Antzinako Erromako Hirigintza eta Arkitektura
Erromatar Hirigintza eta Arkitektura
Tenplua
Erromatar tenpluak greziarrek ezarritako jarraibideekin bat eraiki ziren. Erromatarrek zenbait aldaketa gehitu zizkieten, horien artean podiuma. Erromatarrek egindako beste berrikuntza bat elementu kurbatuak erabiltzea izan zen, hala nola arkua, ganga eta kupula.
Termak: Erromatar Bainu-etxeak
Termak edo erromatar bainu-etxeak gorputza garbitzeko ez ezik, solasean aritzeko eta elkartzeko guneak ziren. Termak Estatuarenak ziren, baina Estatuak pertsona jakin batzuei alokatzen zizkien, diru kopuru baten truke. Alokatzaileak diru kopuru txiki bat kobratzen zuen; hala eta guztiz ere, zenbaitetan, magistratu edo politikari batek, herritarrak bereganatu nahian, kontratuaren dirua ordaintzen zion alokatzaileari, eta urtebeteko doako sarrera oparitzen zien herritarrei.
Bainu-etxeen barrualdean luxu handiko dekorazioa zegoen: marmolak, mosaikoak... Funtsezko arrazoi terapeutikoei begira, dena bainu beroak (calidariumean), epelak (tepidariumean) eta hotzak (frigidariumean) hartu ahal izateko behar bezala horniturik zegoen, eta erdian aire beroko gela zegoen, bainu batetik bestera igarotzeko. Horiez gain, apoditerium edo aldagela, eta erabilera sozialeko hainbat esparru zeuden bertan: gimnasioak, liburutegiak, bilera-gelak, paseatzeko lorategiak.
Bainu-etxeak eguerdian ireki eta eguzkia sartzen zenean ixten ziren. Barruan gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat gela desberdinik ez zegoenez, ordutegi ezberdinak egoten ziren sexuaren arabera; dena den, inoiz edo behin, Inperioaren garaian, baimenduta egon zen gizonezkoek eta emakumezkoek elkarrekin bainua hartzea. Bainua hartzeko, olioak, pomadak, lehortzeko eskuoihalak eta estrigiloak erabiltzen zituzten. Estrigiloak harraska-gailu kurbatuak izaten ziren, eta masaje-emaileak kirola egindakoan emandako ukenduak kentzeko erabiltzen zituen.
Antzokia
Antzoki grekoen egokitzapena zen. Harmailak (cavea) zirkuluerdi bat osatzen zuen; eserlekuetarako sarrerei vomitorius deitzen zitzaien. Eszenatokia (scaena) podium baten gainean egoten zen (pulpitum).
Anfiteatroa
Gladiadore-jokoak egiteko asmatu zuten erromatarrek. Oinplano eliptikoa izaten zuen, eta inguruan zituen harmailen egitura ia antzokiarena bezalakoa izaten zen.
Zirkuak
Erromatarrek gustukoen zuten kirola egiteko izaten zen: gurdi-lasterketak. Erromatarrek asmatu zuten, grekoen hipodromoan oinarrituta.