Agustin Hiponakoa: Testuinguru Kulturala eta Fedea

Filosofia eta etika5,13 KB

Testuinguru Kulturala eta Filosofikoa

Agustin Hiponakoaren testuinguru konplexuaren barnean, honen pentsamendua baldintzatu zuten hiru korronte kultural eta filosofiko nagusi aipatu eta azaldu behar ditugu (laburki bada ere): kristau erlijioa, greziar jatorriko filosofia paganoa eta lehen filosofia kristaua edo Patristika.

Kristau Erlijioaren Eragina

Filosofo kristau gisa, San Agustinen filosofiaren oinarria kristau erlijioak osatzen du. Erlijio honek ekarri zituen ikuskera antropologiko/filosofiko berrien artean hurrengo hauek aipatzekoak dira: monoteismoa, kreazionismoa (Jainkoak ex nihilo –ezerezatik– sortzen du mundua, borondatezko eta ontasunezko ekintza baten bidez), antropozentrismoa (gizakia kreazioaren erdigunea da, Jainkoaren kreazio gorena da eta duinena baita), Jainkoaren izaera legegile eta legemailea, Jainkoaren izaera probidentea (zaintzailea), jatorrizko bekatua eta gizakiongan dituen ondorio lazgarriak, fedea eta maitasunaren garrantzia, balio moral berriak (umiltasuna, berdintasuna –Jainkoaren aurrean arima guztiak berdinak dira, gizaki guztiak baitira Jainkoren semeak–), giza historiaren eta giza bizitzaren zentzu berria, etab. Agustinen filosofiaren egiteko garrantzitsuena doktrina kristaua defendatzea eta ikuskera berri hauek mundura zabaltzea izango da, eta horregatik bere garaian agertutako heresiak (kristau doktrinarengaineko jarrera edo interpretazio desbideratuak) bortizki borrokatu zituen: gnostikoen, manikeoen, donatisten, arrianoen edota pelagianoen sineskerak galarazteko bere esfortzu intelektualaren hoberena eman zuen.

Filosofia Greko-Erromatarraren Oinordetza

Ezin da ahaztu behar Agustin, hiritar erromatarra izanik, kultura eta filosofia erromatarrean hezi zela, eta filosofo erromatarrek oinordetzat hartu zuten filosofia grekoan. Bereziki, hona hemen Agustinengan eragin gehien izan zuten bi eskola filosofikoak: estoizismoa eta neoplatonismoa. Filosofia paganoak izan arren, Agustinek ez zituen baztertu, beren zenbait kontzeptu kristautasun egiekin bateragarriak zirelako: estoizismoak proposatzen duen eredu morala (buruaskitasuna, zorigaitzen aurrean jarrera izukaitza, kanpoko ondasunen ukatzea, etab.) eragin argia izan zuen Agustinen filosofian. Halaber, Agustinek neoplatonismotik ateratako hainbat kontzeptu aintzat hartu zituen: espiritualitatea, materiaren erdeinatzea, jarrera mistikoa (Gorengo errealitatearekin bat egitearen kontzeptua…)

Patristika: Elizaren Gurasoak

Azkenik, Elizaren Gurasoak ditugu, hau da, Patristika osatzen duten lehenengo filosofo eta teologo kristauen taldea: beren asmo nagusia doktrina kristaua paganoen aurrean defendatzea zen, eta horretarako kasu gehienetan filosofia jentilaren kontzeptuez baliatu ziren, Agustinek egin zuen bezala. Aipa ditzakegu Origenes (185-254), Gregorio Nazanziokoa (329-389) edota Milango San Anbrosio (340-397), Agustinen konbertsioan berebiziko eragina izan zuen gizona.

Fedea eta Arrazoimena: Ezagutzeko Sinetsi

Goiz Erdi Aroko filosofo guztiekin gertatzen den bezala, Agustinen filosofian ezin da banandu pentsamendu arrazionala eta esperientzia erlijiosoa. Agustinentzat filosofiaren helburua Egia aurkitzea da, baina Kristoren fedearen bidez, bai eta Jainkoaren graziaren bidez baino ez dago Egia aurkitzerik. San Agustinek Isaias profetaren “Sinesten ez baduzue, ez duzue ulertuko” lelo ezaguna bere erara moldatuko du: “Credo ut intelligam; intelligo ut credam” (“Ulertzeko sinesten dut; sinesteko ulertzen dut”).

Fedearen eta Arrazoimenaren Elkarlana

Aipatutako helburua betetzeko arrazoia eta fedea elkarlanean behar dira, era honetan: hasiera batean, fedeak arrazoia gidatuko du; ondoren, arrazoiak fedearen misterioak argitzen lagunduko du, horietan sakontzeko. Horrexegatik fedeak ez du arrazoia baztertu behar, eta arrazoiak halaber, ez dio fedeari uko egin behar. Patristikaren egile askorentzat arrazoimena fedearen zerbitzura erabat jarri behar den tresna da (“Philosophia ancilla theologiae”: “Filosofia teologiaren neskamea da”); beste batzuentzat (Tertuliano, kasu) filosofia saihestu beharreko jarduera da, harroputzkeriaz bete eta Egiatik urruntzen baigaitu. Agustinek, aldiz, jarduera filosofikoaren lagungarritasuna eta balioa azpimarratzen ditu.

Kristautasuna Jakinduriaren Iturri

Agustinek argi uzten du ez dagoela benetazko jakinduriarik kristautasunetik kanpo. “Jainkoa eta arima baino ez ditut ezagutu nahi” (Bakarrizketak). Jainkoari bizkarra ematen dion jakinduria vana curiositas besterik ez da, arima galbidean jartzen duen jarrera bekataria. Dakigun bezala, Agustinek aintzat hartu zituen filosofo greko/erromatarren irakaspenak, baina filosofia horiek ezertarako balio bazuten, modu batean edo bestean kristau-egiekin bat etorri behar zuten.

Ondorioa

Amaitzeko, gogora ekar dezagun filosofo greko/erromatar paganoek ez zuten Jainko kristaua ezagutu, baina horrek ez du esan nahi San Agustinek zeharo uko egin zionik antzinako kulturari, baina kultura horrek eta kultura horretako filosofiak ezertarako balio badute, modu batean edo bestean kristautasunaren egiekin bat etorri behar dute, ezinbestez.

Deskargatu

PDF Word HTML