1876ko Konstituzioa eta Joaquín Costaren Kritika
1876ko Konstituzioa (Alfontso XII.aren erregealdian)
Testuingurua
Isabel II.a 1868an tronutik kendu zuen "La Gloriosa" iraultzak eta ondorengo Seiurteko Liberalean aldarrikatutako errepublikek ez zuten egonkortasun sozial eta politikorik lortu. Hori dela eta, jende asko monarkia borbondarraren alde azaldu zen. Gainera, gerra ugariek egoera are gehiago okertzen zuten. Egoera horretan, Canovasek Alfontso XII.aren aldeko hitzarmena egin zuen (Sandhursteko adierazpena), legearen barruan dinastia borbondarraren berrezarkuntza lortzeko. Hala ere, Martinez Camposek pronuntziamendu bat egin zuen Sagunton 1874an, Alfontso errege aldarrikatuz, eta Canovas gobernuburu izendatu zuten hura itzuli arte. Bere itzulerak Berrezarkuntzaren hasiera suposatu zuen.
Sistema politiko honek hiru oinarri nagusi zituen:
- 1876ko konstituzioa: bere helburua egonkortasun politikoa lortzea zen.
- Alderdi-bitasuna eta txandaketa: honek bi alderdi politiko soilik gobernuan parte hartzea suposatzen zuen, hauteskundeen irabazleak aldez aurretik erabakitzen zirela.
- Kazikismoa: aipatutako alderdi-txandaketa gauzatu ahal izateko, hau da, hauteskundeetan gobernuak aukeratutako alderdia irabazle irtengo zela ziurtatzeko, ustelkeriaz baliatzen ziren. Hasieran erregeak gobernua izendatzen zuen eta Gobernazio Ministroak aldez aurretik erabakitako diputatuen zerrenda itxiak prestatzen zituen. Ministroak, gobernuarekin batera, Gobernadore Zibilak izendatzen zituen eta hauek hauteskundeak manipulatzen zituzten, gobernuak nahi zituen emaitzak lortzeko. Nekazal guneetan, batez ere, kazikeen laguntza zuten. Azken hauek nekazariak mehatxatu eta botoak erosten zituzten. Horri eta emaitzak faltsifikatzeari esker, beti aldez aurretik erabakitako alderdia irteten zen garaile.
Ondorioak
Konstituzioa moderatua, doktrinarioa, 1845ekoan oinarritua, baina modernoagoa zen. Oligarkia kontserbadorearen interesak defendatzen zituen, eta alderdi-txandaketan oinarritzen zen. Bere malgutasunak erreformak egiteko aukera ematen zuen, eta horrek justifikatzen du bere iraupena (1931. urtera arte indarrean). Berrezarkuntza Sistema konstituzio honi errespetuan oinarritzen zen, konstituzioak errazten baitzuen bi alderdiek euren printzipioen arabera gobernatu ahal izatea. Baina sistemaren iraupena benetan bermatuko zuena kazikismoa eta hauteskundeen faltsifikazioa izango zen. Guzti honek erregimen liberal oligarkikoa ziurtatuko zuen. Konstituzio hau euskal foruak indargabetzeko lehen pausoa izango zen, Uztailaren Legea konstituzio honetatik abiatutako legea baita. Canovasek, Konstituzioaz baliatuz, oreka politikoa lortu zuen Espainiarentzat.
Joaquín Costaren Kritika (Maria Kristinaren erregeordearen azken urtekoa)
Testuingurua
Berrezarkuntza Seiurteko Iraultzaren ondoren eman zen dinastia borbondarraren itzulera garaia izan zen. Alfontso XII.ak (Isabel II.aren semea) eman zion hasiera, orduan zegoen Errepublikari amaiera emanez. Bere itzulera Martinez Camposek 1874an Sagunton egindako pronuntziamenduari esker burutu zen. Berrezarkuntza 1923an bukatuko zen Primo de Riveraren diktadurarekin. Hainbat epealdi nabarmendu daitezke garai honetan:
- 1874-1885: Alfontso XII.aren erregealdia.
- 1885-1902: Habsburgoko Maria Kristinaren Erregentzia garaia.
- 1902-1923: Alfontso XIII.aren zuzeneko agintea.
Berrezarkuntza sistemak hiru oinarri nagusi zituen: 1876ko konstituzioa, alderdi-bitasuna eta txandaketa eta kazikismoa. Krisiaren eragile nagusiena 1898ko krisia izan zen. Egoera honen aurrean bi jarrera azaldu ziren gizartean:
- 1898ko belaunaldia: Unamuno, Baroja eta Valle-Inclán bezalako idazle eta margolariek osatu zuten, sistema kritikatu baina irtenbiderik bilatzen saiatu ez zirenak.
- "Regeneracionismo" delakoa: Joaquín Costak sortutako intelektualen mugimendua izan zen. Azken hauek bai, sistema kritikatzeaz gain, irtenbideak ere proposatzen saiatu ziren, politika, ekonomia eta kultura arloak guztiz eraberrituz.
Ondorioak
Testuaren garrantzia Costak Berrezarkuntza sistemari egiten dion kritikan datza. Egonkortasun politikoa lortu nahian erabiltzen diren baliabideak bi dira: 1876ko konstituzioa eta alderdi-txandaketa baketsua. Azken hau lortzeko hauteskundeak manipulatzen ziren, oligarkia eta jauntxoen botereaz baliatuz. Espainian bi errealitate ezberdin elkar-bizi ziren: bat gezurretakoa (monarkia parlamentarioa, konstituzioa eta hauteskundeak) eta bestea, erreala (kazikismoa). Bigarren hau da testu honetan Costak kritikatzen duena.