1839ko Foru Dekretua: Euskal Foruak eta Batasun Konstituzionala

Historia4,07 KB

39

1. Testuaren Kokapena

Testu publikoa, hiritarrei zuzendua. Eduki politiko (euskal foruak eta konstituzioa bateratzea) eta juridikoa (lege bat artikuluekin, botere legegilea dutenek egina - 37ko Konstituzioaren arabera) dauka. Egilea Espainiako Gorteak dira (37ko Konstituzioaren arabera, botere legegilea 2 ganberatan: Gorteak eta Senatua). Botere legegile partziala Erreginak ere baduenez, Maria Kristina alargunak berretsi zuen Gorteen lana. Hartzailea Euskal Herria da, bertako foruen egokitzeari buruzkoa baita; gero Diputazioek ordezkatuko dute. Garaia Lehen Karlistadaren amaiera da, Bergarako Itunaren ondorioz sortua, Esparterok Marotorekin hartutako konpromisoaren ondorioz.

Lexikoa

  • Jainkoaren graziaz
  • Maria Kristina alarguna
  • Foruak
  • Batasun Konstituzionala

Ideiak

  • Euskal foruak berresten dira, baina batasun konstituzionala mantenduz.
  • Gobernuaren esku geratzen da euskal ordezkariekin (Diputazioekin) hitz egin ostean Gorteei foru-aldaketak proposatzea, beti ere Espainiaren interesak nagusi direlarik. Hori egin bitartean, zalantzak Gobernu eta ordezkarien artean argituko dira (2. Art.).

Testuingurua

Garaia Lehen Karlistadaren amaiera da (arazo dinastikoak eta ideologikoak tarteko). Liberalek foruak indargabetu zituzten 37ko Konstituzio zentralistarekin, baina Euskal Herria karlisten esku egonik, ia ez zuen aplikaziorik izan. Gerran ez aurrera ez atzera eginda, euskal liberal moderatuek, frantses eta ingelesen laguntzaz, foru onarpenaren inguruko akordioa bultzatu zuten. Muñagorri liberal moderatuak eztabaida sortarazi zuen euskal karlisten artean (foruen erreibindikazioa, kausa dinastikoak aparte utzita). Gerra Bergarako Itunarekin amaitu zen. Espartero jeneral liberalak eta Maroto karlistak egindako tratuan, lehenak Gobernuari gomendatuko ziola Gorteei eskatzeko euskal foruak eman edo gordetzeko, eta konpromiso haren ondorioz sortutako dekretua da hau. Estatuak Nafarroan Hitzarturiko Legea ezarri zuen 1841-16an. Nafarroako ordezkariak, gehienak progresistak izanik, aldaketa liberalak egiteko prest zeuden. Horren ondorioz, probintzia kategoria lortu zuten, ez Erreinuarena, eta horrek botere legegilea eta judiziala galtzea ekarri zuen: erregearen ordez gobernadore zibila izatea, aduanak barnetik Pirinioetara eramatea, soldadutza lurraldetik kanpo ere egin behar izatea eta zergak Estatuko Ogasunari ordaindu behar izatea. Nafarroak foruetatik gordetako bakarra zuzenbide zibila eta zergen Diputazioek administratzea izan ziren. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako diputatu ordezkariek (moderatuek) ez zuten adostasunik lortu. Azkenean, 41eko urriaren 29ko dekretuan, Gorteek foruak aldatu eta konstituziora egokitu zituzten. Galdutakoa: Foru baimena, Batzar Nagusiak, Foru Diputazioak, sistema judizial propioa, aduanak barnean izatea. Mantendutakoa: berezitasun militarra eta fiskala. 1844an, liberal moderatuak Gobernuan zeudela, zenbait eskubide berreskuratu ziren: Batzar Nagusiak eta Foru Diputazioak, baina Foru Baimena eta aduanak betiko galduta.

Testuaren Garrantzia

Testua batasun konstituzionalaren bidean (12ko Konstituzioarekin hasia) oso garrantzitsua da. Bertan oinarrituta, hurrengo urtean, 1840an, Espartero erregeordeak euskal diputazioak deitu zituen foruak konstituziora (1837koa) moldatzeko asmoz, eta liberalak foruak bere horretan mantentzeko prest zeuden. Nafarroak bere foruak galdu zituen, eta autonomia ekonomiko-administratiboa bakarrik mantendu zuen: zerga sistema propioa izango zuten, baina Estatuari kupoa ordainduko zioten. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban foruen murrizketa izan zen; berezitasun militarra eta fiskala bakarrik mantendu ziren 1876 arte, Hirugarren Karlista Gerra bukatu arte. Bi urte beranduago, 1878an, negoziazioaren ondorioz, kontzertu ekonomikoak lortu zituzten, horrela Nafarroaren antzeko autogobernu ekonomiko-administratibo sendoa eskuratuz.

Deskargatu

PDF Word HTML