Agustin de Hiponaren Historiaren Filosofia: Bi Hiriak
Agustinen Historiaren Filosofiaren Sarrera
Nola ematen da garapen historiko hura? Agustinena dugu mendebaldeko filosofiaren historian lehenengo “historiaren filosofia”, hau da, garapen historikoari buruzko azalpen bat.
Hasi baino lehen, gogoratu Agustinek bi arrazoi nagusi dituela hau egiteko bere Jainkoaren hiria liburuan:
- Alde batetik, inperioaren gainbehera kristautasunaren arrakastarekin parekatzen zen. Aldiberekotasun horrek paganoen salaketak ekarri zituen, esanez kristauen ideia berri eta arrotzek inperioaren funtsa ahuldu zutela. Paganoek kristauei leporatu zieten Erroman gertatutakoa Alarikok hiria arpilatu zuenean. Agustinek, ordea, paganoen fede ezari leporatzen zion gertakari bera. Agustinen aburuz, fedea eskaini beharrean, beraien jarrera itxiak eta etengabeko plazer bilaketak kondenatu zuten inperioa. Erromatarrak salbatuko zituen kasu bakarra beraien kristautze osoa izango zen; denek fedea onartu izan balute, inperioa salbatuko zen.
- Bestalde, kreazionismoaren ideiak eta apokalipsis edo “egunen amaieraren” igarpenak gertakari historikoen zentzua zeharo aldatzen du. Kristau batentzat, historia Jainkoaren planaren garapenaren ondorio bat izango da, eta gertakari historiko guztiak horren arabera ulertuko dira, Jainkoaren “grazia” aipatuz. Ez dezagun ahaztu Erdi Aroan zehar Elizak ematen diela zilegitasuna jaun feudalen botereari.
Historia Lineala eta Bi Maitasunak
Historia linealaren ideia garatzen da, non paganoek etengabeko gertakariak ikuspuntu zikliko batean kokatuko zituzten. Platonen aurrekarien ikuspuntuak gogoratuz gero ulertuko dugu zergatik: kosmosa berezko izaera omen zuen, eta betiereko lege batzuei men egiten zien. Gauzek beti halakoak edo holakoak izan zirenez, gizakiok ere ez ginateke aldatuko, eta, gutxi gorabehera, beti antzeko gauzak gertatuko ziren, erresumak joan eta etorri, batzuk irabazi besteek galdu; gauzek beraien izaerari helduko zioten.
Kristauek, ordea, garapen historiko batez hitz egingo dute. Historia Jainkoaren planaren garapena izango zen (beste hainbat arlotan bezala), baina ez zen beti perfektua izango, izan ere, ba omen dago beste indar bat: mundua eta munduko gauzak. Gizakiok beti egongo gara bi indar horien artean. Geure izaera ere konposatua izanda, gorputzaren bitartez, munduko grinek geure buruaz bakarrik kezkatzera eramango gintuzten, izaera apetatsu, egoista eta gaiztoa garatzera.
Beste batzuek, ordea, Jainkoarenganako maitasunaz bultzaturik, Bera jarriko zuten beraien buruen gainetik eta, horrek, Jainkoarengana eramango zituen. Hemen ez dago erdiko biderik. Azkenean, Agustinek Jainkoa edozeren gainetik maitatzea eskatzen digu, geure burua ere mespretxatuz. Erabat ona Jainkotik datorrena da, eta ahalik eta gehien hurbildu beharko ginateke Bere “hirira” edo gizarte eredura.
Argi dago Agustinek historia Elizaren ikuspuntutik azaltzen duela. Are gehiago, historiako gertakaririk garrantzitsuena Jesukristoren sakrifizioa da, gizakiok salbatzen gaituena, eta gero Elizaren garapena, gizateria salbatuko duena. Horregatik esan da Agustinena “historiaren eklesiologia” izan dela.
Ez dezagun, ordea, pentsatu Eliza dela, besterik gabe, Jainkoaren hiria eta munduko gobernu sekularrak (nobleenak eta abar) munduko hiria gaiztoa. Gizakiok ez gara perfektuak, ezta erabat gaiztoak ere. Beti bi indar horien artean ibiliko gara, geure kontzientzia moral eta apeten artean (bekatuen eragileak). Hortaz, edozein taldek edo erakundek jasango du beti bien eragina, Elizan ere, nahiz eta hau izan, guztien gainetik, Jainkotik hurbilen dagoena.
Paganoei ere ate ireki bat uzten die Agustinek, batez ere Jesukristo baino lehen egon zirenei: zuzentasuna aukeratu dutenek, egoismoaren gainetik kontzientziaren mandatuei jarraitu dietenek ere badira Jainkoaren hiriko biztanleak. Beti egon dira pertsona zintzoak eta gaiztoak, bi “maitasun” horien arteko aukera nola egin duten arabera. Onartzen du zentzu horretan egon direla ere pagano zintzoak eta kristau gaiztoak, nahiz eta pentsatu Elizak eta, horren bitartez, Jainkoaren Graziak hobeak bihurtzen dituela pertsonak eta gizarteak.
