Txillardegi: Euskara Batuaren Aita, Idazle eta Politikaria
Txillardegi (Jose Luis Alvarez Enparantza)
Sarrera
Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi goitizenaz ezagunagoa, Donostian jaio zen 1929ko irailaren 27an. Donostiar hizkuntzalari, idazle eta politikari nabarmena izan zen.
Euskal hizkuntzalaritzaren arloan lan egin zuen batez ere, eta irakasle izan zen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). XX. mendearen bigarren erdian Euskal Herrian eragin handienetakoa izan zuen. Haren eragina hainbat arlotan nabari da:
- Hizkuntzalaritzan: Euskara Batua sortzearen bultzatzaile nagusietako bat izan zen.
- Literaturan: Berrikuntza nabaria ekarri zuen Leturiaren egunkari ezkutua eleberriarekin.
- Politikan: Ekin eta gero ETAren sorreran parte hartu zuen, bai eta Herri Batasunarenean ere.
Bizitza
Aitak fabrika txiki bat zuen, litografiak egiten zituena. Gurasoek euskaraz jakin arren, ez zioten irakatsi: etxean entzun ez eta bere kabuz hasi zen 1948an ikasten. Frankismoa gazte-gaztetatik bizi izan zuelarik, Euskal Herriaren egoera latzaren kontzientzia hartuz joan zen, eta handik aurrera haren bizitzako ardatz izango ziren euskara eta Euskal Herria. 1954an Txillardegi ezizena erabiltzen hasi zen, bere jaiotetxearen aldameneko etxearen izena.
Bilbora joan zen Ingeniaritza ikastera eta bertan ikaskide batzuekin batera Ekin taldea sortu zuen, gerora ETA izango zenaren aurrekaria. Talde haren helburua euskal arazoetan (euskara, historia, politika...) kontzientzia eta formazioa lortzea zen; abertzaletasun klasikoarekin kritikoak ziren. Ekinekoek beste erakunde bat sortzea erabaki zuten: Euskadi Ta Askatasuna. Hain zuzen ere, ETA sigla Txillardegik berak asmatu zuen. Txillardegi ETAko zuzendaritzako parte izan zen, kultura adarrean.
1958tik 1960ra bitartean, Gipuzkoako Diputazioan euskal literatura eskolak eman zituen. 1961ean erbesteko bidea hartu zuen, lehenik Frantziara eta gero Suitzara. Atzerrian izan arren, ETAn jarraitu zuen (zuzendaritza utzi zuen arren), bai eta kulturgintzan murgilduta ere. Beste zeregin askoren artean, Baionan Euskal Idazkaritza sortu zuen beste euskaltzale batzuekin batera. 1967an ETA utzi zuen V. Biltzarraren ondoren, ildo politikoarekin bat ez zetorrelako.
1977an, behin Hegoaldera itzulita, politikagintzan murgildu eta ESB alderdiaren sortzaileetako bat izan zen. Herri Batasunaren sorreran ere parte hartu zuen eta koalizioaren izenean senatari hautatu zuten.
Bide armatua agortuta zegoela iritzita, Aralar alderdiaren sorreran parte hartu zuen. Txillardegi 2012ko urtarrilaren 14an hil zen Donostian.