Arkitektura Erromanikoa: Historia, Zabalkuntza eta Ezaugarriak
Testuinguru historikoa
Sarrera: Baikortasun garaia
Erromanikoa XI. eta XII. mendeetan Mendebaldeko Europa kristauan zabaldu zen kultura-gertakari garrantzitsua izan zen, eragin handikoa, gizabanakoek munduaz lehenago zuten ikuspuntua aldatu zuena. Baikortasun eta oparotasun garai baten agerpena izan zen.
Nazioarteko dimentsioa
Arte erromanikoa kristautasun osoaren nazioarteko estilo bihurtu zen, oinarrizko ezaugarri komunak zituena; hala ere, tokian tokiko berezitasunek iraun zuten. Erromako arteaz geroztik lehen aldiz hartu zuen Europako adierazpen artistikoak nazioarteko dimentsioa. Estilo honek eraikuntza-esperientzia prerromanikoak jaso zituen, eta, halaber, Erromako, Pertsiako, Bizantzioko eta Islameko eragina izan zuen.
Izaera erlijioso eta aristokratikoa
Arte eta kultura erromanikoak izaera erlijioso eta aristokratikoa izan zituen, gizartea feudala baitzen eta ekonomia nagusiki nekazaritzan oinarritzen baitzen. Estamentutan banatutako antolaketa zen, mugikortasun gutxikoa. Gizartearen antolamendu zurrun eta aldaezin horrek balio finkoak, eztabaidaezinak, estereotipatuak eta konbentzioz beteak eragin zituen. Betiko balioak eta formalismo estereotipatuak adierazi zituen arte erromanikoak, mundu aldaezin eta pribilegioz betetako hura islatzeko. Erromanikoan Elizak indarra hartu zuen.
Zabalkuntza faktoreak
- Cluny ordena: XI. mendearen hasieran, ordena beneditarraren zorroztasuna berreskuratzeko ahalegina egin zen. Horrela sortu zen Clunyko monasterioa, Europako bazter guztietara zabaldu zena, otoitzean eta lan intelektualean oinarrituta.
- Erromesbideak: Erromesbide guztien artetik Donejakue Bidea izan zen garrantzitsuena. Lehen mailako eragiletzat har daiteke arte eta kultura erromanikoa zabaltzeko. XII. mendean kristauen erromesleku nagusietako bat bihurtu zen, Erroma, Mont Saint Michel eta Jerusalemekin batera.
- Gurutzadak: XIII. mendean Europako kristauek burututako espedizio militarrak dira, Lur Santua berreskuratzeko helburuarekin, eta Ekialdearekiko harremanak areagotu zituzten.
- Lonbardiako harginen lana: Italiako iparraldeko hargin-taldeek Europa osora zabaldu zituzten beren eraikuntza-teknikak.
Garapen aldiak
- Lehen erromanikoa: XI. mendearen hasieratik mendearen azken laurdenera arte.
- Erromaniko betea: XI. mendearen azken laurdenetik XII. mendearen erdialdera arte.
- Azken erromanikoa: XII. mendearen bigarren erdialdea.
Arkitekturaren ezaugarri orokorrak
Aurrekariak: Basilika paleokristaua
Lehengo basilika erromatarraren ereduari jarraitu zion: hiru nabeko oinplanoa (basilika-oinplanoa alegia), zurezko estalki batez hornitua. Atrio deitutako patioa zabaltzen zen aurrealdean. Nartex deitzen zaion atari bat luzatzen zen elizaren barrualdearen eta atrioaren artean.
Eraikuntza-elementuak
Materialak: Harlandua eta harlanduxka erabiltzen ziren nagusiki.
Oinplanoa: Ia eliza guztiek gurutze latindarraren formako oinplanoa dute, nabe bat edo hirurekin. Transeptua burualdetik nahiko gertu dago eta nabe luzeekin gurutzatzen da. Gurutzaduran tronpen gaineko kupula oktogonala egoten da, kanpotik zinborio moduan azaleratzen dena. Burualdean, absidea eta girola izaten ditu, burualdeari barrutik bira emanez. Girola edo deanbulatoriotik absidioloak ateratzen dira, labe-gangez estalita. Transeptuaren eta mendebaldeko muturretan dorreak ezartzen dira. Bazeuden, baita ere, basilika-oinplanoa zutenak eta oinplano zentraleko eraikinak.
Euskarriak: Pilare konposatuak erabiliko dituzte (zutabeak erantsita dituztenak, alegia), nabeak bereizteko eta fajoi-arkuen pisuari eusteko. Lodiera handiko eta bao gutxiko murruek kanoi-ganga forma duten harrizko estalki astunei eusten diete. Eliza erromanikoetan leihoak estuak dira eta turuta-itxurakoak edo txaranbelduak. Gangen alboetako bultzadei aurre egiteko, kontrahormak edo horma-bularrak erabiltzen zituzten.
Estalkiak: Erdi-puntuko arkuak erabiltzen dira. Gangei dagokienez, zurezko estalkiak erabili arren, gangak ohikoagoak ziren: kanoi-gangak, ertz-gangak, kanoi laurdeneko gangak, labe-gangak. Gurutzaduran petxinen gaineko kupula aurkitzen da, kanpotik zinborio gisa agertzen dena.
Fatxadak: Albo banatan bi dorre berdin-berdin izaten ditu, eta bien artean portada bat.