1936ko Euskadiko Estatutu Autonomikoa: Ibilbide Historikoa

Historia6,13 KB

Sarrera eta Testuingurua (1931-1936)

1931ko apirilean, Espainiako II. Errepublika ezarri zen. Garai zaila eta gatazkatsua hasi zen, non alderdi politikoak, gizarte mugimenduak eta biztanleria bera gero eta gehiago banatu ziren bi taldetan: Errepublikaren aldekoak eta eskuineko mugimenduak.

Euskadiren Banaketa Politikoa

Euskadin, euskaldunak ia probintziaka banandu ziren: Bizkaia eta Gipuzkoa abertzale eta errepublikanoak ziren, eta Nafarroa eta Araba, berriz, eskuinaldera eta Errepublikaren aurka zeuden. Gatazka egoera hori 1936ko uztailaren 17an armadaren zati batek bultzatutako altxamenduan islatu zen.

Altxamenduak ez zuen arrakastarik izan hasieratik, baina Errepublikako Gobernuak ere ezin izan zuen ordena mantendu, eta hiru urteko gerra zibil izugarria hasi zen. Gerraren amaieran, Errepublika desagertu zen eta ia berrogei urtez iraungo zuen diktadura ezarri zen, Franco Jeneralaren gidaritzapean, 1975. urtera arte.

Estatutuaren Proiektuak eta Oztopoak

Gerra Zibila hasterakoan, Euskal Herriak, eta EAJk batez ere, sei urteko borroka zeramatzan Estatuaren aurrean. Aurretik, liberalismoak ekarritako aldaketa eta berrikuntzek sortutako egoeraren eta, batez ere, Foruen galeraren aurka borrokan aritu zelarik.

Lehen Saiakerak eta Erlijioaren Auzia

1931ko Errepublikako Konstituzioan Autonomia Estatutuak osatzeko eskubidea agertzen zen. Nuriakoa izan zen lehena, urte horretan bertan onartua.

Nafarroak, Gipuzkoak, Arabak eta Bizkaiak ere beren proiektua aurkeztu zuten, baina erlijioan eskatzen zituzten eskumenak zirela eta, Konstituzioaren aurkakotzat hartu zen Madrilen, eta alderdi errepublikanoek ez zuten onartu.

EAJren Jarrera Aldaketa

Bigarren saiakera bat egin zen, erlijioaren auzia alde batera utzita. Nafarrek amore eman eta Estatutuari uko egin zioten, baina EAJk aurrera egin zuen eta prozedurak aurrera egin zuen, 1933ko hauteskundeak CEDAk irabazi eta Madrilgo parlamentuan eskuinak agintea hartu arte. Gertakari hauek bultzatu zuten pixkanaka, katolikoa zen EAJ, ezker errepublikanoen aldera, nahiz eta hauen planteamendu gehienekin bat ez etorri.

1936ko Estatutua eta Lehen Eusko Jaurlaritza

Gerra Zibila eta Estatutuaren Onarpena

Gerra Zibilaren hasieran eta Indalecio Prietoren bultzadaz, Minimoen Estatutua onartu zen. Altxamenduarekin batera, EAJk ez zekien zein aldetan jarri. Ezinezkoa zen neutraltasunean gelditzea. Erabakiaren ardatza autonomia izan zen, ez erlijioa ala ideia sozial eta ekonomikoak. Garbi zeukaten EAJkoek ezinezkoa izango zutela autonomia lortzea altxamenduaren alde zeuden Estatu horretan.

Gerra Zibilaren eraginez, EAJk Errepublikako gobernuan sartzea onartu zuen, baina hainbat gauza egin aurretik; garrantzitsuena, Estatutua Madrilgo gobernuarekin negoziatzea.

Eusko Jaurlaritzaren Ezarpena eta Eskumenak

Horren ondorioz, Euskal Herriko behin-behineko gobernua osatu zen, eta EAJko Manuel de Irujo Errepublikako Justizia ministro izendatu zuten.

Hau gertatu baino lehen, oso kontuan izan behar dugu Nafarroan altxamenduaren alde agertu zirela gehienak, baita Araban ere, eta Molaren gidaritzapean Irun, Donostia eta, praktikoki, Gipuzkoa osoa Bando Nazionalen menpe geratu zela irailerako.

Euskal Herriarentzat garrantzi handiko testuaren aurrean gaude, Errepublikako legeen bidez Euskal Herriaren Estatutua onartu eta autogobernurako lehen urratsak eman baitziren. Euskadik izango zuen lehen Estatutua izan zen.

Estatutuarekin eta Lehen Euskal Gobernuarekin, mugarri historiko baten aurrean kokatzen gara: Euskadiren jaiotza da, modu instituzionalean, ikuspegi juridiko-politiko batetik. Hau izan zen gaur egun dugun Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekari zuzena.

Eragina eta Mugak

Minimoen Estatutua izan bazen ere, maximoen autonomia bihurtu zen, gerraren nondik-norakoak eta Errepublikako beste lurraldeekiko distantzia zirela eta. Esan beharra dago Bizkaian, Gipuzkoako mendebaldean eta Arabako iparraldean aplikatu zela soilik. Gipuzkoako gehiengoan eta Araban ez zuen aplikaziorik izan, aurretik aipatutako gerraren nondik-norakoek azaltzen duten bezala.

Garbi geratzen da, hala ere, gerraren hasierak eragin handia izan zuela Estatutua negoziatzeko orduan. Berdin gertatzen da Euskadiko Gobernuak izango zituen eskumenekin: gerraren ondorioz, Euskal Gobernuak aginte osoa izan zuen bere lurraldean. Funtsezkoa da ohartzea nola eragin zuen Euskadiren bakantzeak.

Negoziazioak ez ziren errazak izan, Errepublikako gobernuak ez baitzituen eskumen batzuk galdu nahi. Hala ere, nahiz eta Kontzentrazio Gobernua osatu, EAJren lidergoa eta ideiak nagusitu ziren antolakuntzan, gerraren gidaritzan eta sortutako legeetan.

Ondorioak eta Legitimitate Historikoa

Esan bezala, lehen gobernua Kontzentrazio Gobernua izan zen, Euskadin ordezkaritza zuten alderdi nagusiak sartu zirelarik. Hauek, EAJren gidaritzapean eta batez ere Jose Antonio Agirre lehen lehendakariaren lidergopean, Estatu berri baten antzera jardun ziren hilabete haietan.

Testuaren laburpen honetan, aipagarriak dira Errepublikako Konstituzioarekin harremana duten bi ideia nagusi:

  • Euskadiko botere eta instituzioen legitimitatea herrian oinarritzen dela.
  • Sufragio unibertsala izango zela erakunde horiek aukeratzeko modua.

Hala ere, lehen gobernuaren eragina eskasa izan zen, 1937ko ekainerako Euskal Herria erori zelako. Presioa gehiegizkoa izan zen, eta lurraldetasunaren eta denboraren aldetik ezin izan zuten gehiegi egin. EAJ eta Jose Antonio Agirre Euskal Gobernua mantentzen saiatu ziren, kanpotik diktadurari oposizioa eginez, Katalunian gerra bukatu arte.

Gerra ondoren Euskal Gobernuak izandako jarrerak, egindako borrokak, mantendutako oroitzapenak eta instituzioaren errealitateak eragin itzela izan zuten Estatutuaren legitimitate historikoa eta juridikoa mantentzeko Errepublika desegin ondoren, eta bere eragina izan zuen 1977an gaur egungo Estatutua negoziatzen hasi zirenean.

Deskargatu

PDF Word HTML