XX. Mendeko Abangoardiak: Fauvismoa eta Espresionismoa
XX. Mendeko Abangoardiak: Sarrera eta Testuingurua
XX. mendean zehar, arte estiloak azkar eta modu nahasian garatu ziren. Iraupen gutxiko mugimenduak agertu ziren, eta egileak, askotan, batetik bestera pasa egiten ziren. Ingurune historiko gisan, abangoardia historikoak deituak izan zirenak, mende hasieratik Bigarren Mundu Gerrara arte iraun zuten; gerra biek eten larria suposatu zutelarik.
Pentsamendu eta Zientziaren Ekarpenak
Ulertu ahal izateko, zientzia mailan zein pentsamendu alorrean egindako ekarpenak hartu behar ditugu kontuan. 1902an, Freudek Ametsen Interpretazioa argitaratu zuen, giza inkontzientea ezagutu ahal izateko oinarria jarriz. Urte batzuk geroago, 1907an, Albert Einsteinek Erlatibitatearen teoria formulatu zuen, fisika tradizionala hankaz gora jarriz. Handik aurrera, etengabe, aurkikuntza zientifiko handiak burutu ziren, gizakiaren bizimodua zein haren munduarekiko pertzepzioa aldatuz.
Abangoardien Ezaugarri Komunak
Arte munduan, abangoardiek onartuta zegoen akademizismoaren aurka egin zuten. Haien ezaugarri komunak hurrengoak izan ziren:
- Haien asmo zein abiapuntu estetikoak idatzizko manifestuen bidez aldarrikatzen zituzten. Pintura tradizionalaren aurkako erreakzioa zen; hori dela eta, uko egin zioten errepresentazio modu tradizionalari, perspektiba balioari, modelatuari nahiz argi-ilunari.
- Haien ustez ez dago edertasun eredu unibertsal bakarra; ondorioz, mintzaira artistiko alternatiboak sortu zituzten. Mintzaira hauek, askotan, oso hermetikoak eta ikuslearentzat ulertezinak ziren. Honek publikoarekin apurtzea ekarri zuen, etengabeko urruntzea.
- Artearen autonomia errealitatearekiko zein naturarekiko aldarrikatzen zuten.
- Iraupen laburrekoak izan ziren, baina eragin handia izan zuten ondorengo estiloetan.
Abangoardiak Sortzeko Abiapuntuak
- Inpresionismotik aurrera, argazkigintzak pinturari imitazioaren zama kendu zion, ez ordea bere izaera figuratiboa. Arteak ez du errealitatea modu zehatzean irudikatu behar.
- Koadroaren balioa ez dago loturik adierazten duenari, baizik eta artelana da “nolabaiteko ordenan jarritako koloreek estaltzen duten azalera laua”.
- Berpizkundeko perspektiba bazterrean utzi zuten, irudikatzeko balio gisa. Marrazkia, batzuetan oso baloratua da (adibidez, kubismoan, balio geometriko-arrazional gisa), eta besteetan kolorea (fauvismoan edo espresionismoan, adierazkortasunaren nahiz sentimenduaren adierazpide gisan).
- Gero eta garrantzi handiagoa material berriei eta teknologia berriek ahalbideratutako baliabideei.
- Eskolen edo joeren gainean indibidualtasuna azpimarratzen zuten.
- Askotan konpromiso politiko soziala (espresionismoa).
Fauvismoa (1905-1908)
XX. mendeko lehen abangoardia Fauvismoa da. Talde hauek ez dira inoiz oso iraunkorrak, baina kasu honetan bereziki laburra izan zen. Bestalde, ezaugarri oso definituak dituen pintura da. Horien artean nabarmenak dira kolorea nahi bezala erabiltzea eta bere garrantzia, dekorazio-nahia, eta koadroari ez dagokion edozein kontsideraziorekiko pinturak duen autonomia.