Historia, hortaz, bi “polo” edo indar horien arteko borroka izango da, Jainkoaren Graziaren eraginez. Gizakiok, aukeratzeko gaitasuna dugunez, bien arteko etengabeko borrokan hartuko dugu parte. Sortua izan dena, ordea, izango du ere amaiera bat. “Egunen amaiera” heltzen denean, mundua desegina izango da azken borrokan, gaizkia menperatuta aterako da, eta Jainkoak berak epaituko ditu arima guztiak, hartu zituzten aukeren arabera. Jainkoaren hirian bizi zirenei (hau da, Jainkoa maitatuz, zuzen jokatu zirenei), betiereko bizitza zoriontsua eskainiko die.
Lurreko Hiria eta Jainkoaren Hiria
Paradigma Aldaketa: Ziklotik Linealera
Kristautasunak mendebaldeko paradigma edo ikuspuntua erabat aldatzen du sormen edo kreazioaren ideiarekin, historia linealaren ikuspuntu berria ezarriz. Antzinako filosofian, unibertsoa, kosmosa zen lehenengo izakia, berezkoa, eta betierekoa. Kosmosa bazen, ebidentea zen, nonbait gaudelako. Gauzek ezin zuten ezerezetik sortu, izadiak berak ezin zuen inolako “lehen momenturik” izan, zeren, zer egongo zen lehenago? Eta nondik sortuko ziren gauza guztiak? Pentsaezina zen grekoentzat.
Orden inmanente batez hitz egingo zuten; gauzen zerizanak gauzetan bertan ulertu behar ziren. Aldi berean, agerikoa zen kosmos honetan bazegoela orden bat, batez ere zeruan, zeren, egunez egun, epe luzean, behin eta berriz, ziklo berdinak errepikatzen ziren. Hori zen munduko “logos”-a, antzeman beharrekoa ezagutza izateko. Logosik gabe, mundua desegingo zen, edo, gutxienez, aldatuko zen. Aldi berean, logosa ezin zen aldatu, oinarrizko legea izanda, hortaz, unibertsoan, behin eta berriz, ziklo berdinak errepikatuko ziren. Modu berean, antzinako klasikoek ez zuten gure “historiaren” kontzeptua, garapen bezala. Beraientzat, gertakari puntual batzuen zerrenda zen historia, inolako logikarik gabekoa, gizakion portaera nahiko zentzugabea edo kaotikoa baita. Historia ez “zihoan” inora, behin eta berriz, antzeko gauzak gertatuko baitziren, gizakia gizakia delako.
Historiaren Helburua eta Amaiera
Kreazioaren ideiak hau guztia erabat irauldu zuen. Izaki bakar batetik datoz gauza guztiak, eta, (neoplatonismoan ez bezala), Izaki horren borondatez gertatu dira eta dira beste gertakari eta izaki guztiak. Hortik beharrezkoa eta kontingentearen arteko ezberdintasuna. Mundua momentu jakin batean izan zen sortua, Jainkoaren nahimen hutsez. Hortaz, gauzek orden transzendente bati jarraitzen diote. Jainkoak parte hartzen du historian eta gizarteen garapenetan, noraino, ordea, ez dute erabat argi.
Edozein kasutan, historiak helburu bat edo norabide bat hartzen du, zeren, gertakariek, nonbait, Jainkoaren plangintzaren isladapena baitira. Ez dezagun ahaztu, gainera, “egunen amaiera” datorrenean, Jainkoak munduari amaiera emango diola, eta “bidezkoak” aukeratuko dituela berarekin paradisura eramateko. Antropologian, kristauek munduko bizitzari garrantzia kentzen diote, beste bizitza merezitzeko tramite bezala ikusten baitute. Beste bizitza da, eta ez hau, balio duena. Historian ere, helburua dago, Jainkoaren plana alegia.
Historia linealaren paradigma sortzen da, hortaz, non gertakari guztiek paper bat betetzen duten Jainkoaren plan horretan eta Historiaren garapenean. Hau guztia, eta beste batzuk azaldu zituen Agustinek bere Jainkoaren hiria lanean. Kristau ikuspuntua hartzeaz gain, garai hartan kristauei egindako salaketa larri bati erantzun beharrak bultzatu zuen Agustin lan hori idaztera.
Izan ere, garai hartako paganoek kristauei leporatzen zieten inperioaren gainbehera, inperioan kristautasuna nagusitu zenean hainbat gertaera latz jasan baitzituzten, Erromaren arpilatzea, kasu. Kristauek aldarrikatzen zuten indarkeriaren ukamenak nonbait inperioa ahuldu zuelakoan, adibidez.
Kristau bezala, Agustinek Elizaren ikuspuntua defendatzen du Jainkoaren Hirian, eta historia Jainkoaren arabera ulertzen du, ez inperioaren arabera. Inperioak joan eta etorri, Jainkoaren borondateak dirau, historia bideratzen. Erromaren gainbeheraz, paganoen bizimodu apetatsu eta fede gabeziari egotziko die errua. Erromatarrek kristautasunaren balioak nahiko ez onartzeagatik, inperioa erabat usteldu zen, zeren kristautasuna inperioaren azken itxaropena izanda, paganoek bizimodu dekadentea aukeratu zuten. Horrela, inperioa are gehiago ahulduta, ezinezkoa izango zen gainbehera osoa gertatzea.
Edonola ere, Agustin dugu lehenengo “historiaren filosofoa”, gertakari historikoen azpitik logika bat ikusi zuena. (Ardatz ezberdinetik Marxek edo Hegelek ere historiaren filosofiak sortuko zituzten.)