Bizkaiko Meatzarien Egoera Latza 'El Intruso' Eleberrian (1904)

Historia5,06 KB

1. Testuaren Sailkapena

Iturria: Lehen mailakoa. Vicente Blasco Ibáñezen "El Intruso" eleberriaren pasarte bat da, idazleak idatzi zuen moduan agertzen zaiguna.

Gaia: Narratiboa. "El Intruso" obra literarioaren pasarte bat da.

Egilea: Vicente Blasco Ibáñez (Valentzia, 1867 – Menton, Frantzia, 1928) idazle, kazetari eta politikari espainiarra. Zuzenbide ikasketak egiten zituen bitartean, hainbat protesta errepublikar eta antiklerikaletan parte hartu zuen (aurora-arrosarioaren prozesioaren leherketa, adibidez). Alderdi Errepublikar Federaleko kide izan zen. Hizlari trebea zen. Bere erradikalismoaren ondorioz, atzerrira joan behar izan zuen behin baino gehiagotan.

1892tik 1905era errepublikanismoaren liderra izan zen Valentzian. Azken urte horretan politika utzi eta literaturari ekin zion. 1914-1923 artean nazioarteko ospea lortu zuen idazle gisa. Bere bizitzaren azken aldian (1923-1928), nahiz eta politikatik urrunduta egon, Primo de Riveraren diktaduraren aurka aritu zen.

Testuaren Subjektibotasuna: Testua subjektiboa da. Meatzetako langileen egoera txarra islatzen du, idazleak egoera zuzenean ezagutzen zuelako. Nahiz eta errealitatean oinarrituta egon (1904an meatze-aldera egindako bidaia batean oinarritua), eleberria naturalismo estiloarekin idatzita dagoenez, testuaren subjektibotasuna nabaria dela esan dezakegu.

Jasotzailea: Testuaren helburua irakurleak kontzientziatzea da.

Dokumentuaren Fidagarritasuna: Dokumentu fidagarria da, nobelaren pasarte bat delako.

Jatorria: Publikoa da, nahi duenak irakur dezakeelako.

Kokapen Kronologikoa eta Espaziala: 1904an Valentzian idatzia, baina Bizkaiko meatzarien egoera azaltzen du.

2. Analisia

Testuaren Egitura: Testua bi paragrafoz osatuta dago. Lehenengoan, peoien etxearen baldintza ziztrinak deskribatzen dira. Bigarrenean, meategietako lan gogorra eta toki hartara heltzen zen etengabeko immigrazioa azaltzen dira.

Testuaren Ideia Nagusia: Meategietako langileen egoera txarra, bai lanean, bai aterpetxeetan.

Bigarren Mailako Ideiak:

  • Peoien abaildura (neke fisiko eta morala).
  • Babarrunak, patatak... (langileen eguneroko menua).
  • Gelaxkak, gorputzen lurruna, bizkarroiak, zikinkeria (osasunaren aurkako tokiaren egoera, izurriteak hedatzera zaramatzana).
  • Hormen zirrikituak eta arrailak (eraikinaren kalitate eza).
  • Enkarterri (Bizkaiko meategien kokapen garrantzitsuena).
  • Langileen etengabeko etorrera (ugazabek langileak ordezkatzeko zuten erraztasuna).

3. Testuingurua

Kausak: 1869ko Meatzaritza Legeak Espainiako meategiak modu modernoan ustiatzea ahalbidetu zuen. Euskal Herriari dagokionez, Azken Gerra Karlistaren amaierak foruen abolizioa ekarri zuen. Harrezkero, ez zegoen eragozpenik minerala jaurerritik kanpo esportatzeko. 1876tik aurrera, Bizkaiko handikiek meatz-kotoak erregistratu zituzten, gerora atzerriko kapitalari errentan alokatzeko. Konpainia nagusienen artean, Frantses-Belgikarra, Orkonera, eta abar zeuden. Enkarterrietako burdina Erresuma Batura, Alemaniara eta Frantziara esportatu zen, gehienbat. Itzulerako bidaian, ontziek ikatza ekartzen zuten, eta, horrela, erregai horren garraioa merkea zen. Abantaila ekonomiko horri esker, itsasadarraren ezkerraldean burdinarekin erlazionatutako industria ezberdinak ezarri ziren (labe garaiak, ontziolak, latorrizkoak).

Langileen bizi-baldintzak hain kaskarrak ziren, ezen zenbaitetan greba orokorrak egin baitzituzten, eta beharginek Bilbon egin zituzten hiriaren harridurarako lehenengo manifestazioak. Ordura arte, Bizkaian bi mundu paralelo zeuden.

4. Testuaren Garrantzia

Testuaren Ondorioak: Eleberri honen salaketazko osagai soziala agerikoa da. Argitaratu zenerako, Bizkaiko meategietan lan egitea arriskutsua zen, istripuak sarritan gertatzen zirelako. Urte horretan, 1904an, Bizkaiko Gobernadore Zibilak meatze-ugazabei jakinarazi zien aurreko urtean 30 hildako eta 13 zauritu larri gertatu zirela, eta lanean segurtasun-neurriak hartu behar zirela.

1903tik aurrera, Epaimahai Nagusiak erabaki zuen ez zela delitua langileen koalizioak edo grebak egitea beren eskubideak defendatzeko. Hala ere, zaila zenez kasu guztietarako zehaztasunak ematea, geroko grebetan gobernuak edo erregeak ugazaben eta langileen artean bitartekari-lana egin behar izan zuten.

1904an, lege batek igandeetako atsedena onartu zuen, eta 1910ean beste batek meategietako lanaldia 9 ordu eta 30 minututan ezarri zuen. 1919ra arte itxaron beharko zen 8 orduko lanaldia (asteko 48 ordu) meatze-jabeekin adosteko.

Iritzi Pertsonala: Hori dela eta, uste dugu eleberri honen geroko eragina ez zela erabakigarria izango langileen egoera hobetzeko, baina bai kontzientziak pizteko arazo horren aurrean. Langileen helburuak lortzeko tresnarik garrantzitsuenak sindikatuak, alderdi politikoak eta grebak izan ziren.

Deskargatu

PDF Word HTML