
- Makineria eta produktu metalikoak
- Automobilgintza
- Elikagaien industria
- Papera
4.4.2. Ipar Euskal Herria
Industria kostaldean dago kokatuta: BAB barrutia, Donibane Lohitzune, Hendaia.
Sektore nagusiak:
- Aeronautika
- Metalurgia
- Ekipo mekanikoak
- Nekazaritza-elikagaien industria
5. Ondorioak eta Etorkizuneko Erronkak
Funtsean, esan daiteke egungo industria-eredua bigarren industrializazio-aldian ezarri zela, aldaketa batzuekin, ondorengo krisia eta birmoldaketaren ondorioz. Aldaketa horiek eragina izan dute industria-enpleguaren banaketan eta baita mapan ere.
Euskal industriak egun dituen erronkei aurre egiteko, ondorengo eskakizunei erantzun beharko die:
- Bere teknologia-maila hobetzea.
- Ekoizpen-sarea dibertsifikatzea.
- Deslokalizazioari aurre egitea.
- Enpresek kanpoko lehiari malgutasunez erantzutea.