1876ko Foruen Abolizioa: Euskal Herriko Legearen Azterketa
1876ko Uztailaren 21eko Legea: Foruen Amaiera
1876ko uztailaren 21eko legea testu publikoa eta nazioari zuzendua izan zen, Madrilgo Gazetan argitaratua.
Testuaren Azterketa eta Egiletza
Testuaren egileak Gorteak dira, Alfontso XII.aren garaian egina, Berrezarkuntzaren aldian. Gobernu burua Cánovas zen. Erregeak sinatu behar zuen legea, botere partekatua baitzen (subiranotasuna Gorte eta Erregearen eskuetan banatuta). Garai hartan monarkia konstituzionala zen, baina baita kontserbadorea ere. “Jainkoaren graziaz” esaten zuten, eta esaldi hori erregimen zaharraren esamoldea zen.
Testu juridikoa da, artikuluz osatuta dagoelako, formaren aldetik legea delako; baina edukiaren aldetik testu politikoa eta historikoa da. Testua III. Gerra Karlista amaitu eta gero egin zuten, Berrezarkuntza garaiaren hasieran, eta Foruen desagerpena ekarri zuen.
Legearen Edukia: Lau Artikulu Nagusiak
Lege hau 4 artikulutan banatuta dago:
- Lehenengoak, 1876ko Konstituzioak aginduta, espainiar guztien betebeharrak azaltzen ditu:
- Soldadutza egitea
- Zergak ordaintzea
- Etab.
Lege hau Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan aplikatzean, hauen Foruei 1841etik geratzen zitzaizkien bi puntu nagusiak kentzea dakar.
- Bigarren artikuluak lehenengoak esandakoa errepikatzen du.
- Hirugarren artikuluak lehenengoak esandakoa errepikatzen du.
- Azken artikuluan Gobernuari baimena ematen zaio Foruak erreformatzeko, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko diputazioekin adostuta.
Testuinguru Historikoa: Foruen Bilakaera
Foruak, Euskal Herriko lurraldeek historian zehar izan dituzten lege eta pribilegio bereziak dira.
- XVIII. mendean, Oin Berriko Dekretuekin hasi zen Foruak indargabetzeko ahalegin prozesua.
- Lehen Karlistaldiaren porrotak Euskal Herriko foruen krisia eragin zuen. Burgesiak liberalismorantz jo zuen, foru sistema oztopo bat izan zelako barne merkataritza garatzeko.
- Iraultza liberalak Foruak kendu nahi zituen, 1812ko Konstituzioan eta Baionako Estatutuan ikusi daitekeen bezala.
- XIX. mendean zehar Foruen krisia nabaria izan zen, eta Lehen Gerra Karlistaren ondorioz, puntu batzuk galtzen joan ziren.
- Gorteek 1841ean Foruak egokitzeko legea idatzi zutenean, Euskal Autonomia Erkidegoko foru baimena, Batzar Nagusiak, Foru Aldundiak eta barneko aduanak galdu ziren. Era berean, zuzenbide zibila, soldadutza bertan egiteko eskubidea eta Espainiako Ogasunari zergak ez ordaintzeko pribilegioa mantendu ziren.
- Nafarroako diputazio liberal aurrerakoiak Esparteroren gobernuarekin Lege Hitzartua adostu zuen. Honen ondorioz, Nafarroa erreinu izatetik probintzia izatera pasatu zen; bertako erregeordea, beraz, gobernadore zibil bihurtu zen; barne aduanak eta Nafarroan soldadutza egiteko eskubideak galdu zituen, baita Ogasun propioa izatearena ere. Honekin Espainiako Ogasunari kupoa ordaintzen hasi zen.
- 1844an hamarkada moderatua hasi zenean, Narváezen garaian, Nafarroaren egoera ez zen batere aldatu. Euskal Autonomia Erkidegoko foruzale eta karlistak lasaitzeko, ordea, lurralde hauei Batzar Nagusiak eta Foru Aldundiak itzuli zitzaizkien.
- Hortik aurrera eta testu hau idatzi zen arte, Euskal Foruen egoera ezegonkorra eta oso nahasia izan zen, etengabeko eztabaidak eta salaketak gertatzen zirelako.
- 1872tik 1876ra iraun zuen azken Gerra Karlistak. Alfontso XII.aren aldekoek irabazi zutenean, Foruen azken aztarnak kendu zizkieten. Horregatik, Cánovas presidenteak, uztailaren 21eko legearen bidez, soldadutza egiteko eta Estatuko gastuetan parte hartzeko eginbeharrak euskal probintzietara zabaldu zituen.
- Hurrengo urteetan, Estatuak Foru Aldundiak desegin zituen. Aldundi berriek autogobernurako eta baliabideak kudeatzeko gaitasuna sendotu zuten kontzertu ekonomikoak ezartzean.
Legearen Garrantzia eta Ondorioak
Euskal Autonomia Erkidegoko Foruak abolitu ziren. Cánovasek lege honekin batasun konstituzionala lortzeko ahalegina egin zuen.
Testuaren 4. artikuluak dioenez, kontzertu ekonomikoa ezarri zen: Euskal Autonomia Erkidegoan gobernuak diputazioekin adostuz gero, Foruak erreformatzeko baimena zuen. Hau aplikatuta, aldundiek zergak finkatu, bildu eta administratu zitzaketen, gero kobratutakoaren parte bat, kupoa, Madrilgo Ogasunari ordainduz gero.
Sistema honen bidez, Aldundiek lortutako dirua hezkuntzan, ongintzan eta errepideak konpontzen inbertitu zuten. Aldundiek administrazioa herritarrengana hurbildu eta kalitate handiagoko zerbitzuak eskaini zituzten.
Euskal Oligarkiak Aldundiak kontrolatzea lortu zuenez, zeharkako zerga gehiago (kontsumoaren gaineko zergak), zerga zuzenak baino, kobratzea lortu zuen; hau da, euren interesen aldeko politika fiskala ezartzea.