Burdinbideen Lege Orokorra (1855): trenbidearen garapena Espainian
Laburpena
Testuak 1855eko Burdinbideen Lege Orokorra aztertzen du, Biurteko Progresistaren testuingurua eta legearen helburua azalduz: Espainiaren ekonomia modernizatzea trenbidearen bidez. Trenbideen eraikuntzarako baldintzak, atzerriko kapitalen babesa eta Madozen desamortizazioak trenbideen finantzaketan izan zuen eragina ere azaltzen dira. Azkenean, legearen ondorio negatiboak nabarmentzen dira.
Funtsezko puntuak
- Burdinbideen Lege Orokorra 1855eko ekainaren 6an onartu zen, Francisco de Luxán ministroak proposatuta, Biurteko Progresistan.
- Legearen helburua trenbide-sarea eraikitzea eta Espainiaren ekonomia Europako mailara hurbiltzea zen.
- Atzerriko kapitalak babesten ziren, inportatutako materialaren muga-zergak kendu eta interes finkoa bermatzen zen.
- Madozen desamortizazioak lortutako dirua trenbideen hedapenera bideratu zen.
- Lehen lineak Madriletik kostaldera eta mugetara zihoazen, eta zenbait eskualde (Galizia, Extremadura, Mantxa, ekialdeko Andaluzia) baztertuta gelditu ziren.
- Hamar urte barru krisi bat agertu zen, atzerapen teknikoagatik eta errentagarritasun falta dela eta.
Sarrera eta Testuinguru Historikoa
Testu hau Burdinbideen Lege Orokorra da, 1855eko ekainaren 6an Gorteek agindutakoa, eta Isabel II.ak berretsi zuena. Francisco de Luxán Sustapen ministroak proposatu zien Gorteei lege hau, trenbide-sarea eraikitzeko helburuarekin. Testua Biurteko Progresistan (1854-1856) idatzi zen. Progresisten helburu nagusia modernizazio ekonomikoa zen, Europan trenbidea ekonomiaren hazkunde-motorra baitzen une hartan.
Trenbidearen helburu nagusiak biztanleria garraiatzea eta merkataritza sustatzea ziren. Industria-sektorean ere ezinbesteko faktorea izan zen, hainbat zirkulu ekonomiko mugitzen baitzituen. Europako hazkunde ekonomikoa trenbidearekin oso lotuta zegoen. Espainia, ordea, oso atzeratuta zegoen; beraz, garapen ekonomikoa lortzeko, trenbidea eraikitzea ezinbestekoa zen. Lege honen helburua Europako maila lortzea zen, hau da, Espainiako ekonomia modernizatzea.
Legearen Ezaugarri Nagusiak
Lege honetako ideia garrantzitsu bat zen trenbideak eraikitzeko ahalmena gobernuaren edo partikular baten eskuetan zegoela. Partikular batek trenbidea eraikitzeko ahalmena eskuratzen bazuen, gobernuaren emakidak jasoko zituen. Hori dela eta, trenbideaz arduratu zirenek legitimazio-baldintzak bete beharko zituzten. Gobernuak zehaztuko zituen trenbideen eraikuntzarako baldintzak, besteak beste:
- Politikoak: segurtasun politikoa.
- Finantzarioak: inbertsioak.
- Fiskalak: trataera fiskala inbertsioa egiten duenari.
- Teknikoak: desjabetzeak (trenbideak igarotzen diren lurretatik, lurjabeek kalte-ordaina jasoz).
Estatuak atzerriko kapitalak babestuko zituen, eta atzerritik inportatu beharreko material guztiaren muga-zergak kenduko zituen. Are gehiago, eskubide asko eman zizkieten atzerritar enpresei. Abantailen artean, kapital horien truke interes finkoa bermatuko zela zegoen. Trenbideen eraikuntzan erabiltzen ziren atzerriko kapitalak edo xede horretako maileguak estatuaren babespean egongo ziren, eta gerraren ondoriozko errepresalia, konfiskazio edo bahimenduetatik libre geratuko ziren.
Inpaktua eta Ondorioak
Lege hau Isabel II.aren legealdian garatu zen, eta neurri liberal berriak ezartzen ahalegindu ziren. Ardatz nagusietako bat Madozen desamortizazioa izan zen. Atzerriko kapitalak erakarri, bankuen kreditu-jarduera bultzatu eta trenbidea sustatu nahi zituzten.
1855ean, Pascual Madoz Ogasun ministro aurrerakoiak desamortizazio orokorraren legea atera zuen. Orokorra zen, jabetza kolektibo guztiak salgai jarri zirelako, aurreko etapan desamortizatu ez ziren Elizako eta herrietako ondasunak barne hartzen zituen. Lortutako dirua industrializazioan, eta zehazkiago, trenbideen hedapenean erabili zen. Dena den, prozesua berandu hasi zen, eta horren eraginez, Espainiak kokapen txarra zuen Europako beste ekonomia batzuekin alderatuta. Horrek eragin handia izan zuen nazioko merkatuaren sorreran eta merkatu-ekonomiaren garapenean.
Lege honetan zehazten zen lehen trenbide-lineak Madrildik abiatu eta kostaldera edo beste herrialdeetako mugetara joango zirela. Horren ondorioz, eskualde batzuk (Galizia, Extremadura, Mantxa, ekialdeko Andaluzia) baztertuta geratu ziren, eta, dudarik gabe, haien garapen ekonomikoari kalte egin zion.
Horrez gain, 10 urte barru krisi bat agertu zen, eta bi arrazoi nagusi izan zituen:
- Atzerapen teknikoa: Espainia atzeratuta zegoenez, jendeak ez zuen trena ia inoiz erabiltzen. Gainera, frantziarrek trenbideak eraiki zituztelako, esan zitekeen Espainia Frantziaren menpe zegoela.
- Errentagarritasun falta: Jendeak ez zuen trena erabiltzen, eta, horrez gain, trenbide-sareak egiterakoan, trena jende gutxik erabiltzen zuen herriak lotu zituzten. Horren ondorioz, errentagarritasun falta agertu zen.
Deskargatu
PDF Word HTMLOhiko galderak
Noiz onartu zen Burdinbideen Lege Orokorra?
1855eko ekainaren 6an Gorteek onartu zuten, eta Isabel II.ak berretsi zuen. Biurteko Progresistan idatzi zen.
Zer helburu zuen legeak?
Espainiako ekonomia modernizatzea eta trenbide-sarea eraikitzea, Europako hazkunde ekonomikoarekin bat egiteko.
Zer lotura dago Madozen desamortizazioarekin?
Desamortizazioan lortutako dirua industrializazioan eta trenbideen hedapenean erabili zen.
Frogatu zeure burua
Berrikuspen-txartelak
Sakatu txartel bat erantzuna ikusteko.
Testa
AA bidez dokumentutik sortutako galderak: egiaztatu erantzunak testuarekin.