Bigarren Sektorea: Industria eta Mota Nagusiak
Bigarren sektorea: industria
Esanahia eta garrantzia ekonomikoa
Lehengaiak eraldatu eta kontsumogai berriak ekoizten dituen eremu ekonomikoa da, bai beste industria batzuentzako (ekoizkin erdi landuak), bai bezeroen kontsumo zuzenerako (ekoizkin landuak edo amaituak).
Munduko langile aktiboaren %30 ari da industria jardueretan. Europar Batasunean %27, mendebaldeko herrialde garatuagoetan ekialdekoetan baino gutxiago (makinariaren informatizazioa eta automatizazio maila handiagoagatik). Espainian %27 eta Euskadin %32, historikoki erkidego industrialagoa delako.
Industria mota nagusiak
Industria astuna: bi eremu bereizten dira
Oinarrizko industria. Ekoizkin erdi landuak sortzen ditu beste industria jarduera batzuk hornitzeko. Industria instalazio handi eta konplexuak izaten dira eta lehengaiak erauzten diren lekuetatik hurbil kokatzen dira edo baliabide horiek jasotzen dituzten portuetatik gertu. Asko kutsatzen dute eta, horregatik, hirietatik urrun kokatu ohi dira; ingurumen legedien arauak ere zaindu behar dituzte.
- Meatzaritza: mineralen erauzketa.
- Siderurgia: burdin eta altzairugintza.
- Metalurgia: beste metal batzuk (kobrea, aluminioa, estanioa, beruna...).
- Kimika astuna: lehergailuak, ongarriak, tinteak, pestizidak.
- Petrokimika: petrolioaren eratorriak (gasolina, plastikoak, PVCa, pinturak...).
- Ehungintza eta larrugintza: kotoi, artile, liho, nylon eta abarreko ehunak.
- Papergintza: zelulosa.
- Zerrategiak eta zurgintza.
- Zementua, buztingintza eta eraikuntzarako materialak.
Ekipo ondasunen industria
Lanerako makinaria eta instalazioak ekoizten dituzte:
- Makinaria eta tresneria industriala lantegietarako.
- Garraio makinak: hegazkinak, trenak...
- Eraikuntza: instalazio eta materialak (leihoak, berogailuak...).
- Instalazio elektrikoak: zutabeak, kableak...
Industria arina
Ekoizkin landu edo amaituak egiten dituzte, zuzenean kontsumitzeko. Industria astunek baino lehengai eta energia gutxiago kontsumitzen dute eta, ondorioz, gutxiago kutsatzen dute. Horregatik, hirietatik hurbil koka daitezke, hauen sarbide nagusien ondoko poligonoetan.
- Elikagaigintza: kontserbak, esnekiak, okindegikoak, edariak...
- Jantzigintza: jertseak, prakak, alkandorak...
- Automobilgintza: motorrak, autoak...
- Altzarigintza: mahaiak, armairuak, oheak...
- Kimika arina: medikamentuak, kosmetikoak, garbigarriak...
- Elektronika arina: erlojuak, esku telefonoak, telebistak...
- Beste eremu batzuk: zeramika arina, larruzko eta oinetakogintza, prentsa eta liburugintza, argazkigintza.