Fauvistatzat sekula hartu ez ziren zenbait autoreren (Kirchner) obrek ere bazituzten ezaugarri horiek, eta baita, taldeko kideek hau desagertu ondoren egindako zenbait obrek ere (Matisse); hori dela eta, kontuan hartu behar da mugimendu horietakoa izatearen erlatibizazioa (horra hor hautatutako zenbait obren garrantzia).
Fauvismoaren Eraginak
- Van Goghen pintura: egikera askea, pertsonala, bat-batekoa, pasionala eta emozioz beterikoa.
- Gauguinena: primitibotasunaren eta basatia denaren exotikotasuna (hau da, mendebaldeko kulturatik urrunekoa).
- Neoinpresionismoa edo puntillismoa: teknika dibisionista erabiltzea.
- Frantziar pintura zaharra (XIII. eta XIV. mendeetakoa): espazioaren trataera ohiko perspektibarik gabe, kolore saturatua eta izaera linealeko marrazki eta formak definitzen dituena.
Fauvismoaren Ezaugarri Nagusiak
- Mugimenduaren oinarria kolorea da, gehienbat. Kolore hori ez dago marrazkiaren menpe, oso bortitza eta oso kontrastatua da.
- Koloreari egindako atxikimendua zela kausa, beste atal batzuk ahaztu egingo dituzte, besteak beste, modelatua, argi-iluna, perspektiba, konposizioa... Aurreko guztia bigarren mailan geratuko da, kolorea elementu nagusi bihurtuz.
- Jaiotasun teknikoa ere ez dute gehiegi landuko; ukitu arinak eta azkarrak, trazu latzak eta apurtuak, distortsioa... hau da, bat-batekotasunaren ilusioa ematen duena baloratuko dute. Ematen du pintatzen ez dakitela, koadroak edonola egingo balituzte bezala.
- Beste ezaugarri bat sentimenduak adieraztea izango da, Nabiekin gertatu bezala. Hau garrantzitsua izango da, natura nahiz alboan dutena sentitzeko eta adierazteko sistema horren araberakoa izango baita.
- Marrazkia bigarren mailako elementua izan arren, Matissek ez zion muzin egin; oso uhindua eta dekoratiboa erabili baitzuen.
- Joera errebeldea defendatzen dute, pinturari dagokionez, batez ere. Arauak ez dituzte errespetatzen. Azken finean, zerbait ezberdina bilatzen dute esparru artistikoan aurrera egiteko.
- Gaiei erreparatuz gero, aldiz, oso ugariak dira: batzuek nekazal mundua pintatuko dute, eta beste batzuek hiri mundua. Batzuek biluziak eta barrualdeak. Besteek aire zabalekoak edo plein air deiturikoak, askotan bizi-poza eta gai alaiak landuz.
Henri Matisse: Fauvismoaren Aitzindaria
Henri Matisse Cateau-Cambrésis-en jaio zen, gurasoak merkatariak zituen. Bigarren hezkuntzako ikasketak egin zituen. Parisen zuzenbidea ikasi zuen bi urtez, eta Q. Latourrek emandako marrazketa-klaseetara joan zen. Apendizitis-ebaketa batetik sendatzen ari zela, pintatzen hasi zen, eta Pariseko akademietan bere pintore-heziketa hasi zuen. Aipagarria da G. Moreaurekin ikasi zuen garaia; honen tailerrean geroago fauveak izango ziren zenbait artista ezagutu zituen.
Matisseren Ibilbide Nagusia
- Erakusketak egiten hasi zen. Vlaminck ezagutu zuen (Derainek aurkezturik), Van Goghen obraren atzera begirako erakusketa batean.
- Lehenengo banakako erakusketa egin zuen. Uda Colliure-n igaro zuen Derainekin.
- 1905: Fauve bezala ezagutuko direnen lehenengo erakusketa, hain zuzen ere, erakusketa honetatik aurrera ezagutuko zaie fauve bezala.
- Arte beltzaz interesatzen hasi zen. Picasso ezagutu zuen. Bigarren erakusketa fauvista.
- Pintura-akademia bat sortu zuen. Erakusketak New Yorken, Berlinen eta Moskun.
