Burdinbidearen Lege Orokorra eta "El Intruso" testuinguru historikoan
Burdinbidearen Lege Orokorra (Isabel II.aren erregealdian)
Testuingurua
Moderatuen aurkako oposizioa handituz joan zen, moderatu asko ere oposizio mugimendu honetan sartu zirelako. Azken urteetan erregimena geroz eta kontserbadoreago bihurtu zen, diktadura baten moduan gobernatuz eta populazioarengandik urrunduz. Senatuak gobernuari bere kexak azaldu zizkion eta gobernuak senatariak beren kargutik bota zituen. Honen ondorioz, militar moderatu batzuk (O'Donnell) pronuntziamendu bat egin zuten Vicalvaron, 1854ko iraultzari hasiera emanez. Pronuntziamenduak arrakasta izateko aurrerakoien laguntza ere behar zuen eta haiek erakartzeko Manzanareseko Adierazpena aldarrikatu zuten. Mugimenduaren hedapena zela eta, Isabel II.ak aurrerakoiei boterea eskaini behar izan zien, Espartero gobernu buru izendatuz eta Biurteko Aurrerakoia hasiz. Joera politiko berriak azaleratu ziren: demokratak, errepublikarrak eta langile mugimenduak.
Berrikuntza ekonomikoetan, Madoz-en desamortizazioa izan zen garrantzitsuena. 1855ean Madozek Desamortizazio Orokorrari buruzko legea argitaratu zuen. Jabetza kolektiboko ondasun guztiak salgai jartzen zituen. Desamortizazioaren ondorioz nekazarien egoera ekonomikoa larriagotu egin zen, burgesiak onurak lortu zituen eta Vatikanoarekin arazoak sortu ziren berriro.
Gobernu aurrerakoiak aurkako oposizioa izan zuen. Krisia sakonduz joan zen eta 1856an O'Donnell-ek estatu kolpe bat eman zuen, Espartero jenerala eta alderdi aurrerakoia agintetik baztertuz.
Ondorioak
Trenbidearen eragina espainiar ekonomian historialarien artean oso eztabaidatua izan da, baina esan dezakegu trenbidea ez zela izan espainiar ekonomia modernizatu eta garatzeko funtsezko baliabidea. Espainiar sarea (erradiala) beranduegi, presaka, aurreko ikertarik gabe, eta arrazoi sendoei ez baina interes espekulatiboen baitako trazaketa batekin eraiki zela baieztatzen da. Beste estatuetan gertatu ez zen bezala, trenbideak ez zuen industria nazionala suspertu, atzerritar konpainiek beharrezko materialak inportatu baitzituzten muga-zergarik ordaindu gabe. Baina, hemengo siderurgiaren atzerapena kontuan hartuz (Bizkaiko gune siderurgikoa, 1880tik geroztik garrantzi izugarria izango duena, oraindik ez da sortu), hura ez zegoen prestatuta trenbidearen eraikuntzak sortutako eskariari aurre egiteko. Ondorioz, trenbidearen eraikuntza negozio handia izan bazen, ustiapena, berriz, defizitarioa izan zen, industriaren garapena txikia izatean, garraiatzeko merkantziak falta baitziren. Dena den, ukaezina da trenbidea aurrerapauso handia izan zela, eta espainiar lurraldeak komunikatzeko eta merkatu nazionala sortzeko oso lagungarria.
Vicente Blasco Ibáñezen "El Intruso" (Berrezarkuntza garaian)
Testuingurua
Industrializazioak aldaketa gogorrak eragin zituen gizartearen egituraketan, klase-gizartea sortuz. Gizarte berri horretan bi klase bereizten dira: burgesia eta proletarioak. Gizarte industrial honetan aberats eta pobreen arteko zatiketa bortitza zen. Klase zapaldu bat osatzen zutela kontzientzia hartzen hasi ziren langileak, eta horrek klase-borroka eragin zuen. Industria-prozesu horrek oihartzun handia izan zuen gizartean mugako probintzietara lan-esku ugari eskatu zuelako; bestela, ez zen iritsitako industria-garapenik abiatzerik izango. Espainiako probintzia batzuetatik milaka immigrante iritsi zirenez, Euskadiko biztanleria asko hazi zen garai hartan.
Demografia-hazkunde izugarri horrek eragina izan zuen hirien antolamenduan. Burgesek hirietako zabalguneak eta langileek hiri zaharreko etxe eskasenak edo periferian eraikitako etxeak okupatu zituzten. Burgesen etxeetara ur korrontea eta elektrizitatea heltzen ziren, kalefakzioa, telefonoa… Langileen etxeak, aldiz, eskasagoak ziren.
Arazo sozial honek eragin handia izan zuen bilakaera historikoan: langile-mugimendu indartsu bat sortarazi zuen. Bizkaiko meatzariak izan ziren Euskal Herriko lehenengo greba orokorra egin zutenak 1890ean.
Ondorioak
Testuan deskribatzen diren lan eta bizi-baldintza txarrek (soldata baxuak, lan ordu asko...) langile mugimenduaren sorrera bultzatu zuten. Euskal Herrian sozialismoak eragin handiagoa izan zuen anarkismoak baino.