Euskal eleberri modernoa: ezaugarriak eta hastapenak
Laburpena
Testuak euskal eleberri modernoaren hasiera azaltzen du, 1957an Txillardegik Leturiaren egunkari ezkutua argitaratu zuenetik. Eleberri modernoaren lau ezaugarri nagusiak (subjektibitatea, fragmentazioa, ironia eta hausnarketa) eta idazle berrien ezaugarriak aurkezten ditu. Gainera, Txillardegiren obra nagusiak eta Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren argumentua laburbiltzen ditu.
Funtsezko puntuak
- Euskal eleberri modernoa 1957an hasten da, Txillardegik Leturiaren egunkari ezkutua argitaratu zuenean.
- Eleberri modernoaren lau ezaugarri nagusiak: subjektibitatea, fragmentazioa, ironia eta hausnarketarako joera.
- Aro berriko idazleak unibertsitate-ikasketak dituzte, gazterik idazten hasi dira eta hiri-girokoak dira gehienak.
- Euskarari eta euskal literatura modernizatzeari eusten diote, Europako korronteekin sintonizatuta.
- Txillardegi (Donostia, 1929) ingeniaria, hizkuntzalaria eta eleberrigilea da, eta Peru Leartzako, Elsa Schelen eta Eskixu bezalako obrak idatzi ditu.
- Leturiaren egunkari ezkutua-ren protagonista Joxeba Leturia da, euskal literaturako lehen protagonista gatazkatsua, eta obra existentzialistan kokatzen da.
Euskal Eleberri Modernoa
Euskal narratibak 1957an, José Luis Álvarez Enparantza (Txillardegi) idazleak Leturiaren egunkari ezkutua argitara ematearekin batera, bere aro modernoa estreinatzen du, eleberri modernoarena, alegia. Zer da eleberri modernoa?
Denboraren oraingotasun soilez gaindiko kontzeptua da. Prozesu hori eleberriaren forma aldatu duten aldagaietan oinarritu izan da; eta aldagai horiek guztiek eleberrigintza moderno askotarikoak eragin dituzte. Eleberri modernoaren ezaugarri nagusiak lau elementu hauek dira:
- 1. Subjektibitatea: munduaren ikuskera norberarena dela nabarmendu nahi delako;
- 2. Fragmentazioa: munduaren atxikipena nork berea duelako, eta, beraz, zatikatua delako ezinbestean;
- 3. Ironia: kritika egiteko era bat da, errealitatearen ikuspegi kritikoa azaltzeko era;
- 4. Hausnarketarako joera: kritika onartzearen aldeko jarreraren isla delako, bai eta aldaketak onartzeko irekitasunaren adierazgarri ere.
Euskal eleberrigintzan 1957an hasten den aroak, Leturiaren egunkari ezkutua-z gainera, beste berrikuntza batzuk ere ekarri zituen autoreengan. Izan ere, euskal idazle berriak, taxu berrikoak dira. Hona hemen, besteak beste, haien ezaugarri batzuk:
- Unibertsitate-ikasketak dauzkate.
- Gazterik hasiak dira idazten.
- Hiri-girokoak dira gehien-gehienak.
- Europako literaturen ezagutza hurbila dute, hizkuntzak ere badakizkite.
- Euskaldun berriak dira haietako asko.
- Heterodoxoak dira gustu kulturaletan (gehienek onartzen dituzten ideien aurkako jarrera duenari heterodoxo esaten zaio).
- Euskararekiko konpromiso garbia aldarrikatzen dute.
- Euskal literatura modernizatu eta Europako korronteekin sintonizatu nahi dute.
Lehen Aldia: 1957-1969
Bi autoren ekarria nabarmenduko dugu aldi honetan: Txillardegirena eta Jon Miranderena.
José Luis Álvarez Enparantza (Txillardegi) (Donostia, 1929)
Ingeniaria eta hizkuntzalaria da ofizioz, eleberrigile, saiakeragile eta kazetari aspergaitza. Gramatikaren azterketan ere obra ezagunak ditu. Erbestealdi luzea egina da, politikaren gorabeherak medio. Hona hemen haren zenbait obra aipagarri:
- Leturiaren egunkari ezkutua (1957).
- Peru Leartzako (1960), existentzialismoan girotutako eleberria.
- Huntaz eta hartaz (1965), saiakera-artikuluz osatutako bilduma.
- Elsa Schelen (1969). Garaiko ardura filosofikoez ari den eleberria: marxismoaz, Vietnamgo gerraz, eztabaida erlijiosoaz.
- Hizkuntza eta pentsakera (1972). Saiakera; euskararen azterketa linguistikoa.
- Haizeaz bestaldetik (1988). Eleberria; existentzialismoaren inguruan ari da hemen autorea, oraingoan ikuspegi poetikoago batetik.
- Eskixu (1988). Ideologiaren ikuspegitik, autorearen eleberririk markatuena da hau.
- Putzu (1999). Eleberri historikoa, karlismoan girotua.
Leturiaren egunkari ezkutua
Obra hau bide-urratzailea da euskal eleberrien artean. Protagonista, lehen pertsonan ari den ni zalantzaz beterikoa, egin du Txillardegik. Eta horixe da obraren ekarri nagusia ere. Joxeba Leturia da euskal literaturako lehen protagonista gatazkatsua. Joxebaren eta Mirenen arteko maitasun-harremanen istorioa kontatzen du, porrotean amaitzen den istorioa. Ibilbidearen aldirik luzeena Parisen gertatzen da. Mirenekin maitemindu eta ezkontzera iristen da, baina, azkenean, Miren ere hila delarik, bere buruaz beste egiten du protagonistak. Obra, urtaroen arabera, lau partetan banatua dago: udaberrian, udan, udazkenean eta neguan. Aro bakoitzak protagonistaren barne-egoeran bere esanahia du. Mundu-ikuskera existentzialistan kokatzen da obra; bizitzaren zentzurik eta norabiderik eza azaltzen du. Obraren egitura da: norbaitek Leturiaren egunkaria jaso egin du eta hark irakurleari eskaintzen dio. Estiloaren aldetik, hiztegiaren eraberritze konplexurik gabea da.
Deskargatu
PDF Word HTMLOhiko galderak
Noiz hasten da euskal eleberri modernoa?
Testuaren arabera, euskal eleberri modernoa 1957an hasten da, Txillardegik Leturiaren egunkari ezkutua argitaratu zuenean.
Zein dira eleberri modernoaren ezaugarri nagusiak?
Lau dira: subjektibitatea, fragmentazioa, ironia eta hausnarketarako joera. Subjektibitateak munduaren ikuskera norberarena dela adierazten du, eta fragmentazioak ezinbestean zatikatua dela.
Nor da Joxeba Leturia?
Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua eleberriko protagonista da, euskal literaturako lehen protagonista gatazkatsua. Mirenekin duen maitasun-istorioa porrotean amaitzen da.
Frogatu zeure burua
Berrikuspen-txartelak
Sakatu txartel bat erantzuna ikusteko.
Testa
AA bidez dokumentutik sortutako galderak: egiaztatu erantzunak testuarekin.