- Bidaia bat egin zuen Andaluziako zenbait hiritara, Madriletik pasa, eta Toledotik eta Bartzelonatik Frantziara itzuliz. Errusiara bidaia bat egin zuen.
- Picassorekin batera erakusketa bat egin zuen. Etengabeko erakusketak eta bidaiak.
- Gerra Frantzian igaro zuen, pinturez gain, litografiak eta marrazkiak eginez.
- Londresen erakusketa bat egin zuen Picassorekin batera. Parisen bere obraren atzera begirako erakusketa garrantzitsu bat izan zen.
- Bere eskulturen erakusketa. Matisse Museoaren inaugurazioa Cateau-Cambrésis-en.
- Nizan, bere bizitzako zati handi bat igaro zuen tokian, hil zen.
Espresionismoa (1905-1925)
Espresionismoa 1905-1925 urteetan Ipar Europan eta, bereziki, Alemanian zabaldutako abangoardiako arte mugimendua izan zen. Artearen arlo ezberdinetan garatu zen: margolaritza, arkitektura, literatura, antzerkia, zinema, musika eta dantza, besteak beste. Espresionismoa Alemanian hasi zen hedatzen, eta Europa guztira zabaldu zen Lehen Mundu Gerraren ondoren.
Talde Nagusiak: Die Brücke eta Der Blaue Reiter
Alemanian bi taldek jarri zituzten estetika modu berri haren oinarriak: Die Brücke eta Der Blaue Reiter taldeek, hain zuzen ere.
Die Brücke (Zubia)
Taldea 1905ean sortu zen, Dresden hirian, tradizio akademikoarekin hautsi eta orduko gizarteari aurre egin nahiak bultzatu zituen artista batzuen ekimenez. Talde hartatik sortu ziren Alemaniako espresionismoaren lehenengo adierazpenak. Taldearen burua Ernst Ludwig Kirchner pintorea (1880-1938) izan zen.
Der Blaue Reiter (Zaldun Urdina)
Taldea, berriz, 1910ean sortu zen, Munichen, artearen adierazpideak berritzeko asmoz bildu ziren pintore batzuen ekimenez. Taldearen fundatzaileak Vasili Kandinski (1866-1944) eta Franz Marc (1880-1916) margolariak izan ziren.
Espresionismoaren Ezaugarriak
Pintura ekimen zuzena, bat-batekoa eta subjektibitatearen loturetatik apartekoa da; artistaren subjektibitatetik sortua, barne behar batetik sortua (*instintiboa* eta *muturrekoa Die Brücke* taldean, eta *espirituala* eta *lasaia Der Blaue Reiter* taldean).
- Formaren eduki naturalistatik askatu zen, errealitatearen interpretazio librearen ondorioz, barne mundu subjektiboa hobeto adierazteko (irudiak sortuak dira, ez kopiatuak).
- Baliabide ezberdinak erabili zituzten hori lortzeko: desproportzioa, formen distortsioa, eskematizazioa, objektiboa denaren ezinbestekoa baino ez.
- Aldarte ezberdinak azaltzeko kolorea eta trazua erabiliko dituzte.
- Hiru dimentsiotako espazioa apurtu zuten, formak eta irudiak toki berean pilatuz.
- Izaera dekoratiboa galdu zuten.
Testuinguru Historikoa eta Aitzindariak
XIX. mendearen bukaeratik 1925. urtea inguru arte, Lehen Mundu Gerraren aurreko giro gorabeheratsu eta ilunaren inguruan zabaldu zen espresionismoa, Alemaniatik Europa guztira. Margolaritzari dagokionez, inpresionismoaren eta naturalismoaren kontrako erreakzio gisa antolatu zen mugimendu espresionista.
Aitzindariak honako hauek izan ziren: Vincent van Gogh, Edvard Munch, James Ensor, Georges Rouault eta Gustav Klimt.
Artista espresionistak bere sentiberatasunaren arabera irudikatzen du mundua: norberaren ikuspuntuak eta ikusmoldeak moldatzen dute errealitatea.