EAEko Hiri-Sistemaren Analisia eta Hierarkia
Mapak EAEko hiri nagusien kokapena islatzen du, biztanle kopuruaren arabera sailkatuz.
Hiri-sistemaren ezaugarriak
Biztanleriaren banaketa desorekatua da: Bilboko aglomerazioa Bizkaian, hiri-sare orekatuagoa Gipuzkoan eta Gasteizen hegemonia Araban. Erdi Aroko hiribilduen prozesuak (hiriburu eta eskualdeburuak ezarriz) eta XIX. mendetik aurrera izandako industrializazioak azaltzen dute desoreka hori. Biztanleriaren % 70 kostaldean bizi da, bertan hasi baitzen industrializazioa lehenago.
Isurialde atlantiar edo kostaldeko azpisistema
Oso trinkoa da, bi hiriburutan ardaztuta (Bilbo eta Donostia). Mapak hiriburuen eragin-eremuetan ezberdintasunak islatzen ditu:
- Bilboko metropoli-inguruak pisu handia dauka; eskualdeko garapenaren motorra da. Bizkaiko landa-esparrua eskualdeburuen inguruan antolatzen da (Balmaseda, Durango, Gernika), baina guztiak Bilboren eraginpean daude.
- Gipuzkoan hiri-sarea orekatuagoa da. Arrazoia industri-ereduan dago: Donostiako inguruetan, baita Deba, Urola eta Oria haranetan ere, industria ertainak era homogeneoan eratu ziren.
Barruko (arabar) azpisistema
Araban biztanleriaren % 76 Gasteizen pilatzen da, hiri-sistema desorekatua sortuz. Agurain, Laudio eta Amurrio izan ezik, ez dago beste hiri-nukleo nabarmenik.
Hiri-hierarkia eta sistema polinuklearra
Hiriek demografian, funtzioetan eta eragin-eremuan oinarritutako hierarkia eratzen dute. Euskal Sistema Polinuklearraren helburua hiriburu eta probintzia bakoitza modu orekatuan bideratzea da.
- Bilboko metropoli-ingurua: Sistema honen buruan dago. EAEko demografia-pilaketa handiena bertan dago, milioi bat biztanle ingururekin. Industria-funtzioa izan du betidanik, baina gaur egun merkataritza eta negozio-funtzioak garatzen ari dira. Bere eragin-eremua erkidego osora zabaltzen da, eta kanpora ere lotuta dago, Bilboko portu eta Loiuko aireportuaren bidez.
- Donostia eta Gasteiz: Eskualde-metropoliak dira, 200.000 biztanle ingurukoak.