1855eko Burdinbideen Lege Orokorra: Espainiako Trenbidearen Hastapenak
1855eko Burdinbideen Lege Orokorra
4. BURDINBIDEEN LEGE OROKORRA (1855-06-06)
Aurrean dugun testua lehen mailako iturri historiko eta politiko-juridikoa da; hain zuzen, 1855eko Burdinbideen Lege Orokorraren zati bat, Espainian trenbidea ezartzen laguntzeko helburuarekin ateratako legea. Egilea kolektiboa da, Gorteek egina eta Francisco de Luxan, Sustapen ministroa, eta Isabel II.ak onetsita. Publikoa da, Aranjuezen aldarrikatu eta Madrilgo Gazetan argitaratu zen eta herriari zuzenduta dago.
Testuaren testuingurua
Testuaren helburu nagusia trenaren eraikuntza bultzatzea izan zen. Testua Isabel II.aren Biurteko progresistan (1854-1856) kokatzen da, hots, O’Donnell jeneralaren ‘Vicalvarada’ pronuntziamenduaren ondoren. Isabel II.ak Espartero jeneralari gobernua osatzeko ardura eman zion, eta erregimen berriak ekonomia eta politika erreformak sustatzen saiatu zen; 1856ko altxamendu batek, ordea, boterea berriro moderatuen esku utzi zuen.
Analisia
→ Lehenengo paragrafoan Isabel II.a, Espainiako Erreginak, herritar guztiei jakinarazten die Gorteek egindako legea onartu eta berretsi duela. Ondoren, sei artikulu agertzen dira:
- 4. eta 6. artikuluek burdinbidearen eraikuntza gobernuaren, partikularren edo konpainien esku egongo dela diote. Hala ere, konpainiek eta partikularrek trenbidea eraikitzeko, aurretik gobernuaren onespena jaso beharko dute.
- 8. artikuluak zehazten du zertarako erabiliko diren inbertsio publikoak: hainbat obra gauzatzeko, enpresei inbertitutako kapitalaren parte bat itzultzeko edo kapitalaren gutxieneko zati bat ziurtatzeko. Proiektu hau burutzeko fondo publikoak erabiltzeak erakusten du gobernua izango dela eraikuntzaren bultzatzaile nagusia.
- 19. artikuluak esaten du trenbidearen eraikuntzan erabilitako kapital atzerritarra estatuak babestuko duela, eta, beraz, harriskutik libre geratuko dela.
- 20. artikuluan burdinbidearen eraikuntza burutzen duten enpresei eskainitako erraztasunak zehazten dira. Besteak beste, trenbideak bere bidean hartuko dituen lur publiko guztiak emango zaizkie, inguruko baliabideak erabili ahal izango dituzte, harrobiak irekitzeko baimena izango dute eta garraio eta muga zergak bereganatzeko ahalmena izango dute.
- 30. artikuluan, azken artikuluan, trenbideak izan beharko dituen neurriak azaltzen dira: 1,8 metroko zabalera. Honi dagokionez, aipagarria da Europako gainerako trenbideekin alderatuta handiagoa zela, eta horrek oztopo handia suposatu zuela hurrengo urteetan beste herrialdeekin komunikatzeko. Erabaki hori justifikatzeko, atzerritik etor zitekeen eraso militarra aipatu zen, baina ez zen hori benetako arrazoia: Espainia oso menditsua zenez, lurrun-makinek indar gehiago behar zuten malda igotzeko.
→ Testuko ideiak ondo ulertzeko ezinbestekoa da bere testuinguru historikoan kokatzea. 1844tik 1854ra moderatuak egon ziren gobernuan, baina O’Donnellek zuzendutako Vicalvarada pronuntziamenduaren ondoren progresistek boterea lortu zuten. Lehenengo gobernua Esparterok zuzendu zuen, eta O’Donnell eta Pacheco izan ziren ministroak. Boterean egon zirenean, ekimen garrantzitsuak egin zituzten esparru desberdinetan.
Politika, legegintza eta finantzak
Politikan, 1856ko Konstituzioa idatzi zuten, alderdi progresistaren ideiak jasotzen zituena. Ordea, ez zen indarrean jarri. Legegintzan, administrazioan Udal Lege berria atera zuten. Finantzetan, sozietate akziodunen eta bankaren legea, Meategien legea eta aztertzen ari garen testua: Burdinbideen Lege Orokorra.
Bestalde, Madozek udal desamortizazioa egin zuen; jabetza kolektiboko ondasun guztiak salgai jarri zituen. Horren bidez, baliabide asko lortu zituen eta, horrela, estatuak ekonomia modernizatzeko dirua lortu zuen. Agintariek diru sarrera gehienak trenbide sarean inbertitu zituzten, merkataritza sustatzeko eta industria hazteko.
Legearen helburua eta ondorioak
→ Lege honen helburua trenbide sarearen eraikuntza suspertzea zen, eta lortu zen. Legeak oso baldintza faboragarriak ezartzen zituen: burdinbidearen zatiak enkante publikoan atera ziren, eraiki eta 99 urtetan ustiatzeko. Epea amaitzean, estatuaren esku geratuko zen. Estatuak eraikuntza finantzatzen lagundu zuen, burdinbidearen eraikuntzarako behar ziren produktu guztien inportazio librea onartu zen eta lurrak desjabetzeko pribilegioak eman zitzaizkien trenbide konpainia pribatuei.
→ Espainian trenbideak eraikitzeak utzitako ondorioak hauek izan ziren:
- Baldintzak oso faboragarriak zirenez, konpainia askok (gehienak atzerritarrak) kontzesioak lortu zituzten. Burdinbidea, beraz, kapital eta teknologia atzerritarrekin egin zen. Gainera, material gehiena inportatu zenez, industria nazionala ez zen suspertu.
- Burdinbide-sare erradiala sortu zen. Madril, periferiako hiri garrantzitsuenekin lotu zen, eta lehengaien ekoizpen-eskualdeak itsas portuekin. Horregatik, industrializazioa batez ere kostaldeko inguruetan gertatu zen, eta Espainiako barnealdea kanpoan geratu zen.
- Burdinbidea Europakoa baino zabalagoa izateak Espainia isolatuta geratzea ekarri zuen.
Balorazioa
Trenbidea ez zen izan espainiar ekonomia modernizatzeko eta garatzeko funtsezko baliabide bakarra. Dena dela, ukaezina da trenbidea aurrerapauso handia izan zela, eta espainiar lurraldeak komunikatzeko eta merkatu nazionala sortzeko oso lagungarria izan zela, industrializazioaren garapena errazten zuena.