Zerga motak: zuzenak eta zeharkakoak

Ekonomia2,96 KB

Zerga Zuzenak

Pertsonek edo sozietateek zuzenean ordaindu beharreko zergak dira, etekinak lortzeagatik, ondasunen jabetzagatik edo erabileragatik. Herrialde batetik bestera eta denboran zehar aldaketak izan badituzte ere, (Gipuzkoako ogasunari erreparatuko diogu) zerga zuzenen artean hauek azpimarratu behar dira:

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ)

Lanagatik, kapitalagatik edo beste iturrietatik irabaziak lortu dituzten pertsonek ordaindu behar dute. Zerga progresiboa da, hau da, errendimendua handitu ahala, ordaindu beharreko tipoa ere handitzen da. Lanaren bidez, jarduera ekonomikoaren bidez edota kapitalaren eta ondarearen irabazietatik lortutakoak zergapetzen ditu.

Sozietateen gaineko Zerga

Merkataritza-sozietateek lortutako etekinen arabera ordaindu behar dute. Oro har, enpresa handiek %28a eta txikiek %24a ordainduko dute, nahiz eta izaera juridikoaren arabera ezberdintasunak egon.

Ondasun Higiezinen gaineko Zerga

Ondasun higiezin landatar zein hiritarren jabe izateagatik, pertsona fisiko zein juridikoek ordaindu behar dute.

Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zerga

Hildako pertsona batengandik jasotako herentziarengatik edo bizirik dagoen pertsona batengandik jasotako dohaintzengatik ordaindu behar da. Oro har, ordaindu beharreko tipoa %1,5ekoa da.

Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga

Pertsona fisikoen aberastasuna zergapetzen du, ondasun, eskubide, zor eta obligazio guztiak kontuan hartuta. 2013an ezarri eta 2015ean erreformatu zen zerga progresibo hau, 700.000 eurotik gorako aberastasuna duten pertsonek ordaindu behar dute.

Zeharkako Zergak

Pertsonen ondasunen kontsumoa eta eskualdatzea zergapetzen dituzte. Zerga zuzenek pertsonak zergapetzen dituzten bitartean, zeharkako zergek kontsumoaren eta eskualdatzearen ekintzak zergapetzen dituzte.

Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ)

Zeharkako zerga garrantzitsuena da. Ondasun eta zerbitzuen eskuratzea zergapetzen du, eragiketa ekonomiko gehienetan ordainduz, erositakoaren ehuneko batean (salbuespenak salbu). Ordaindu beharreko ehunekoa aldakorra da herrialdeen eta denboraren arabera. Gainera, ondasunen arabera ere aldatzen da. Gurean, hiru ehuneko bereizten dira:

  • Tipo oso murriztua (%4): premiazko ondasunak (barazkiak, esnea, ogia, fruta...).
  • Tipo murriztua (%10): elikagaiak oro har, garraioa, etxebizitza...
  • Tipo orokorra (%21): gainerako ondasun eta zerbitzuak (arropa, oinetakoak, etxetresna elektrikoak...).

Zerga hau enpresen arteko eta enpresa-partikularren arteko eragiketetan ordainduko da, baina helburua azken kontsumitzaileak jasan dezan da. Enpresek bitartekari lana egiten dute, hiru hilean behin zergen likidazioa aurkeztuz ogasunaren aurrean. Kobratutako BEZa ordaindutako BEZa baino handiagoa bada, diferentzia ogasunari ordaindu behar zaio. Alderantziz bada, ogasunak diferentzia itzuli behar du.

Deskargatu

PDF Word HTML