XVI. Mendea: Euskal Literaturaren Hastapenak
Idatzizko euskal literaturaren hastapenak XVI. mendean ezarri behar dira, bai mende honetan, bai hurrengoan, Iparraldeko idazleen nagusitasuna erabatekoa izanik.
Gure lehen idazleak plazaratu zireneko mendean aldaketa handiak gertatu ziren arlo guztietan. Europan zehar herri hizkuntzen aldeko korronteak nabariak ziren, latina ordezkatuz idatzizko zereginetan nagusitzen ari zirelarik. Bestalde, erlijioari dagokionez ere, garrantzizko aldaketak gertatu ziren: Joana Albreteko Nafarroako erreginak Erreforma Protestantea Ipar Euskal Herrian hedatzeko saioa burutu zuen, horretarako liturgia-liburuak euskaraz prestataraziz.
Horrela, XVI. mendean, goi mailako poeta batekin abiatzen dira gure letrak: Bernart Etxepare. Bera da euskarazko lehen liburuaren egilea eta mende honetan ezagutzen dugun poeta bakarra. Prosaren sorrera, berriz, Leizarragari zor diogu, euskarazko lehen itzulpenen bidez hizkuntza eredu bat trebeki moldatu zuena.
Bernart Etxepare
Lingua Vasconum Primitiae da liburuaren izenburua, hau da, “Euskaldunen hizkuntzaren hastapenak”. Egileak bere obra hau euskal letretako lehena dela aldarrikatzen du. Sarreran kezka honen azalpena irakur dezakegu. Bernart Etxepare Nafarroa Behereko lurraldean jaio zen, eta kalitate handiko poemak idatzi zituen. Ideien eta sentimenduen azalpenean zintzotasuna eta gardentasuna ageri dira, lexiko eta irudi soilak baina indartsuak erabiliz eta ñabarduraz beteriko esapideak lortuz.
1545ean Bordelen argitaratu zen obra honetan errealismoa da nagusi, gai erlijiosoak eta erotikoak naturaltasunez nahasirik.
Etxepareren obran bertsolaritzarekiko lotura nabari daiteke gaietan (erlijioa, maitasuna, euskara, kartzela) eta hizkeran, nola bertsogintzan (neurrian).
Nafarroa Behereko euskalkiaz idatzi zuen Etxeparek, berea zuen euskalkiaz baliatu zen; haatik, ez du euskalkien arteko arazorik ez lehiarik erakusten edo islatzen, bere helburua eta poza euskara, euskaldun guztien hizkuntza, letren mundura ateratzea baitzen. Liburuak hamabost poema ditu eta, gaiari dagokionez, lau sail dituela esan genezake:
- Erlijio poemak
- Maitasun poemak
- Presondegiko poemak
- Euskarari buruzkoak